Gipuzkoako Aldundia, azkenik, Marrutxipiko pantaila akustikoak egokitzen hasi da, hegaztiek talka egin ez dezaten
2024-10-22
Partekatu - Compartelo
Gaur ateratako argazkia. Lehen lerroa, pantaila zeharo gardena; atzean, berriz, pantaila tuneatua.
Aldundia egokitzen hasi da, azkenik, Marrutxipiko lotune berrian zarata apaltzeko ezarri dituen pantailak, hegaztiek pantaila horiek oztopo bat direla garbi ikus dezaten eta, ondorioz, talka egin ez dezaten.
Abuztuaren hasieran hasi ziren pantailak jartzen, eta naturzaleen artean berehala piztu zuten kezka, gehienbat sareetan islatu zena. Izan ere, pantailak, gaur arte, erabat gardenak izan dira, eta kristal gardenak zein ingurua ispilu baten moduan islatzen dutenak hegaztientzako tranpa hilgarriak dira.
Ez da inolaz ere arazo anekdotikoa, biodibertsitate-arazo larria baizik, eta Aldundiak badu horretaz kontziente izateko arrazoirik. Izan ere, basafauna berreskuratzeko Basabizi zentroak orain dela egun batzuk jakinarazi duenez, artatzen dituen animalia gehienak kristalen edo eraikinen kontra talka egindako hegaztiak dira.
Marrutxipiko kasuan, naturzaleen kezka guztiz justifikatuta zegoen, oso pantaila luze-zabalak izateaz gain, zati gehienean bi pantaila paraleloan jarrita daudelako, hau da, zati gehienean hesia bikoitza delako.
Pantaila luzeak eta altuak dira, eta gainera elkarren paraleloan jarrita dago, hesia bikoiztuz
Gauzak horrela, irailaren hasieran, Bide Azpiegituretako Departamentura jo zuen Eguzkik, azalpen eske. Erantzuna handik egun batzuetara iritsi zen: Departamentuak pantaila gardenak “laster” binilozko irudi geometrikoekin tuneatzeko asmoa zuela iragarri zuen. (Gaur egun, irudi geometrikoak eraginkorragoak omen dira kristal askotan ikus daitezkeen hegaztien zilueta beltzak baino.)
Baina egunak aurrera joan dira, Marrutxipiko lotunea bera orain dela egun batzuk ireki zen, eta pantailek, berriz, hasieran bezain gardenak izaten jarraitu dute. Gaur arte.
Errepikatuko dugu: kristal gardenak eta ingurunea ispilu baten moduan islatzen dutenak hegaztientzako mehatxu garrantzitsu kontsideratzen dira mundo osoan (ikus Aves y cristales – SEO/BirdLife). Horregatik, Eguzkik Marrutxipiko kasu hau aprobetxatu nahi du jabe pribatu zein herri-erakundeei neurriak har ditzatela eskatzeko. Tamalez, arazoa identifikatu zenetik urteak igaro diren arren, oraindik hamaika dira egokitu gabeko kristalezko fatxadak eta era guztietako egiturak. Are gehiago, jarraitzen dute ugaltzen arazoari bizkar emanda egindako eraikin, markesina, igogailu, baranda eta abarrek.