Albistea

  • 2024: balantze eskasa saneamenduaren arloan

    2025-01-09
    Partekatu - Compartelo

    Pasai Donibaneko saneamendua errebindikatzeko Eguzkiren kartel bat.

    Amaitu da 2024. urtea, eta Pasaiako badiako eta Oiartzungo itsasadarreko puntu desberdinetako isurketen gaia zein egoeratan dagoen aztertu beharrra dago. Besteak beste, Eguzkik aktiboki esku hartu du horietan, horiek konpontzeko eta araudia betetzeko eskatuz.

    Pasai Donibaneko alde zaharreko isuriak: Toki honetako saneamendua urteetan zehar aldarrikatzen ari garen azpiegitura da, bai bizilagunak bai gure kolektiboak, hondakin-urak badiara (eremu sentikor izendatua) zuzenean ez isurtzeko, eta, beraz, aplikatu beharreko araudia betetzeko. Gaur egun, eta eremu horretan saneamendua gauzatzeak (1991ko Zuzentaraua eta 1995eko Lege Dekretua) daraman atzerapen luze eta azalezinaren barruan, 1. fasearen proiektua daukagu (Bonanza pasealekua-Santiago Plaza), 2022ko irailean idatzia eta 2023ko apirilean GAOn onartua eta argitaratua, 7 hilabeteko egikaritze-epearekin. Hamabost hilabete geroago (2024ko abendua), 7 hilabetetan egin beharreko obra hori oraindik ez da hasi.

    Altamira auzoko isurketak (Lezo): Eusko Jaurlaritzak 70eko hamarkadan sustatutako auzo honetako saneamendua sare unitario bidez garatu zen (ur beltzak eta euri-urak batera), eta isurketa zuzenean Oiartzun itsasadarrera bideratu zen. Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzeko hosi biltzailea desbideratzeko lanekin, auzo horretako hondakin-urak biltzeko lotura bat aurreikusi da. Kontua da auzoko saneamendu-sare bereizlea egin arte, badirudi hondakin-urak zuzenean itsasadarrera isurtzen jarraituko direla eta araudia modu kontzientean urratzen. Noiz arte ez-betetze hori, galdetzen diogu geure buruari.

    Iztieta auzoaren aurreko eraikinen isurketak (Lezo): Iztieta auzoaren parean dauden eraikin horiek (zerbitzuetako bat eta bi bizitegitarako), itsasadarraren eta Jaizkibel etorbidearen artean daudenak, zuzenean isurtzen dituzte itsasadarrera hondakin-urak. 2020an, Eguzkik egoera hori konpontzeko, alegia, saneamendu hori sare nagusira lotzeko eskatu zien administrazioei,  eta une horretan gure eskaerak oihartzun handirik izan ez zuen arren, azkenean, 2024an, lehen aipatutako desbideratze-proiektuaren barruan, isurketa horiek sare nagusira lotu dira. Denboran luzatu bada ere, ospatzeko arrazoia da.

    Laburpen gisa, eta azken puntuan aipatu dugun isurketa alde batera utzita, saneamenduaren arloan administrazioek gure eskualdean daramaten jarduera oso eskasa da; izan ere, ikusten denez, eroso dago aplikatu beharreko araudia eta saneamendu-sarea osatzea eta hobetzea estrategikotzat jotzen dituzten euren politikak modu kontzientean ez betetzean.


    Partekatu - Compartelo