Albistea

  • Bost urte beranduago, Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektua onartu du Foru Aldundiak

    2023-09-26
    Partekatu - Compartelo

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

    Iturria: Noticias de Gipuzkoa

    Foru Aldundiak onartu berri du Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektua. BAZEN GARAIA!, hori da burura datorkigun lehendabiziko pentsamendua. Izan ere, zati hori 2018rako zerbitzuan egongo zela iragarri zuten. Geroztik bost urte pasatu dira eta oraindik bidegorri-zati hori eraiki egin behar da. Beraz, kasurik onenan, dena ondo bidean, atzerapena sei urte ingurukoa izango da. Ez da, ez, txalo jotzeko moduko gestioa.

    Hortik aurrera, zera konstatatzen dugu:

    1.- Gure alegazioak baztertu egin dituzte.

    2.- Urtarrilean esan ziguten lanak apirilean hasteko moduan egongo zirela, baina uztailera arte atzeratuko zituztela, Tourrari traba ez egiteko. Tourrarena atzerapen berri bat justifikatzeko aitzaikia baino ez zela esan genuen eta orain hori ageri-agerian geratu da.

    3.- Lezo eta Donibane bitartean falta den bidegorri-zatiaren proiektuaren ardura Mugikortasun Departamentutik Jasangarritasun Departamentura pasatu da, baina Aldundiak azalezko aldaketak baino gehiago egin beharko ditu baldin eta alor honetan gutxienezko sinesgarritasuna lortu nahi badu, ez baititu urteak alferrik pasatu Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana modu sistematikoan urratzen.

    Ikus dezagun puntuz puntu…

    1 Gure alegazioak baztertu egin dituzte

    Gure alegazio nagusia zen proiektatutako bidegorri-zatiaren zabalera 3 metrotik 4 metrora pasatzea. Egia esan, espero genuen Aldundiak ezetz esatea. Baina garbi gera bedi: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, oinezkoek zein txirrindulariek bi norabideetan modu intentsiboan erabili behar dituzten bidegorriek 4 metro zabal behar dituzte. Zenbat eta bidegorri estuagoa izan, gero eta erabiltzaileek elkarri traba egiteko aukera handiagoa. Istripu-aukera handiagoa eta batez ere oinezko eta txirrindularien arteko ikamikak ugaltzeko aukera handiagoa, alegia.

    2 Tourra aitzakia baino ez zen, trola bat

    Urtarrilean, Aldundiak esan zuen Lezo eta Donibane bitartean fata den bidegorri-zatia apirilean eraikitzen hasteko asmoa zuela, baina, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, lanak Tourra pasatu arte, uztailera arte, atzeratzea erabaki zuela (1). Momentu hartan bertan, Tourra atzerapen berri bat justifikatzeko aitzakia baino ez zela esan genuen (2). Eta hori orain ageri-agerian geratu da. Proiektua onartu gabe zegoen –orain arte ez da onartu– eta, beraz, lanak ez zeuden esleitzeko moduan –hain justu, orain hasiko da esleipen-prozesua–. Lanak ez zeuden ez apirilean ez uztailean hasteko moduan. Berriz ere epeak kalkulatzeko gehiegizko optimismoa? Ez, trola bat, ez baitzegoen epe horiek betetzeko aukerarik. Baina legegintzaldia bukatzen ari zen, bidegorriak pendiente jarraitzen zuen eta zerbait esan beharra zegoen.

    3 Adundiak azalezko aldaketak baino gehiago behar ditu baldin eta bidegorri-kontuetan gutxienezko sinesgarritasuna berreskuratu nahi badu

    Legegintzaldi berria hasi zenetik, bidegorrien gaineko ardurak orain arte ez bezala banatuta daude Aldundiko departamentuen artean. Adibidez, Lezo-Donibane bidegorri-zatiaren proiektuaren ardura Mugikortasun Departamentutik Jasangarritasun Departamentura pasatu da. Barne-antolaketa nola egiten duten, herritarroi bost. Baina Aldundiak azalezko aldaketak baino gehiago egin beharko ditu baldin eta bizikletaren alorrean gutxienezko sinesgarritasuna lortu nahi badu, ez baititu urteak alferrik pasatu Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana modu sistematikoan urratzen. Izan ere, askotan esan dugun bezala, Planean aurreikusitako Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Lezo eta Donibane bitartean falta den zatia horren adibide bat baino ez da. Kontuan izan Sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa, barraskilo motelaren abiaduran, gainera, eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Oraindik egin gabeko edo osatu gabeko bidegorrien zerrenda luze baino luzeagoa da… Lezo-Donibane, Errenteria-Irun, Errekalde-Hernani (Galarreta), Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Hona hemen datu ofizial ezin adierazgarriago bat: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, % 33,8. Diputazio berriak baditu, bai, bidegorri-kontuetan egunean jartzeko lana eta premia. Eta sinesgarritasun arazo latza.

    EGUZKI, 2023 irailean

    (1)                       Lezo-Donibane bidegorriak 280.000 pertsona konektatuko ditu eta segurtasunaren arloko aurrerapenak izango ditu – gipuzkoa

    (2)                       Oraingoan, Frantziako Tourra da aitzakia Lezo-Donibane bidegorria berriz atzeratzeko – Eguzki Talde Ekologista


    Partekatu - Compartelo