Albistea

  • Ezkiotik edo Gasteiztik, txikizioa aukeran

    2024-10-13
    Partekatu - Compartelo

    Abiadura“Handiko”Trenaren lanak duela hemezortzi urte hasi ziren. Ezkeroztik  mendi andana zulatu,  lur mugimendu itzelak egin, errekak desbideratu eta akuiferoak desagertarazi dituzte ,  besteak beste. Euskal Herrian. Bailara batzuk hondakindegiak bihurtu eta beste batzuk    porlanez estali dituzte.  Lur emankorra basamortu bilakatu dute. Eta…non dago iragarritako trena? Non?   Obrak eta txikizioa  besterik ez daude. Lanak bukatu dituztela dioten zatietan azpiegitura besterik ez dago egina. Beste zatietan ezta hori ere. Gainegitura, elektrifikazioa eta katenaria falta dira.. Bilbo, Gasteiz eta Donostia edota Iruñako  geltokiak ez daude eginak. Bergarako lotunea edota Campanas Y-gerkoaren tarteak  egitasmoa da oraindik etabar.  Duela hamarkada bat bukatu zituzten tunelak eta zubibideak   zaharkitzen ari dira. Hau al da abiadura handia?   Zer gehiago gaude onartzeko prest aurrerapenaren izenean tamainako  gezurra sinestarazi nahi digutenen partetik?

    4.000 milioi euro baino gehiago xahutu dituzte jadanik hemezortzi urte hauetan. Bitartean,  etxebizitzak gero eta garestiago daudenez, zailagoa da etxebizitza duin izateko eskubidea bermatzea. Bizitzeko ezinbestekoak diren elikagaiak,  gero eta garestiago. Lanpostu gehienak prekarietateak igurtzen ditu.    Kalean bizi den jendearen kopurua gero eta handiagoa da. Hobetu al du aipatu diru kopuruak  gehiengoen bizi kalitatea edo alderantziz?  Osasunan eta hezkuntzan egin diren murrizketak AHTan orain arte sartu den diru kopuruaren baliokideak dira. Beraz, non dago hobekuntza? Behin eta berriro esan digute AHTak etorkizun hobeago bat ekarriko digula.   Baina, gure  oraina izorratzen ari baldin badira,  zergatik sinestu etorkizuna hobea izango dela AHTa behin amaituta?

    Hasteko, ez dakigu inoiz bukatuko duten. Orain emandako epeak ez dituzte bete (2011, 2014, 2017…) Nola jakin 2030koa egiazkoa den? Eta bukatuko balute zer geldituko litzaieke datozen belaunaldiei? Lurra txikituta eta izugarrizko zorra.  Ederra ondarea! Ezin dugu ahaztu langileok gure zergekin ordaintzen ari garela handimandien nahikariazko trenaren kostoaren  zati bat. Gainontzekoak zorpetzen gaitu gu eta ondorengoak. Gainera krisi ekosozial larrian gaude murgilduta eta AHTaz gain hainbat garraio, mehatze eta energia egitasmoak ere, (batzuk berdez mozorrotuta)  mehatxatzen dute gure lurra. Eta lurraldea txikituta badago, nola garatu zezaketen gezteek bizitza duina bermatuko dien egitasmorik?

    Azken aste hauetan, Ezkio ala Gasteiz sasi eztabaidak  izugarrizko oihartzuna lortu du komunikabideetan.  Hona hemen bi aukera: zulatuko dugu Aralar edo josiko dugu Sakana zubibideez eta tunelez?   Baina eliteen arteko “liskar” honekin zera ezkutatu nahi dute: herri honek ez diola inoiz onespenik eman AHTari. Kaltetutako udalherriek kontsultak burutu zituzten eta jendeak EZ esan zuen. Erresistentzia handia egon zen egitasmoaren aurka, eta azkenean indarrez inposatu ziguten . Oraingo lanak inposaketa horren jarraipena besterik ez dira. Zer da bada Ezkiotik edo Gasteiztik igaro behar duena txikizio besterik ez badago?

    Ezkio ala Gasteiz hautatzeko txosten “tekniko” aren zai omen daude, planifikazio arduratsu eta eraginkorraren itxurak eginez, AHTaren eraikuntzaren atzean  dagoen erabaki politiko interesatua ezkutatu nahian. Orain arte, AHTari buruz egin diren azterketa eta ebaluazioek (EHU, Espainako eta Europako Kontu Auzitegiak, Airef) AHTa ez eraikitzeko aholkatu  dute, besteak beste, ingurugiroari zein alor sozio ekonomikoari  dakarzkien   kalte sakonak agerian utziz. Baina agintariek muzin egin diete eta aurrera egin dute, gu guztiak amildegira bideratzen. Ez dute hobeto jadanik eginda dauden  txosten teknikoak behingoz betetzea eta lanak bertan behera uztea?

    AHTaren km batek balio duenarekin, adibidez, urte batez 750 irakasle kontratatu, 42.721 ikasleri otorduak eman, 7.377 pentsio duin ordaindu edo egoitzetako 1.600 langile kontratatu ahalko lirateke.  Ze beste datu beharko genuke aurrera jarraitzea erokeria dela ohartzeko?

    Ez gaitezen engaina: AHTa ez da iritsi eta agian ez da inoiz iritsiko. Baina txikizioak eta diru xahuketak bere horretan darraite. Noiz arte? Ez al da garaia hondeamakinak geldiarazteko gure mendiak zulatzeari utz diezaioten?  Guk ozenki esaten dugu: ez Ezkiotik ez Gasteiztik!  AHTaren lanak berehala bertan behera gelditu behar dituzte. Dugun etorkizun bakarra lurra delako.  Eztabaida faltsuei entzungor eginez, entzun dezagun lurraren taupada eta bat egin dezagun berarekin!


    Partekatu - Compartelo