Albistea

  • Oreretako Ingurumen Sailaren aurrekontuen dinamika aldatzea premiazkoa da

    2022-01-10
    Partekatu - Compartelo

    IMG_20201210_171432_resized_20201213_093430991 (1)

    Orereta-Errenteriako Udaleko Ingurumeneko Aholku Batzordearen azken bileran, Sailak urte honetarako duen aurrekontuari buruzko informazioa aurkeztu zen. Adierazi zuten sailaren 2022rako aurrekontua % 5,14 handitu dela 2021arekin alderatuta, eta, aldi berean, udal aurrekontu orokorra ere, ehuneko berean igo dela. Ez dugu aurrekontu orokorra aztertuko, baina bai Ingurumenekoa, arlo horretan lan egiten baitugu guk.

     

    Sailaren aurrekontuan pixka bat gehiago sakonduz, ikusten dugu, tamalez, igoerak ez diela berdin eragiten kapitulu guztiei, Inbertsioen atala (garrantzitsuena guretzat) ez baita hazi, Sailaren atal orokorra bezala, % 5,14. Oso gutxigatik bada ere, ez da mantendu iazko kopurua, hau da, ez da handitu (-%0.08).

     

    Ingurumen Sailaren aurrekontuek ezin dute aurreko urteetako dinamika jarraitu, eta ezinbestekoa da bultzada berezia ematea. Ezin gara errealitatetik aldendu, larrialdi klimatikoko egoera batean gaude eta egoera horri erantzun proportzionala eman behar diogu. Zientzialariek aho batez adierazi dute diru-kopuru handiak bideratu behar direla klima-aldaketari aurre egiteko, eta hori erakunde guztien aurrekontuetan islatu behar da, goi-mailakoetan eta lokaletan.

     

    Zoritxarrez, 2022rako aurkezten den aurrekontu-proposamenak ez dio arazoaren tamainari erantzuten, baizik eta inbertsio atala ez da handitu aurreko urtearekin alderatuta, aurrekontu orokorra % 5,14 igo den arren.

     

    Eguzkik dei egiten die Udalean dauden ordezkari guztiei beren praktika politikoan barnera dezaten ingurumena lehentasunezko esku-hartze eremua dela, eta, ondorioz, sail horri behar duen aurrekontua eman behar zaiola bizi dugun larrialdi klimatikoko egoerari erantzuteko. Aukerak ez dira alferrik galdu behar, zoritxarrez arazo honen konponbidean atzerapen handiarekin goaz.


    Partekatu - Compartelo