BERRIA. Jone Arruabarrena. Gipuzkoako Natur Parkeen Egunak antolatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzaren 26tik aurrerako; asteburu bakoitzean parke batean egingo dituzte jarduerak. Herrialdean lau parke natural daude, eta lurraldearen azaleraren %15 hartzen dute: Aizkorri-Aratz, Aiako Harria, Aralar eta Pagoeta. Egun horiek natur parkeei ikusgaitasuna emateko baliatu nahi ditu aldundiak, baina «harago» joan nahi dutela adierazi zuen Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak egitasmoaren aurkezpenean: «Ingurumenaren zaintza eta lehen sektoreak garatzen duen jarduera txanpon beraren bi aldeak direla erakutsi nahi dugu: lurralde oreka berdearena». Dena dela, aldaketak eskatu dizkiote natur taldeetako kideek.
«Guri ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu parke naturalei balioa ematea, baina aldarrikapen horren atzean ez dago aldaketa esanguratsurik natur kontserbazioari begira», kexu da Aitziber Sarobe Egiguren Arkamura natur taldeko kidea (Zarautz, 1974). «Biodibertsitatea mantendu eta berreskuratzeko estrategia bat ikusi nahi dugu, guk ere egun horiek ospatu ahal izateko». Pagoeta parke naturaleko patronatuko kidea ere bada Sarobe; izan ere, natur kontserbaziora bideratutako eragile batek egon behar du natur parkeetako patronatuetan.
Gipuzkoako gainontzeko parke naturaletako patronatuetan dauden natur taldeetako ordezkariekin bildu da Sarobe, Pagoetako natur parkeko parketxean. Harekin batera, mahaiaren bueltan dira Hilario Manzanedo Gabilondo (Soraluze, 1965), Kukubaso elkarteko eta Aizkorri-Aratzeko patronatuko kidea; Edurne Huesa Otegi (Donostia, 1959), Landarlan elkarteko eta Aralar parkeko patronatuko kidea; eta Karlos Murua Roma (Errenteria, 1955), Eguzki taldeko eta Aiako Harriko patronatuko kidea. Bakoitzak natur talde batean parte hartu arren, guztiak dira Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten eta naturazaleen koordinakundeko partaide.
Txindoki, Aralarreko natur parkeko mendietako bat, 2016ko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Parkeak garrantzi bereziko leku izendatu zituzten 2009. urtean, eta, 2013an, kontserbazio bereziko guneen izendapena jaso zuten. «Izendapen hori jaso ondoren, kontserbaziorako kudeaketa eta aurrekontu plan bat aurkeztu behar zuen aldundiak sei urteko epean. Hau da, 2019rako, beranduenez. Baina oraindik zain gaude», esan du Muruak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzen saiatu da Gipuzkoako Hitza, baina ez du erantzunik jaso.
Izendapenak ematea Eusko Jaurlaritzari dagokio, baina Gipuzkoan aldundiaren ardura da parkeen kudeaketa. Natur Baliabideen Kudeaketarako Planaren arabera kudeatzen ditu aldundiak eremu horiek. Planaren sorreran modu aktiboan parte hartu zuen diputazioak, eta azken hamarkadetan planari jarraituta kudeatu ditu eremuak.
«Habitatak hobetzeko, aurrekontu osotik 3.500 euro soilik erabiltzen dituzte: hau da, %1».
HILARIO MANZANEDOKukubaso elkarteko kidea
2013an, ordea, kontserbazio bereziko guneen izendapena jasotzearekin batera, Gipuzkoako parke naturalak Europako Natura 2000 naturagune babestuen sarean sartu ziren, eta horrek Europak finkatzen zuen planari jarraitzera behartu zituen. «Hor instituzioen arteko talka bat egon zen. Aldundiak aldarrikatzen zuen Natur Baliabideen Kudeaketarako Planari jarraitu nahi ziola, Europatik zetorren plan berria aplikatu beharrean. Talka hori izan da urteetan natur kontserbazioaren aldeko politikak egitea atzeratu duena», dio Sarobek. 2022ko natura ondarea kontserbatzeari buruzko lege berriak, ordea, bi dokumentu horiek «uztartzea» ekarri du.
