Hondakin Legeaz baliatuta, zabor-tasa %80 baino gehiago garestitzeko asmoa du Gasteizko Udalak, baina garbi dago interesatzen zaion Legearen partea baino ez duela betetzeko asmorik
2024-10-04
Partekatu - Compartelo
Zabor-tasa %80tik gora garestituko duela iragarri du Gasteizko udal-gobernuak. Alegia, astindu galanta herritarron poltsikoari, edonondik begiratuta ere (1). Igoera Hondakin Legeak behartuta dagoela argudiatu du, eta, beraz, Gasteizek ez ezik gainerako herriek ere onartu beharko dutela. Izan ere, Europako erabakien ondorio den Lege horrek agintzen du hemendik aurrera hiri-hondakinen kudeaketa oso-osorik tasen bidez finantzatu behar dela, eta ezingo duela defizitarioa izan, orain arte bezala. Eta hori egia da, baina egiaren erdia bakarrik. Egiaren beste erdia, berriz, udal-gobernuak esan ez dituenetan datza. Eta, dakigun bezala, erdizka esandako egiak… ez dira benetako egiak.
Zer da, bada, udal-gobernuak esan ez duena? Bada, ez du esan zabor-tasa igotzea agintzen duen Hondakin Lege horrexek berak, 2025erako, gutxienez hiri-hondakinen %55 gaika biltzeko ere agintzen duela (2). Eta gaur egun zenbat biltzen du Gasteizek gaika? %39 baino gutxiago.
Garbi dago Gasteizko Udalak orain dela urte asko hartu behar zituela neurriak oinarri-oinarrizko asuntu honetan. Ez du hartu, ordea. Zergatik? Beharbada Gardelegiko zabortegia hortxe dagoelako, Gasteizo mendietan, eta beti den-dena hara eramateko aukera erraz gisa ikusi duelako (nahiz eta gero batzuei lotsa ematen omen dien Gardelegiko auzokoak edo herrikoak direla eatea). Beharbada hondakinak beti baliorik gabeko zerbait gisa ikusi dituelako, paretik kendu behar den zerbait gisa, eta ez kudeaketa proaktiboa eskatzen duen kontu garrantzitsu gisa; kopurua jaisteko, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta behar bezala tratatu behar den kontu garrantzitsu gisa. Beharbada Green Capital-eko istorio honetan itxurakeria asko dagoelako. Beharbada… Tira, hortxe utziko dugu.
Puntu honetara iritsita, litekeena da irakurleren batek bere buruari zera galdetzea: “Kontxo, Legea betetzeko tasak %80 baino gehiago igotzen badituzte, %55eko helburua betetzeko plan bat ere izango dute; beharbada ez 2025ean, dagoeneko astirik ez dago-eta, baina bai 2026an… edo, behintzat, arrozoizko epe batean, ezta?”. Bada, ez, joan den uztailean salatu genuen bezala (3). Uztailean, Pascual Borja Garbiketa zinegotziak esan zuen neurriak hartuko dituela, zehatz-mehatz, hondakin guztiak nahastuta biltzen dituen edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murriztuko dituela, baina “ez 2026ko urria baino lehen”. Alegia, Udalak Legea 2025ean ez ezik 2026an ere urratuko du, behintzat. Eta “behintzat” diogu, zeren eta edukiontzi grisa irekitzeko aukerak murrizteak ez baitu %55eko helburua automatikoki bermatzen. Beraz, 2027an eta are 2028an, Udala oraindik ibiliko da bueltaka %55 lortzeko. Noiz eta pentsatzen hasi beharko lukeen %60 lortzeko neurri osagarrietan. Izan ere, Legeak 2025erako %55 aurreikusten du, baina 2030erako %60. Helburuak pilatuko zaizkio Gasteizko Udalari.
Hondakin Legean, hitzaurretik beretik, argi eta garbi geratzen da helburua dela hondakinak murriztea eta dituzten ondorio kaltegarriak ahal den modurik onenean kudeatzea, bereziki giza osasuna eta ingurumena babesteko, baita ekonomia zirkular eta karbono gutxiko bidean aurrera egiteko ere. Beraz, hori da helburua, eta helburu orokor hori, 2025rako, %55eko gaikako bilketan zehaztuta dago. Tasa-politika helburua lortzeko tresna bat baino ez da, Legeak aurreikusten dituen beste tresna batzuk bezala. Gasteizko udal-gobernuak, ordea, tresna baliatu nahi du, helburua ahaztuta.
Gauzak horrela, tasak %80 baino gehiagoigotzea, Legea betetzeko aitzakian, baina aldi berean Lege horrexek berak ezartzen duen %55eko helburua urratzea –are gehiago urratze hori arrozoizko epe batean zuzentzeko inolako bide-orririk ez dagoenean– sekulako iruzurra iruditzen zaigu. Iruzurra Legeari, herritarroi eta, jakina, ingurumenari. Udal-gobernuak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian edo komeni zaion atalean soilik.Ezin da tarifazoa disoziatu Legearen helburua ahal den eperik laburrenean betetzeko konpromiso irmotik.
Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute inolako sinesgarritasunik. Itxurakeria baino ez dira.
EGUZKI, 2024ko urrian
(1) Egia da Gasteizko gaur egungo zabor-tasak, beste hiri eta herrietakoekin alderatuta, merkeak direla. Egia da zerbitzua tasen bidez finantzatzen ez bada, beste beharretatik desbideratutako diru publikoz finantzatzen jarraitu beharko dela (orain arte zerbitzuaren %40 baino gehiago horrela finantzatu omen da!). Egia da udal-gobernuak, tasaren igoera leuntzeko, pertsona zaurgarrientzako zein birziklatzean parte hartzen dutenentzako hobariak iragarri dituela. Nolanahi ere eta edonondik begiratuta, %80 baino gehiagoko igoera astindu galanta da herritarron poltsikoari. Are gehiago baldin eta, testu honetan azaltzen dugun bezala, astindu hori disoziatzen bada igoera ahalbidetzen duen Legeak berak ezartzen dituen helburuetatik
(2) Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten ditu. Besteak beste, honela dio:
Artículo 26. Objetivos de preparación para la reutilización, reciclado y valorización (…)
c) Para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso…
d) Para 2030, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 60% en peso…
e) Para 2035, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 65% en peso…
Egia esan, Legeak aipatzen duen “berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestakuntza” gaikako bilketa hutsa baino zorrotzagoa da (gainera, Legeak beste gauza asko ere esaten ditu, hala nola, 2010eko hondakin kopuru globala 2055erako %13 eta 2030rako %15 murriztu beharko dela edota sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezarri behar direla). Hala ere, Gasteizek gaur egun gaika biltzen duenaren eta %55eko helburuaren arteko diferentzia hain da handia eta adierazgarria ezen une honetan ez duen merezi xehetasun haundiagoetan sartzea. Edo Legearen helburuak betetzeko bide-orri irmoa ezartzen den edo tarifazoa onartzen duten indarrek iruzur egingo diete herritarrei eta, noski, Legeari berari.
Bestalde, erreparatu: %55 ez da helmuga, eskailera bateko lehenengo maila baizik.