Albistea

  • Manuri

    2022-11-26
    Partekatu - Compartelo

    ManuKuadrilla polita bildu gara gaur eguerdian Usurbilgo hilerrian Manu Aranbururi azken agurra emateko. Ekitaldi hunkigarria izan da, jakina, ederra eta… alaia izan dela esatera ere ausartuko gara, paradoxa dirudien arren.

    Argazkian ikusten duzue hilkutxa, Errepublikaren banderarekin, ikurrinarekin, eguzki antinuklearrarekin eta, noski, txapelarekin. Ondoan, bere moto “mitikoa” egon da, ekitaldian ere rol bat jokatu duena, baina hori ez da argazkian kabitu, ez honetan, behintzat.

    Musika asko eta, gainera, ondo baino hobeto interpretatuarekin batera, senideek ez ezik hainbat alorretan lanean ezagutu zuten lagun eta kamarada batzuek ere beren testigantza eman dute. Horietako bat Joxe Mari Irazusta izan da, eta baimena eskatu diogu argitaratzeko, guri bezainbeste zuri ere gustatuko zaizuelakoan. Hemen duzue…

    MANURI

    Aspaldi ezagutu gintuan Manu! Euskal herritarrok Zentral Nuklearrak behar beharrezkoak genituela eta horiek gabe ezer ez ginela izango esaten ziguten aspaldiko garai haietan. Donostiatik Usurbila etorri berria hintzenean, hire herriko saltsan murgiltzera etorri hintzenean. Hirekin ikasi nian, dakidan apurra, zentral nuklear arriskutsu horietaz. Ipurterrea izaki, ez hintzen geldirik egotekoa. Nekaezina hintzen. Gogoratzen nauk, Txernobil gora eta Txernobil behera, “joan behar diat eta joan behar diat”, baita joan ere. Bururatu  orduko egin beharra izaten huen. Horrelakoak izan hituen urte haiek. Orpoz-orpo, jende asko eta anitza elkartu gintuan antinuklear mugimenduan, bereziki Lemoizko zentralaren aurkako borrokan, gure belaunaldiari aztarna utzi zion borroka hartan. Eta zorionez, zentral nuklearrik gabe, Lemoizko zentral monstruo hura gabe ere, aurrera egin dik herri honek.

    Udalgintzan ere elkarrekin jardunak gaituk. Zenbat bilera luzeee… Sarritan, nahiko lan izaten genian hiri jarraitzen. Galtzapetik heldu behar izaten genian, hoa lasaiago Manu esanaz.

    Oria, gure erriyua eta hire kuttuna, triste somatu diat egunotan. Babesa ematen zion lagun handi baten argia itzali zaiola zirudik. Guk baino memoria hobeagoa zeukak erriyuak. Duela urte asko, hire ekimenez, bere osasunak hobera egin zian, eta gogoratu egiten duk. Zumartegi ondoan isurtzen zituzten lohi eta hondar piloak, milaka tonak, asko kaltetzen ziaten bere bizitza, eta bazekik, batez ere hiri esker lortu zela isurketa hura etetea. Baina laster poztuko dela uste diat, bertaratzen diren arrainen artean, nonbaitetik jakingo dik, hi hor habilela jolasti, ur-zale amorratua haiz eta. Zaintzaile jarraituko duk, ibaiak dauzkan oztopoak kentzeko ahaleginean laguntzen, ziur negok.

    Aurrerantzean ere saiatuko nauk hi aurkitzen, begiak erne izango dizkiat, Usurbilgo bazterrak zokomiatzen nabilenean, eta ziur, txokoren batean topo egingo diagu Manu. Jarriko dizkiagu zitak. Izango dizkiagu egonaldi gehiago oraindik. Bitartean ibili hadi igerian, pozik, eta egin hegan Manu!! Ikusi arte!!

    Joxe Mari Irazusta

    ManuAranbururenAgurra


    Partekatu - Compartelo