Biodibertsitatea ala etekinak?
Baina zer ezberdintasun dago bi planen artean? Habitaten figuraren zentraltasuna da ezberdintasun nagusietako bat. Europako legediak natur kontserbazioa habitaten arteztarauen arabera ulertzen du. Hau da, habitatak natur kontserbaziorako unitate bihurtzen dira, eta horien garrantzi ekologikoa zehazten du Europak. «Horrek guztiz aldatzen du orain arteko ikuskera kontserbazioari begira», azaldu du Sarobek. Natur taldeen aldarri historikoa izan da legedi hori aplikatzea. Izan ere, Sarobek azpimarratu du orain arte egon den aldundien kudeaketa plana «zerbitzu ekosistemikoei etekina ateratzera» bideratuta dagoela, eta ez biodibertsitatea kontserbatzera. «Kudeaketa jarduera ekonomikoetara bideratzen da: abeltzaintza, basogintza zein erabilera publikora», gehitu du Huesak.
Leze koba, Aizkorriko akuiferoaren deskarga gune bat, 2021eko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Pagoetako natur parkearentzat aurreikusitako aurrekontuen adibidea eman du Sarobek: basoak mantentzeko lanetarako 9.000 euro jarriko ditu aldundiak, larreetara 12.000 euro, eta parketxeko lorategi botanikora 85.000. Horrez gain, 250.000 euro jarriko ditu erabilera publikorako. Diru horrekin denarekin, eremu bakoitzean egingo diren lanak zehaztu ditu aldundiak, Sarobek esan duenez: «Basolanak udako garbiketak dira: basoko zuhaitz batzuk moztea eta espezie batzuk kentzea. Larreei dagokienez, aldundiak ulertzen du Pagoetako larreak zaintzea landaretza sastrakadiak kentzea dela, adibidez. Zeregin horiek nekazaritza Nekazaritza Sailaren kontuak dira, ez kontserbaziora bideratutako neurriak».
«Kontserbaziorako kudeaketa eta aurrekontu plan bat aurkeztu behar zuen aldundiak sei urteko epean. Baina oraindik zain gaude».
KARLOS MURUAEguzki taldeko kidea
«Aralarren antzekoa gertatzen da», jakinarazi du Huesa Landarlan elkarteko kideak. «Gainera, kasuren batean, sastrakak erretzea proposatzen dute. Larria iruditzen zaigu natur parke batean sua erabiltzea». Gehitu du zuhaitzak mozteko matarras teknika proposatzen dela aurrekontuetan: «Zuhaitz guztiak batera kentzeko teknika bat da. Lurzorua galtzea dakar, baita bertako fauna tokirik gabe geratzea eta lurraren higadura ere. Inon ez litzateke erabili beharko, baina natur parke batean, are gutxiago».
Lau kideek eskuartean dituzte parke bakoitzerako aldundiaren aurrekontuak. «Aurrekontua guztira 355.000 eurokoa da, eta ia guztia erabili dute ehizarako guneak jartzeko, matarrasak egiteko, sastrakak mozteko eta abeltzaintzarako. Habitatak hobetzeko, aurrekontu osotik 3.500 euro soilik erabiltzen dituzte; hau da, %1», salatu du Manzanedok.
Murua bat dator, eta gehitu du aurrekontuak ez direla erabiltzen Europatik jarritako kontserbazio helburuak betetzeko: «Orokorrean lau parkeetan gauza bera gertatzen da. Europatik datorren Aiako Harriaren kudeaketa planean, helburuen artean zegoen Aiako Harriko parkea ia bederatziehun hektareatan handitzea, baina aurtengo aurrekontuetan 1,60 hektarea handitzeko asmoa dago. Pentsa noiz iritsiko garen Europak finkatutako helburuetara…».
