Gaur arratsaldean AHTren aurkako eta aldirietako trenaren aldeko elkarretratzea egin dugu Oreretako eta Lezoko RENFEren geltokian. Hona hemen gure arrazoiak…
2016an hasi ziren Astigarraga-Irungo tartean ohizko trenbidetik AHTa igaro ahal izateko hirugarren haria ezartzeko lanak. Lehen aurrekontua 185 milioitakoa zen. Geroztik, gero eta ondorio okerragoak pairatzen ari gara: ordutegi eta trenen murrizketa, atzerapenak, bertan behera uzteak, transbordoak, matxurak…
Arazo guzti hauek bidaiariak galdu eta beste garraio motetara jotzea ekarri du. Izan ere, AHT-aren inposaketa eragin kaltegarria izaten ari da jende arruntak gure egunerokoan erabiltzen dugun aldirietako trenean.
Azken urtean egoera are eta gehiago okertu da. Hainbat eguneko erabateko etenaldiak ezarri dizkigute. Hauetan, ordezko autobusek ez dituzte tren ordutegiak betetzen, ezin da bizikletarik eraman, eta (berriro ere) ezin dugu garaiz iritsi gure eginbeharretara.
Orain artekoa gutxi balitz, ia abuztu osoan ez dugu trenik izango Hernani eta Irun artean, eta datorren urterako berdin jarraituko dugula iragarri du Espainiako Garraio Ministeritzatik Santano jaunak.
Gipuzkoan bakarrik, iada 2000 milioi xahutu dituzte AHTaren plataformaren obretan. Kontuan izan behar da elektrifikazioa, errailak jartzea edota segurtasun sistemak ez daudela kopuru horren barruan. Beste milioi mordo bat xahutzeko asmoa dute.
Gastu guzti hauei gehitu behar zaizkio Donostian eta Irunen AHT-a sar dadin egiten ari diren geltoki berriak. Gustura egongo da Santano Irungo alkate ohia. Izan are, AHTak hark bultzatutako espekulazio operatiboa ahalbidetuko du. Eneko Goia ere pozik, txikizio honek hiria turistifikatzen laguntzen duelako.
Gainera, Astigarraga eta Lezo artean, Martutene, Orereta eta Oiartzundik barrena, 500 milioiko aurrekontua duen trazaketa berri bat eraiki nahi dute, merkantzien garraiorako erabiltzeko ere. Konparaziorako, kilometro bakoitza egiteko gastatu nahi diren 50 milioiak Lezoko udalaren bost urteko aurrekontuaren parekoak dira.
Proiektu hau Gaintxurizketako plataforma logistikoarekin lotua dago. Bertan Eusko Jaurlaritzak, lezoarren borondatearen gainetik, 500 Hako lur erreserba egina du, bertako nekazaritzarako balio estrategiko handia duten lurrak eta ondare ekologikoa betirako artifizializatzeko asmoz.
Funtsean AHT-ak oso eragin kaltegarriak dakarzkigu:
-Orain eta etorkizunean denoi eragingo digun txikizio ekologikoa (gune naturalen suntsipena, CO2 isurketak, lurraldea azpiegitura erraldoiekin kolapsatzea…
Gauzak horrela, gehiegikeria hau gelditu beharra dago. Berandu gabiltza, interes ekonomiko eta politikoen ondorioz, baina orain da momentua. AHT-a geldiarazi behar da, lur eta baliabide gehiago irentsi aurretik.
AHTak aldirietako tren zerbitzua murrizten du! Gelditu AHTa!