Albistea

  • Lasarte-Orian, errefuxako ontzi gehien-gehienak, 5etik 4, irekita daude; beraz, sistema ez da funtzionatzen ari

    2025-01-16
    Partekatu - Compartelo

    Ontzian bertan adierazten denez, garbi dago itxita egon behar dutela, baina…

    – Udalak irailerako agindu zuen baina oraindik egin ez duen sistemaren ebaluazioa lehenbailehen egiteko eskatu du Aire Garbiak, zuzendu beharrekoak lehenbailehen ere zuzendu ahal izateko.
    – Udalak azken bi urteotan zabor-tasa %30 eta %50 garestitu du, hurrenez hurren, baina hondakinen kudeaketa ezin du horretara mugatu, gaikako bilketan ere, legez, minimo batzuk bete egin behar dituelako.

    Teorian, Lasarte-Orian etxeko hondakinak botatzeko ontzi grisak, “errefuxakoak”, itxita daude, eta txartelaz bakarrik ireki daitezke. Praktikan, ordea, gehien-gehienak irekita daude, zehatz-mehatz, 5etik 4, egiaztatu ahal izan dugunaren arabera. Izan ere, bagenuen gehienak irekita zeuden susmoa, baina susmoak susmo baino ez dira. Horregatik, lehengoan ontziz ontzi ibili ginen. Guztira, 35 bisitatu genituen, eta hona hemen datuak: 28 irekita eta 7 itxita aurkitu genituen. Hau da, 5etik 4 irekita daude, arestian esan bezala. Oso oker ez bagaude, herrian, guztira, horrelako 70 ontzi daude; beraz, 35eko lagina adierazgarri baino adierazgarriagoa da.

    Gauzak horrela, kontua ez da Udalak joan den martxoan indarrean jarri zuen sistema hobetoxeago o okerxeago kudeatu daitekeela, baizik eta sistema hori ez dela funtzionatzen ari. Bestela esanda: Lasarte-Orian giltzatutako ontzi grisetan oinarritutako bilketa-sistema dagoela esatea ez da egia.

    Martxoan, ontzi grisak giltzatu zituztenean, alkateak iragarri zuen irailean sistema ebaluatuko zutela. Baina iraila pasa eta hiru hilabete luze geroago, oraindik ez dago agindutako ebaluazioaren zantzurik. Horregatik, Aire Garbia plataformatik ebaluazioa lehenbailehen egiteko eskatzen dugu, zuzendu beharrekoa lehenbailehen ere zuzendu ahal izateko.

    Hondakin Lege berriaren anparoan, Udalak zabor-tasa %30 garestitu zuen 2024an, eta %50 2025ean. Bada, tasak garestitzea ahalbidetzen duen Hondakin Lege horrexek berak etxeko hondakinen gaikako bilketan minimo batzuk ere exijitzen ditu. Udalak ezin du Legea bete komeni zaion neurrian soilik.


    Partekatu - Compartelo