Albistea

  • Azken iruzurra Europako laguntzetan COVID-19 inguruan

    2020-10-22
    Partekatu - Compartelo

    aht

    Orain ARDURA
    COVID19 – Europako Funtsa

    Duela gutxi jakin dugu Eusko Jaurlaritzak Europar Batasunaren berreraikitzeko funtsetik 2.712 milioi euro bideratu nahi dituela Abiadura Handiko Trena eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eraikitzeko. Kopuru hori datozen 4 urteetan erabiltzeko funtsaren % 26,5 da. Funts hori Europako Marshall Plan gisa iragartzen zaigu, Covid-19aren krisiari erantzun irmoa emateko, ekonomia erresilienteagoa, berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa lortzeko beharrezkoak diren aldaketetan zentratuta.

    Orain Ardurako partaide garenok uste dugu hori erabateko astakeria dela. Lehenik eta behin, azpimarratu nahi genuke informazio hori Legebiltzarrean egindako galdera batengatik atera dela argitara. Sindikatu edo eragile sozial bakar bati ere ez zaio galdetu ea non inbertitu nahiko lituzke Europar Batasunak datozen 4 urteetarako banatuko dituen 10.228 milioi euro horiek, eta 2024-2030 aldirako beste 1.375 euro gehiago izango dira.

    Europako funtsaren dirua guztiok eta gure seme-alabek datozen urteetan ordaindu beharko dugun zorraren bidez finantzatuko da. Zerga-sistema izugarri atzerakoia denez, diru-bilketa egoera ahulenean dagoen biztanleriaren bizkar gainean eroriko da. Gainera, etorkizunean murrizketa handiagoak eragingo ditu pertsona zaurgarrientzako bideratuta dauden gastu sozialetan. Arlo guztietako murrizketek aurrera jarraitzen duten bitartean, milaka eta milaka pertsona gorriak pasatzen ari direnean, egun batean bai eta hurrengoan ere bai konfinamendu berriez hitz egiten diguten bitartean… egoera zail honetan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna AHT eta beste azpiegitura handi batzuk dira, eta azpiegitura hauek ez gaituzte putzu honetatik aterako, kontrakoa ordea, putzu horretan gehiago hondoratuko gaituzte hain zuzen.

    Orain Ardura osatzen dugun sindikatuok, erakundeok eta norbanakoak lehentasunezkotzat jotzen dugu egoeraz jabetzea eta lehen lerroan jartzea AHTra bideratutako funts guztiak benetan behar diren lekuetara bideratzeko aldarrikapena, hau da, Osasuna, Enplegua, Hezkuntza eta Irakaskuntza, Pentsioak, Mendekotasuna, Etxebizitza, eta abar. Era berean, lanean jarraituko dugu Orain Ardura ekimenarekin erakunde gehiago batzeko.

    Etengabe salatzen ari garen bezala, AHT izugarri garestia da, alferrikakoa eta ez dugu behar. Natura suntsitzen du eta baliabide ekonomikoak xahutzen ditu. Azkenaldian, hainbat erakunde ofizialek, hala nola Parisko Kontuen Epaitegiak, Madrilgoak, Lisboakoak, Madrilgo Carlos III.a Institutuak eta, oraintsuago, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak eta hainbat ekonomista eta fundaziok zalantzan jarri dute haren bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa, eta baita ere hura geldiarazteko eskatu dute.

     

     

     


    Partekatu - Compartelo