Albistea

  • JAURLARITZA, NATURA LEHENERATU ORAIN

    2024-10-10
    Partekatu - Compartelo

    NATURA LEHENERATZEKO LEGEA

    LEY DE RESTAURACIÓN DE LA NATURALEZA

    Testuingurua

    EKOLOGISTAK MARTXAN

    Adostasun zientifiko zabala dago biodibertsitatearen galera-prozesu kezkagarri baten aurrean gaudela eta horrek, mundu mailan, espezieak masiboki desagertzeaz gain, Lur planetan bizi garen espezie guztiontzat funtsezkoak diren ekosistema-prozesuen hondatze oso larria ere badakarrela. Egoera horren aurrean, Aniztasun Biologikoaren Hitzarmenean hainbat saiakera egin dira egoera hori eragiten ari den garapen-eta kontsumo-eredua geldiarazteko akordioak lortze aldera. Hainbat urteko atzerapenaren ondoren, Hitzarmenaren 15. Mundu Konferentziaren amaieran, 2022ko abenduan “Kunming-Montreal Biodibertsitatearen Munduko Esparrua” onartu  zen

    (https://www.miteco.gob.es/es/biodiversidad/temas/conservacion-de-la-biodiversidad/conservacion-de-la-la-biodiversidad-en-el-mundo/cb_mundo_kumming_montreal.html). Akordio hori, negoziazioetan konpromiso garrantzitsuak utzi baziren ere, izaki bizidun guztientzako aukera historikoa da; baina hori guztia, benetan, administrazioek, oro har, 2030ean biodibertsitatearen galera geldiarazteko eta 2050erako naturarekin harmonian bizitzeko helburua betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzearen mende dago.

    Akordio horrek aurre egiten die biodibertsitatearen mehatxu handiei, hala nola: naturguneen babesa, enpresa handien kontrola, biodibertsitaterako pizgarri makurretan jarduteko beharra aitortzea, herri indigenen eta tokiko komunitateen onarpena, biodibertsitateari egindako mehatxu zuzenak kontuan hartzea eta natura lehengoratzearen nahitaezko premia.

    Akordio horren ildotik, Europar Batasunak jada onartua zuen “Biodibertsitateari buruzko EBren estrategia. Natura gure bizitzetan barneratzea” izenburupean, Europako Parlamentuaren eta Natura Leheneratzeari buruzko Kontseiluaren Araudia onartu zuen aurten bertan, negoziazio luze eta konplexu baten ondoren.

    Manifestu hau sinatu dugun, eta atxikimendua erakutsi duten erakundeok uste dugu Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman behar diola “Kunming-Montrealgo Biodibertsitatearen Munduko Esparrua”ri eta, bereziki, EBko Natura Leheneratzeko Araudia betetzeko aparteko neurriak hartzeari, Trantsizio Ekologikorako Ministerioa eta Espainiako Estatuko Erronka Demografikoa prestatzen ari den Lehengoratze Plan Nazionala onartu arte itxaron gabe.

    Behean sinatzen dugun taldeok eta atxikimendua erakutsi dutenek honako puntu hauek galdegiten dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:

     

    Egurra eta kandela, baserritar ekintza

    Agroekologia –baserritarrenak eta birsortzaileak diren tekniken bitartez garatuta– lurraldean nekazaritza eta abeltzaintzako aktibitateak bultzatzen dituen elikagaien ekoizpen sistema da. Bere baitan biltzen du denboran zehar mantentzen den lurralde bakoitzaren baliabide naturalen zein naturalizatuen kudeaketa.

    Beraz, agroekologia ez da ekoizpen sistema soila; baizik eta agroekologiak kontserbatzen eta birsortzen ditu tokiko baliabideak –lurra, ura, larreak, basoak…– eta aldi berean baliatzen ditu.

    Kontserbazioa-Birsorkuntza-Aprobetxamendua

    Hori dela eta, beste edozein ekoizpen eredu baino hobeto egokitzen da Natura Lehengoratzeko Legera. Neurri berean, oso argi dugu legeak ekosistema osasuntsuak, bioanitzak eta erresilenteak exijitzen dituela, eta lursail kaltetuen leheneratzea agintzen duela egungo produkzio sistema intentsibotik nekazaritza eta abeltzaintza ekologikorantz urratsak zehaztuz.

     

    EGUZKI

    Kutsadura, neurriz gaineko arrantza eta kostaldearen artifizializazioa dira Euskal Herriko itsas ingurunearen arazo kronikoak. Horiei gehitu behar zaizkie proiektu energetiko eta urpeko meatzaritzatik erator daitezkeenak, klima-krisialdiaren ondorioak gero eta nabariagoak diren testuinguru batean.

