Donostiako portuan erabiltzen dituen produktu eta garbiketa-prozedurak berrikusteko eskatu dio Eguzkik EKPri (*)
2025-04-03
Partekatu - Compartelo
Zer produktu da hori?
Euskadiko Kirol Portuak erakundeak Donostiako portua garbitzeko erabilitako produktuak auzitan jartzen dituen bideo bat badabil egunotan sare sozialetan, eta dagoneko milaka ikustaldi lortu ditu.
Gure salaketa hura Udaletxera iritsi zen, baina, medio eta herritarren artean zalaparta pixka bat sortu bazuen ere, ez zuen fruiturik eman.
Hori bai, ondorioztatu genuen EKPk Donostiako portua (eta suposatzen dugu bere mendeko guztiak) garbitzeko erabiltzen duen produktua ez dela lixiba, ANTON ECO baizik.
ANTON ECO produktu “ekologikoa” eta “biodegradagarria” omen da, baina fitxa teknikoan bertan badira hain ECO ez dela susmatzera gramatzaten zantzuak. Hona hemen fitxa horretatik ateratako esaldi batzuk:
“Kaltegarria da uretako organismoentzat, eta ondorio kaltegarri iraunkorrak ditu.”
“Ingurumenean libratzea eragotzi egin behar da”.
“Produktu hau ingurumenerako arriskutsua denez, kutsadura kontrolatzeko hesiak dituen eremu batean manipulatzea gomendatzen da.”
Produktua manipulatzeko eskularruak, maskara eta autobabeserako beste neurri batzuk behar direla ere ohartarazten da. Portuan diluituta erabiltzen dela ematen du, baina garbi dago ez dela inolaz ere produktu “kaltegabea”.
Gauzak horrela, Eguzkik EKPri zera eskatzen dio: salaketa biral berriaren aurrean entzungorrarena egin ordez, aprobetxatzeko eskaintzen duen aukera garbiketa-produktu eta prozedurak berrikusteko.
Produktu kutsatzailea bada,, apar horiek itsasora bota behar dira?
(*) EKPren gezurtapena
Prentsa-ohar hau dela eta, EKPk “irmoki” ezeztatu du bideoan ikusten denarekin “inolako zerikusia” duela. Esan du pantalanen arduradun baino ez dela, ez portuko garbiketaren arduradun. Eta deitoratu du “modu bidegabean eta arrazoirik gabe” bideoan islatzen den salaketarekin nahastu izana.
Ikus dezagun… Portuko garbiketa esleituta daukan enpresa Serbitzu da, eta bideoan agertzen diren kale-garbigailu zein kamioneta detergentearekin EKPren logoa duten instalazioetan gordetzen dira. Gauzak horrela, bideoan ikusten denarekin “modu bidegabean eta arrazoirik gabe” nahastu dugula esan duenean, beharbada esan nahi du ez dela EKP Serbitzuren esleipenaren arduraduna, baizik eta Portu Zuzendaritza edo EKPrekin egoitza partekatzen duen Jaurlaritzaren beste departamenturen bat. Baina horrela bada, zergatik ez du esan? Zeren bideoek islatzen duten kezka, garbiketan erabilitako produktu eta prozedurekikoa, ez baitu inork asmatu.