Nafarroako makrogranjen aurkako plataforma beldur da Valle de Odietaren aurkako prozesu judiziala ez ote den itxiko erantzukizunik argitu gabe

macrogranja-caparroso

Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak Valle de Odieta eta HTN enpresen aurkako prozesu judiziala aurkeztu du gaurprentsaurrekoan. Bi enpresa hauek Caparrosoko makrogranjarekin lotuta daude, balizko ingurumen-delitu bat dela eta. Plataformako kide diren talde eta pertsonek jakitera eman nahi izan dute instrukzio fasea amaituta, Tafallako epaitegiek erabaki behar dutela epaiketaren instrukzioarekin jarraituko duten ala ez. Plataforma beldur da auzitegiek auzia artxibatzea erabakiko ote duten.

Era berean, Plataformak Nafarroako Gobernuari Valle de Odieta-HTN makrogranjaren aurka 2021eko isuri kutsatzaileagatik irekitako auzian pertsonatzeko eskatu dio. Horrela, bere ardurapeko gune babestuen osotasuna modu eraginkorrean defenda dezan, baita nafar guztien ongizatea eta osasuna ere.

Historikoa

2021eko otsailean, Valle de Odieta eta HTN enpresek, Caparrosoko makrogranjaren atzean daudenak, kutsadura larria eragin zuten, antza denez, biometanizazio prozesuaren ondoriozko digestatuekin ustiapenetik hurbil zeuden beren jabetzako nekazaritzako lurzatiak ureztatzeagatik. Itxuraz, lur-zati horiek aspertsioz ureztatzeko pivot-ak erabili zituzten digestatoa hedatzeko, eta hau baimendua ez dagoen praktika bat da. Talde ekologistek eta Martzillako eta Caparrosoko biztanleek antzeman zuten hori, eta Aragoi ibaira egindako isurketa kutsatzaileak salatu zituzten.

Kutsadura honek isurketa handiak sortu zituen inguruko sakanetan, hondakin likidoekin ur-jauziak sortuz. Aragoi eta Arga ibaien behealdeko KBE eremu babestura ere iritsi zen kutsadura. Desagertzeko zorian dauden espezieen habitata da berau, hala nola bisoi europarra eta apoarmatu europarrarena. Bardeetako Parke Naturalari ere eragin zion, baita saguzarrak bizi ziren kobazulo bati ere..

Gertakarien larritasuna ikusirik, isuritako hondakinen nitrato kontzentrazio neurketak egin ondotik, erakunde ekologistek analisi ofizialak egiteko eskatu zieten Nafarroako Gobernuari eta Ebroko Ur Konfederazioari, makrogranjaren inguruetan uraren kalitatea aztertzeko.

Erakunde hauek Nafarroako Ingurumen Fiskaltzari ere aurkeztu zizkioten salaketak, eta hark, aurkeztutako agiriak ikusita, tramitera onartu zuen. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak esku hartu behar izan zuen fiskaltzara txostenak igortzeko. Txosten horien arabera, enpresek ez dute baimenik digestatoak ureztatzeko ur gisa erabiltzeko.

Prozedura honetan, Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Greenpeace, Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformako kideak, prozesu judizial honetan herri salaketa gisa azaldu ziren, auzibide guztien berri izateko eta isurketa kutsatzaileek eragindako inpaktuen larritasunaren aurrean erantzukizuna zeinena den ebazten saiatzeko. Zentzu honetan, “uste dugu Nafarroako Gobernua arduragabekeria onartezina erakusten ari dela. Auzian agertu ez denez, arlo publikoaren defentsarako eginkizunak alde batera uzten ari da enpresaren aurrean amore emanez, ingurumenaren babesa eta herritarren osasuna babestu beharrean”, adierazi du Lorea Floresek.

Egungo egoera

Orain dela gutxi, Tafallako Epaitegiak instrukzio fasea bukatutzat eman du, zeinetan inplikatutako enpresetako zuzendariei zenbait deklarazio hartu egin zaizkie. Nabarmendu behar da horietan guztietan ikertutako pertsonek ez dietela erantzun nahi izan herri-akusazioak egindako galderei. Hala, mugimendu ekologistari eta kaltetutako biztanleei gertaeren xehetasun garrantzitsuak ezagutzeko aukera ukatu zaie, eta informazio hau funtsezkoa izan daiteke enpresen eta zuzendarien erantzukizunak zehazteko.

“Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformako kide garen talde eta pertsonek aditzera eman nahi dugu Tafallako epaitegiek, instrukzio fasea amaitu ondoren, erabaki behar dutela epaiketa bideratzen jarraitzen duten edo ez. Eta beldur gara epaitegiek auzia artxibatzea erabakiko ote duten” adierazi du Martin Zelaiak, plataformaren bozeramaleak.

Horrek esan nahi du egindako ikerketak faltsuan itxiko liratekeela, eta zehaztu gabe geratuko litzateke 2021ean gertatu zen kutsadura larriaren erantzukizuna zeinena den. Baina, gainera, seinale kaltegarria bidaltzen ariko zitzaien tartean diren enpresei, Valle de Odietari eta HTNri, bai eta antzeko enpresei ere, aditzera ematen ahal dielako beraien ingeniaritza juridikoak eta lobby indartsu baten parte izateagatik, eragindako ingurumen kalteetan izan dezaketen erantzukizunaz libratu daitezkeela.

Aski ezaguna da Caparrosoko makrogranjak eta haren Valle de Odieta eta HTN enpresek irregulartasun-espediente zabala dutela. 2018ra arte, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 11 aldiz zigortu zuen enpresa, ustezko 39 arau-hauste eta ez-betetze egiteagatik. Hala ere, orain arteko zehapen-prozesuak administrazio-prozesuak ziren. Gaur egun hizpide dugun prozesu hau prozesu penala da, ingurumen-delitua baita, kontserbazio bereziko eremuei eragin baitie. Kasu honek, Nafarroako makrogranjen aurkako borrokan inflexio puntu garrantzitsu bat markatu dezake.

Horregatik guztiagatik, prentsaurreko honen bidez, Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformak eskaera hauek egin nahi ditu:

  1. Justizia-auzitegiei, izan daitezkeen ingurumen-delitu guztiak iker ditzaten, eta, kasu honetan, prozesu judizialarekin jarrai dezaten, egon daitezkeen erantzukizun guztiak zehaztu arte.
  2. Nafarroako Gobernuari, 2021eko isurketa kutsatzailea dela eta, Valle de Odieta-HTN makrogranjaren aurka irekitako auzian pertsonatzea erabaki dezan. Honela, bere ardurapeko espazio babestuen osotasuna eta nafar guztien ongizatea eta osasuna modu eraginkorrean defenda ditzan.
  3. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, behar diren baliabideak jarri eta neurriak har ditzan nitratoz gehiegi kutsatutako lurralde guztien egoera lehengoratzeko. Kutsadura horrek eragina du lurzoruetan, lur gaineko eta lur azpiko uretan, bai eta horietan dauden biodibertsitatean ere. Kutsadura hori, batez ere, Foru Administrazioa ezartzen eta errazten ari den nekazaritza eta abeltzaintza industrializatuaren ereduak sortzen du.
  4. Eta inplikatutako erakunde guztiei, tokikoak, autonomikoak edo estatukoak izan, nekazaritzaren industriak ezarri edo handitzeko luzamendua deklaratzeko.

Azkenik, dei egiten diegu herritarrei, antolatu eta naturguneak eta haien ingurunea defenda ditzaten. Izan ere, nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialak sortutako nitratoen eta beste kutsatzaile batzuen kutsadura zabaltzen ari da Nafarroan, eta horrek ingurumen eta gizarte ondorio larriak eragiten ditu, eta gure etorkizuna arriskuan jartzen du. Horregatik, uste dugu Valle de Odieta bezalako makrogranjetako jarduera kutsatzaile eta harrapariek eredu eta akuilu izan behar dutela mobilizazio horretarako. Beti izan da garrantzitsua ondasun naturalak kapitalaren logiken espoliaziotik eta erauzketatik defendatzea, baina gaur egungo larrialdi klimatikoaren testuinguruan, ondasun horien defentsa herritarren inplikazioaren beharra dauka. Makrogranjen aurkako Nafarroako Plataformatik lanean jarraituko dugu gure lurrak eta urak kutsatzen dituen, herrien bizi-kalitatea okerragotzen duen, animalien sufrimendu handia eragiten duen eta inguruko bizitzarekin integratu ezin den eta enpresa handiak eta inbertsio-funtsak bakarrik aberasten dituen ereduarekin amaitzeko.