Horren ordez, aldundiak abeltzaintza eta basogintza bultzatzen dituela salatu du Sarobe Arkamurako kideak. «Eremu handia hartzen du abeltzaintzak, eta, gainera, eredu intentsiboa da. Alde batetik, abeltzainak daude. Bestetik, basozaleek geroz eta baso gehiago eskatzen dituzte, eta guk kontserbazio gehiago eskatzen dugu. Hor tentsio batzuk sortzen dira, baina natur kontserbazioaren ardura duenak, aldundiak, ez du kontserbazioaren aldeko apusturik egiten». Sarobek adierazi duenez, Pagoetan hiru urtean sastrakadien %80 moztu zituzten, bigantxategi baterako eta beste abeltzain batzuen jarduera bermatzeko. «Sastrakadi horretan zegoen Gipuzkoako mirotz zuriaren habia bakarrenetarikoa, eta, jakinaren gainean zeuden arren, moztu eta mirotza desagertu egin zen. Beti irabazten du jarduera produktiboak».
«Natur kontserbazioaren ardura duenak, aldundiak, ez du kontserbazioaren aldeko apusturik egiten».
AITZIBER SAROBEArkamura natur taldeko kidea
Huesak adierazi du ez daudela abeltzaintza parkeetan sartzearen aurka, baina «nola» egin ikertu beharko litzatekeela. Manzanedo bat dator: «Natur kontserbazioak lehentasuna izan behar du, eta, jarduerak badaude, horretan laguntzen dutenak izan behar dute, edo, gutxienez, kalterik egiten ez dutenak». Horrez gain, Muruak esan du Natura 2000 sarearen barruan egoteak «nahi eta nahi ez» bultzatzen duela kontserbazioa parkearen helburu nagusi izatera.
Ikerketarik ez
«Ez da ikertzen». Hori da solaskideek gehien aipatu duten esaldietako bat. «Parkeak izendatu zirenetik 30 urte pasatu dira, eta oraindik ez da ebaluazio bat egin parkeko fauna eta flora nola dagoen ikertzeko. Ikerketara bideratutako aurrekonturik ez dago», ohartarazi Huesak. Sarobek erantsi du Natura 2000 sareko txosten guztietan argi adierazten dela parkeetako habitatak «hobeto» ezaugarritu behar direla.
Parkeetako patronatuak sortu zirenean, zehaztu zuten bertako kide guztiek gutxienez urtean bi aldiz bildu behar dutela. Aldundiak dauka bileretara deitzeko ardura, eta Naturkoneko kideek deitoratu dute azken urteetan ez duela bileretara deitu ere egin. «Guk eskatu behar izan dugu legea betetzeko, eta, gutxienez, patronatuetako batzarretara deitzeko», esan du Muruak. Hala ere, Mendiak eta Naturaren Zaintzaren Departamentuak [orainLurralde Oreka Berdea izendatu duten sail hori] zuzendaritza aldatzearekin batera, «jarrera aldaketa bat» ikusten hasi dira natur taldeetako kideak, Sarobek esan duenez: «Orain arte zuzendari egon denak publikoki esan zuen ez zuela sinesten Natura 2000 sarean, eta aurreko bi legealdietan hori antzeman da. Legealdi aldaketarekin batera, zuzendaritza aldatu dute, eta zuzendari berria beste jarrera batekin etorri da».
«Parkeak izendatu zirenetik 30 urte pasatu dira, eta oraindik ez da ebaluazio bat egin parkeko fauna eta flora nola dagoen ikertzeko».
EDURNE HUESA Landarlan elkarteko kidea
Esperantzaz begiratzen diote Naturkoneko kideek legealdi aldaketari, oraindik funtsezko aldaketarik egin ez dela dioten arren. «Borondate ona adierazi dute, baina orain ikusi beharko da beteko duten edo ez. Oraingoz, aurten behin behintzat deitu dute patronatuaren bilerara», dio Muruak.