Aroztegiko zazpien aurkako epaiketa astelehenean hasiko da, baina ez dira zazpi, herri oso bat baizik
2025-05-13
Partekatu - Compartelo
Manifestuaren aurkezpena gaur goizean. ARGAZKIA: erran.eus
Desobedientzia ez dela delitua aldarrikatzen duen manifestua aurkeztu du gaur goizean Iruñean Aroztegiko Elkartasun Komiteak. 196 pertsonek izenpetu dute. Horien artean dira Aiora Renteria, Albina Stardust, Asisko Urmeneta, Castillo Suarez, Eneko Sagardoy, Eñaut Elorrieta, Estitxu Fernandez Maritxalar, Fermin Muguruza, Filipe BIdart, Gorka Urbizu, Irati Jimenez, Itxaro Borda, Itziar Ituño, Joseba Sarrionandia, Joseba Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Kiliki Frexko, Maialen Lujanbio, Ruper Ordorika, Sabino Cuadra edo Ximun Fuchs. Zerrenda osoa, testu honen bukaeran. Hemen manifestuaren aurkezpenaren berri ematen duten esteka batzuk:
Manifestua argitara atera dute epaiketaren “bezperan”. Izan ere, Baztango Aroztegiko eraikuntza-proiektuari aurre egin diotenen aurkako epaiketa datorren astean egingo da, maiatzaren 19 eta 23 bitartean, Iruñean.
Akusazioek, guztira, 20 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, baita 56.000 euroko erantzukizun zibila ere. Hertsapenak eta talde kriminal bateko kide izatea leporatzen diete. Era berean, enpresak 43 milioi euroko kalte-ordaina eskatu die Espainiako eta Nafarroako gobernuei, eta dirutza horren azken erantzukizuna ere auzipetuen bizkar gera liteke.
Epaiketaren ondorioak oso larriak izan daitezke zazpi auzipetuentzat eta, oro har, baztandarrentzat, jakina, baina baita Euskal Herriko gizarte mugimendu guztientzat ere, kriminalizazio-bide arriskutsu batean sakonduko bailuke.
Epaiketak iraun bitartean, Iruñeko epaitegiaren aurrean kontzentratzeko deia egin du Aroztegiko Elkartasun Komiteak, auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Eta egitarau mamitsua prestatu dute. Hona hemen:
Aroztegiako proiektuak luxuzko hotel bat, golf-zelai bat eta 228 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du Lekarozen, gaur egun 300 biztanle pasatxo baino ez dituen herri batean. Proiektu honen aurrean ezin izan dute ezer egin ez Lekarozek eta Baztanek; izan ere, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektorial baten bidez toki-erakundeei beren eskumenak kendu zizkien.