Albistea

  • Donostian: Guggenheim Urdaibai STOP HITZALDIA maiatzaren 27an

    2024-05-24
    Partekatu - Compartelo

    Maiatzak 27 astelehenean, Donostian hitzaldia emango du Guggenheim Urdaibai STOP plataformako kide Eider Gotxik, arratsaldeko 7etan Groseko Okendo Kultur Etxean. Jakina denez, Urdaibai natura- eta kultura- aberastasun handiko ingurunea da, UNESCOk 1984an Biosfera Erreserba izendatua. Orain, bi Guggenheim Museo eta horiek behar duten azpiegitura guztia eraikiz, Urdaibaiko erreserba masen turismoa erakartzeko gune bihurtu nahi dute, biosferaren bihotza okupatuz eta itzulezinak izango diren kalteak eraginez. Eta guzti hori diru publikoarekin. Hori dela eta, Urdaibaiko Guggenheim makroproiektuaren auziari buruz informatzeko hitzaldira biltzeko dei egiten dugu.

    Joan den urtarrilean, Urdaibaiko Guggenheim proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Baina egin kontu: Guggenheim Urdaibai STOP plataformak salatzen duenez, Bizkaiko Aldundia, Euskal Gobernua eta Espainiako Gobernua proiektua errealitate bihurtu asmoz azpijokoak egiten dabiltza eta Biosfera Erreserba babesten duten lege eta araudiak aldatzeko ekimenak bultzatzen ari dira. Egitasmo honekin, Urdaibaiko ondare historiko eta naturala interes pribatuen mesedetan nabarmenki ustiatzeaz gain, Busturialdeako eskualdea turismora bideratu nahi dute erabat, turisten etorrera masiboak herritarren bizi-baldintzetan eta tokiko ehun sozio-ekonomikoan eragingo lituzkeen ondorio kaltegarriak aipatu gabe. Beste hainbat lekutan eta proiektutan egin izan den bezala, kulturaz eta arteaz baliatzen dira turismoan eta ostalaritzan oinarritutako negozio pribatuak sustatzeko. Horregatik, proiektua gelditzeko borrokak jarraitzen du (informazio gehiagohttps://guggenheimurdaibaistop.info/es/)

    Hortaz, Donostia Defendatuz koordinadorak igandea 26an deitu duen manifestazioaren biharamunean, jende guztiari Guggenheim Urdaibai STOP plataformaren hitzaldira biltzeko animatu eta deialdi hau zuen inguruan zabaltzeko eskatu nahi dizuegu.

    Antolatzaileak: Satorralaia, Bizilagunekin, Haritzalde eta Ekologistak Martxan.


    Partekatu - Compartelo