Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana urratu izana propagandaz estali nahi du Foru Aldundiak
2022-10-26
Partekatu - Compartelo
Aurten ere Gipuzkoako udalei bidegorriak egiteko edo hobetzeko 500.000 euroko laguntzak emango dizkiela iragarri du Foru Aldundiaren Mugikortasun Departamentuak. Udal bakoitzak gehienez ere 100.000 euro jaso ahal izango ditu.
Eguzkiren iritziz, Departamentua etengabe itxurak egiten ari da, egingo balu bezala, baina benetan egin gabe, eta oraingo hau jarrera horren adibide berri bat baino ez da. Benetan merezi du laguntza-deialdia irakurtzea (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) konstatatzeko zer alde dagoen esaten denaren eta egiten denaren artean. Izan ere, esaten da bidegorriak, eta batik-bat Oinarrizko Udal Sarea osatzen dutenak, izugarri onuragarriak direla, baina gero, hain onuragarri den Sare hori osatzen jarraitzeko laguntza 500.000 eurora mugatzen da.
Baina Udal Sarea ez ezik Oinarrizko Foru Sarea ere bada, hau da, Aldundiaren beraren ardurapean dauden bidegorrien sarea. Bada, Foru Sareak amaituta edo amaitzear egon beharko luke. Barraskilo-abiaduran doa, ordea, eta aspalditik dago programatutako edozein epetatik kanpo. Horrela jarraituz gero, 15 edo 20 urte gehiago beharko dira OINARRIZKO Foru Sarea kasualitatez deitzen ez den hori osatzeko.
Erraparatu diezaiogun orain arte esandakoari, atalka.
PROPAGANDA “MERKEA”
Propaganda dela eta, gainera, propaganda “merkea” dela diogu 500.000 eurorekin udalek ezer gutxi egin ahal izango dutelako. Ikus ditzagun Aldundiak berak parte hartu duen azken bidegorrien kosteak:
Gipuzkoa.eus webgunetik hartutako datuekin osatutako taula.
Datu hauek kontuan izanik, ezin da esan Aldundia udalekin eskuzabal jokatzen ari dela, baldin eta benetan bidegorriak eraiki ditzaten pizgarriak eskaini nahi badiezkie, behintzat.
BETE GABEKO KONPROMISOAK
Nolanahi ere, Aldundia nahi bezain eskuzabala edo nahi bezain xuhurra izan daiteke udalekin, baina, oro gaiz, berak bidegorrien alorrean dituen konpromisoak bete egin behar ditu.
Gogoratu behar da 2013ko ekainean Batzar Nagusiek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana onartu zutela, aho batez onartu ere.
Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak. Hona hemen zerrenda bat, eta, adi, ez da zerrenda oso-oso bat:
Errenteria-Gaintxurizketa
Gaintxurizketa-Irun (Katea)
Lezo-Pasai Donibane (bukatu gabe)
Usurbil (Txikierdi)-Santuene
Usurbil-Orio
Narrondo-Zestoa (Arroabea)
Mutriku-Mutriku (Saturraran)
Errekalde-Galarreta
Lasarte_Oria-Urnieta
Urnietako zeharbidea
Urnieta-Andoain (bukatu gabe)
Andoain-Villabona (bukatu gabe)
Anoeta-Irura
Hernani-Epele
Ordizia-Zaldibia
Beasain-Idiazabal (Kotxera) (bukatu gabe)
Idiazabal (Kotxera)
Mendaro-Elgoibar (Altzola)
Bergara-Elorregi (bukatu gabe)
Bergara-Antzuola (bukatu gabe)
Leintz-Gatzaga (bukatu gabe)
Legazpi (Mirandaola)-Telleriarte
Legazpi (Telleriarte)-Brinkola
Bergara-Urretxu
Bidegorri hauek guztiek (eta beste batzuek) iaz erabiltzeko moduan behar zuten, betiere Planaren arabera, jakina. Baina, horrela jarraituz gero, garbi dago zortzi urtetan osatu behar zen OINARRIZKO Sarea osatzeko beste hamabost edo hogei urte beharko direla.
Osasun-egoerak, energia-krisialdiak eta klima-larrialdearen inguruko kontzientziak oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari ematen dioten potentzial guztia garatu ahal izateko oztoporik handiena azpiegitura-falta da. Aldundiak berak 2020an udal teknikariekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta, oro har, bizikletarekin zerikusia duten enpresekin eta elkarteekin eginiko inkestak horixe dio. Agente guztiek aldarrikatzen dute “bizikleta-bideen eta herrien arteko zerbitzuen azpiegituren sareak osatzeko eta hobetzeko beharra”.
Baina Foru Aldundiak galga emanda jarraitzen du. Trukean, propaganda eskaintzen digu.