Nafarroako makrogranjen aurkako Plataforma.

Belatz bat tiroz bota dute Langraizko ehiza-barrutian

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

Bere belatza Langraizko ehiza-barrutian trebatzen ari zen zetrero batek bi tiro entzun eta, handik pixka batera, hegaztia larriki zaurritua aurkitu zuen. Albaitari batek berehala atzeman zuen zauriak perdigoien ondorio zirela. Zetreroak salaketa ipini du epaitegian. Eguzkik, berriz, Fiskaltzan.

Gertatutakoaren berri xehe-xehe eman du Iker Armentiak SER irratian. Hona hemen esteka:

Disparan a un halcón de cetrería en el coto de Nanclares: “Hay una ley del silencio que cubre estos delitos medioambientales” | Actualidad | Cadena SER

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

ARGAZKIA: ANDONI DIAZ

STOP AHT ZUNDAKETAK: Mendi martxa Lakuntzan Azaroaren 11an.

MENDI MARTXA KARTELA

STOP AHT Zundaketak 

ekimena osatzen dugun taldeok azaroaren 11n antolatutako mendi martxarako deialdia egiten dugu. Goizeko 9:30ean abiatuko da martxa Lakuntzatik Arbizura, berriz ere Lakuntzara iristeko arratsaldeko 14:30ean. Bi herri hauen artean dauden 7 zundaketa puntuak ezagutzeko helburua du martxak, gure eskura iritsi den informazioa herritarrekin partekatzeko.

Lur publiko zein partikularretan egin nahi dituzten zundaketa hauekin 27 eta 209 metro arteko sakonera duten laginak lortu nahi dituzte. Gainera, orain arte jasotako informazioen arabera, zenbaitetan, zundaketa hauek modu irregularrean egin izan dituzte, legezko bermerik gabe, bidezko administrazio-prozedurak bete gabe eta kaltetuen bizkar. Berri larriak dira hauek, izan ere, zundaketen kanpaina hau AHTaren obren hasiera baita. Abiadura Handiko Trena justifikaziorik gabeko proiektu antisozial, antiekologiko eta txikitzailea da, herritarroi inolako mesederik egiten ez digun obra megalomanoa eta gastu sozial ikaragarria dakarrena.

Onartezinezko praktika horien aurrean, beharrezkoa da erne egotea. Horren aurrean, Sakanako hainbat herritan zundaketen aurkako protokoloa zabaldu dugula gogorarazki nahi dizugu. Zundaketa baten berri izanez gero, lehenik eta behin, herriko Udalarekin kontaktatzea ezinbestekoa da, aholkularitza jaso ahal izateko. Ondoren, STOP AHT Zundaketak ekimenarekin harremanetan jartzeko deia egiten dugu honako telefono zenbakian: 656711130.

Oraindik badugu zundaketak gelditzea. Orain da momentua indarrak batzekoa eta proiektu txikitzaile honen aurrean desadostasuna adieraztekoa.

DATU PRAKTIKOAK

EGUNA: Azaroaren 11, larunbata.

-IBILBIDEA: Lakuntza- Arbizu- Lakuntza.

-ABIAPUNTUA: Lakuntzako plaza, 9:30etan

-LUZERA: 10 km

-HAMAIKETAKOA: Arbizuko plazan. Nork berea. Ardoa eta zukuak, antolakuntzaren eskutik.

-JOATEKO AUTOBUSAK:

+Iruñetik: 8:10ean.

+Gasteiztik: 8:00etan.

-ITZULTZEKO AUTOBUSAK:

+Iruñera: 3:56ean

+Gasteizera: 3:40

-TREN ZERBITZUA: Ez dago, Lakuntzako geltokia duela zenbait urte zerbitzutik kanpo utzi zutelako.

Azaroaren 11n Lakuntzan elkar ikusiko dugulakoan,

STOP AHT Zundaketak Ekimena (Sakana Trenaren alde, Sustrai Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa)

ARGAZKI AEREOA