Albistea

  • Donostiako portuko garbiketa eta EKPren gezurtapena

    2025-04-10
    Partekatu - Compartelo

    Donostiako portua garbitzeko erabilitako produktuak auzitan jartzen dituen bideo bat badabil azkenaldion sare sozialetan, eta dagoneko milaka ikustaldi lortu ditu.

    Esto ha ocurrido en el puerto de Donostia.mp4 – YouTube

    Bideoa dela-eta, joan den astean Eguzkik gogoratu zuen ez dela lehen aldia. Gauzak horrela, Euskal Kirol Portuak erakundeari eskatu genion salaketa biral berriaren aurrean entzungorrarena ez egiteko, eta eskaintzen duen aukera aprobetxatzeko garbiketa-produktu eta prozedurak berrikusteko. Ikus:

    Donostiako portuan erabiltzen dituen produktu eta garbiketa-prozedurak berrikusteko eskatu dio Eguzkik EKPri (*) | Eguzki Talde Ekologista

    EKPk, baina, “irmoki” ezeztatu du bideoan ikusten denarekin “inolako zerikusia” duela. Esan du pantalanen arduradun baino ez dela, ez portuko garbiketaren arduradun. Eta deitoratu du “modu bidegabean eta arrazoirik gabe” bideoan islatzen den salaketarekin nahastu izana.

    Ikus dezagun… Portuko garbiketa esleituta daukan enpresa Serbitzu da, eta bideoan agertzen diren kale-garbigailu zein kamioneta detergentearekin EKPren logoa duten instalazioetan gordetzen dira. Gauzak horrela, bideoan ikusten denarekin “modu bidegabean eta arrazoirik gabe” nahastu dugula esan duenean, beharbada esan nahi du ez dela EKP Serbitzuren esleipenaren arduraduna, baizik eta Portu Zuzendaritza edo EKPrekin egoitza partekatzen duen Jaurlaritzaren beste departamenturen bat. Baina horrela bada, zergatik ez du esan? Zeren bideoek islatzen duten kezka, garbiketan erabilitako produktu eta prozedurekikoa, ez baitu inork asmatu.

    Eguzki, 2025eko apirila


    Partekatu - Compartelo