Albistea

  • Eguzkik Aieriko padurak leheneratzea erreibindikatu du Hezeguneen Nazioarteko Egunean

    2025-02-05
    Partekatu - Compartelo

    Joan den igandean, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna “ospatu” genuen. Zorionez, Ondarroan badugu bat, Aieriko padurak deitzen duguna, eta, zoritxarrez, Euskal Herriko kostaldeko hezegune degradatuenetako bat da.

    Ekologista garen aldetik, ez dugu nazioarteko egun bat behar Aieriz gogoratzeko, baina, tira, aprobetxatuko dugu aukera erreibindikatzeko, ez hainbeste Aieri gaur egun zer den, baizik eta zer izan zen eta batez ere epe laburrean zer izan daitekeen.

    Oraingoan ez dugu nabarmenduko Aierik landare, anfibio edo hegaztietan duen aberastasuna, ezta Europa mailako Babes Bereziko Eremu bat dela edota bisoi europarraren biziraupenean duen garrantzia ere. Oraingoan, klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko padurek duten funtzioa nabarmendu nahi dugu…

    Ikerketa zientifikoen arabera, mende honen bukaeran itsasoaren batez besteko mailak metro erdi bat gora egin dezake. Horren ondorioak leuntzeko tresnarik onenetakoak hezeguneak dira; gure kasuan, Aieri. Izan ere, uholdeak saihesteko edo, behintzat, arintzeko aukera ematen dute, ura biltegiratu eta korrontearen abiadura murrizten baitute. Azken batean, euste-horma gisa funtzionatzen dute. Gainera, Aieri, gainerako hezeguneak bezala, karbono-biltegi (hustubide) garrantzitsua da. Mundu mailan, hezeguneek karbonoaren % 40 ere bere egin dezakete. Esan beharrik ez dago karbono-emisioek planetako tenperatura berotu, poloetako izotzak eta glaziarrak urtu, ozeanoak azidotu eta gero eta ohikoagoak diren muturreko fenomeno meteorologikoak sortzen dituztela. Horra hor, esaterako, urriaren 29an Valentzia eta beste eskualde batzuk suntsitu zituen DANA.

    Euskal Herriko kostaldearen zatirik handiena itsaslabarra da, beraz, itsas mailaren igoeraren aurkako defentsa ona da. Baina herritar gehienok estuarioetan bizi gara, topografikoki baxuenak diren eremuetan, hau da, uholde-arrisku handieneko eremuetan, Ondarroan bezala. Beste horrenbeste gertatuko litzateke Arrigorriko hondartzarekin, egungo zabaleraren % 40ra arte gal baitaiteke.

    Gauzak horrela, gure inguruan klima-erronkari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak portuko dikea indartzeko lanak egin ditu, Life Ip Urban Klima 2050 planaren markoan, hormigoizko 1.108 bloke jarriz. Bada, hori egin duen bezala, Artibaitik gora ere begiratu beharko luke, beste inbertsio mota batzuk eginez. Adibidez, Aierin. Portuko obra horietan 5,4 milioi euro inbertitu dira. Aierin, berriz, une honetan ez da inongo erakunderen inbertsiorik aurreikusi.

    Ingurumenaren babesak aspaldi utzi zion planteamendu erromantiko edo espezialisten kontua izateari. Eragina du herritarron ongizatean eta ezinbestekoa da. Horregatik, Aieri leheneratzeko erabilitako dirua ez litzateke gastu moduan hartu behar, inbertsio moduan baizik. Etorkizunari begira eginiko inbertsioa izango litzateke, lehenengo fruituak epe laburrean emango lukeena, gainera.

    https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/2025/02/03/alleriko-padura-berreskuratzearen-garrantzia-aldarrikatu-du-eguzkik-hezeguneen-nazioarteko-egunean/

     

    https://www.elcorreo.com/bizkaia/costa/ecologistas-denuncian-humedal-aieri-degradados-euskadi-20250131195351-nt.html

     


    Partekatu - Compartelo