Albistea

  • Eguzkik txalotu egin du Oiartzun ibaiaren arroan lotura ekologikoa hobetzeko hiru presa eraisteko proiektuen tramitazioa

    2021-08-11
    Partekatu - Compartelo

    Galtzaraberri
    Gipuzkoako Foru Aldundia uztailean hasi zen Oiartzunen, Ergoien auzoan, hiru ibai-presa (Aiendola, Txabola eta Olaetxe) eraisteko proiektuak izapidetzen. Obra horiek “Gipuzkoako Oztopoak Permeabilizatzeko 2020-2035 Plan Zuzentzailean” jasotzen dira. Plan horren arabera, datozen 15 urteetan 228 oztopo kenduko dira Gipuzkoako ibai-ekosistemetatik.
    Onartutako plangintzak aurreikusten du konektibitate ekologikoa bermatzea Gipuzkoako ibaien 600 kilometroko luzeran, non ibai-habitaten zatiketa larriak dauden; izan ere, erroten, zentral hidroelektrikoen, lantegien edo antzeko beste instalazio batzuen presek eta ubideek eragotzi egiten dute ibaien eta erreken berezko faunaren, mantenugaien eta sedimentuen goranzko eta beheranzko joan-etorriak, asko Natura 2000 Sarean babestutakoak. Eragina bereziki nabarmena da arrain-fauna migratzailean.
    Bestalde, gure taldeak galdetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako Departamentuak erantzun zigun, 2021eko maiatzaren 14ean argitaratu zela kontratatzailearen profilean Karrika auzoko Galtzaraberriko presa behin betiko eraisteko proiektuan aurreikusitako lanen kontratazioaren iragarkia.
    Azkenik, gogoratu behar da, izokin atlantikoa (2000. urtean Oiartzun ibaira itzuli zen) arriskuan dagoen espezie bat dela eta proiektu horien onura zuzena izango duela. Lan horien bidez, espezie migratzaile horren sarbidea erraztuko da Aiako Harriko Natura 2000 Sareko NPra eta KBEra.


    Partekatu - Compartelo