    Gauzak horrela, Natura Leheneratzeko Araudia albiste ona da, tresna eraginkorra izan baitaiteke egoerari buelta ematen laguntzeko. Alabaina:

    Ekosistemak leheneratzea behar-beharrezkoa da, noski, baina oinarrizkoena da ekosistemak degradatzen edo are suntsitzen ez jarraitzea. Gaur egun, berriz, babestuta daudenak ere ez dira mehatxuetatik libre, eta, tamalez, Jaurlaritza bera dago mehatxu nagusi horietako baten atzean. Horra hor Urdaibaiko Guggenheim proiektua.

    Orain arte natura leheneratzeko proiektu gehiago gauzatu ez badira, ez da izan lege edo araudi baten falta zelako. Horra, adibidez, Lemoizko zentral nuklearra (35 Ha) eta bere inguru guztia (145 Ha). Leheneratzeko aukera eta are premia ere begi-bistakoa da. Jaurlaritzak, ordea, ez du ezer ere egin, hura guztia 2019tik haren esku dagoen arren. Txingudiko Plana onartu zenetik, berriz, hogeita hamar urte pasatu dira, eta oraindik bete gabe jarraitzen du.

     

    DENON BERDEGUNEAK

    Denon Berdeguneak-etik, balorazio positiboa egiten dugu gure ekosistemak, zuhaitzak eta berdeguneak berreskuratzeko eta babesteko ekimenak, Natura historikoki baztertu izan den hiri eremuetan. Hala ere, 2024ko Natura Berreskuratzeko legeak hutsuneak ditu eta horrek bere eraginkortasuna zalantzan jartzen du. Hasierako zirriborroko helburu neurgarriak eskakizun lausoekin ordezkatu dira, eta horrek zaildu egiten du aurrerapenaren jarraipena egitea. Gainera, salagarriak dira berdegune ugari dituzten hiri-eremuetarako salbuespenek eta “interes publiko handiagoko proiektua” kontzeptuaren sarrerak, horrek proiektu ekonomikoak ingurumenaren kontserbazioaren gainetik lehenetsi baititzake. Epeak ere gehiegi zabaltzen dira, eta legeak ez du mekanismo argirik herritarren parte-hartze eraginkorra bermatzeko.

    Helburu zehatzak berrezartzea proposatzen dugu, hala nola, 2035erako hiri-berdeguneetan %3ko hazkundea eta 2050erako %5ekoa, eta 2050erako hirietan eta inguruko eremuetan gutxienez %10eko zuhaizti-estaldura bermatzea, salbuespenak kentzea, epeak laburtzea, herritarren parte-hartzea indartzea eta zuhaitzen landaketa zehaztea. Gainera, EAEko Hiriko zuhaitz eta Berdeguneen Lege bat sortzea eta horiek betearazteko udal-ordenantzak  eskatzen ditugu.

    Legea hobetu eta indartzea eskatzen dugu, egungo ingurumen erronkei aurre egiteko gai izan dadin, eta erregelamendua betetzen ez duten hiriak eta herriak zigortzea.

     

    BASO BIZIAK PLATAFORMA

    Basoei dagokionez ondorengo hauek azpimarratu nahi ditugu:

    Jaurlaritzak errespetatu behar ditu katalogoetan izendatuta dauden era guztietako berdeguneak, bioaniztasunaren kontrako inongo interbentziorik baimendu gabe, kontrol publikorik gabeko onura pribatuak baztertuz.

    Trantsizio energetikoak trantsizio ekologikoa kontuan hartu behar du ezinbestean, ez alderantziz.

    Era guztietako arborizidioak gelditu eta debekatu behar dira, bai hirietan baita mendietan ere. Arborizidiotzat jotzen dugu, baita ere, monolaborantza bera eta, bereziki, eukaliptoaren landaketa, izan ere ekosistemak eta bioaniztasuna degradatzen dute nabarmen. Espezie exotiko inbaditzaile gisa izendatu behar dute eukaliptoa.

    Monolaborantzak utzitako lursail degradatuen %20 leheneratu behar dira 2030 baino lehen, legeak dioen bezala.

    Baso politikak ezin du jarraitu soilik irizpide produktiboen menpe, zientzia, bioaniztasuna eta leheneratze legea izan behar ditu  ardatz.

     

    Dokumentu egileak: (alfabetikoki)

    Baso Biziak Plataforma, Denon Berdeguneak,  Egurra eta Kandela baserritar ekintza,  Eguzki,  Ekologistak Martxan.

    Atxikitu direnak:( Atxikimendu ordenaren arabera)

    Greenpeace, Naturkon, Lurgaia, Seo Birdlife Euskadi, Sustraiak Habitat Design, Ehko, Besaia, Butroi Bizirik, Guggenheim Urdaibai stop, Herri Bideak Kate Barik, Ondarroa 12 Milia, Fridays For Future Bilbao, Etxalde, Biolur, Errez, Sukar Horia, AHT Gelditu Nafarroa, Sagarrak Ekologista Taldea, Erandio Herriko Elkartea, Donostialdeko eta Oarsoko AHTrik ez Taldea, Arabako Mendiak Aske, Araba Bizirik.

    Euskal Herria, 2024ko urriaren 9an, Donostian


    Partekatu - Compartelo