All posts by Lea-Artibai

Zabaldiko (Iruñea) elkartasun hamabostaldia: baliabide arpilatzearen aurrean, lurraren defentsa!

Badator Zabaldiko Elkartasunaren Hamabostaldia, eta datorren panorama ekosoziala ikusita, Lurraren Defentsa erdigunean jartzea erabaki dugu.

Kapitalismoak bizitzaren iraunkortasuna kolokan jartzen du eta hori dela eta, horri aurre egitea mundu mailako jendartearen erronkarik handiena da.

Egoera horren aurrean, lurra defendatzeko borrokak antolatzen dira. Hegoaldeko herrialdeek urteak daramatzate lurraren defentsaren alde antolatzen, baina hemen ere proiektu suntsitzaileak ematen dira, eta geroz eta gehiago ari gara ondorioak jasaten.

Zabalditik uste dugu garrantzitsua dela borroka esperientzia hauek ezagutzea, horregatik egitarau hau prestatu dugu:

AZAROA

Astelehena 4. Aurkezpena. HAMAIKA erakusketaren inaugurazioa.

Asteartea 5. Hitzaldia: Uraren arpilatze sionista apartheid eta kolonizazio tresna gisa.

 Asteazkena 6. Dokumentala: “Tigernut, la patria de las mujeres integras”.

Osteguna 7. Hitzaldia: Lurraren aldeko borrokak Europan: Frantziako estatuaren adibidea.

 Asteartea 12. Hitzaldia: Maputxeen erresistentzia: Proiektu hidrologiko eta basoetako proiektuen aurkako borrokak Wallmapun.

 Osteguna  14. Hitzaldia: Tren Mayari aurre egiteko mugimendua Mexikon.

 Larunbata 16. Mahai-ingurua: “Sakrifizio-eremuak” Ipar globalean. Euskal Herriaren kasua.

 Ondoren, herri bazkaria eta kontzertuak

 

 

Lea-Artibai Amankomunazgoak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko iragarritako neurriak ondo baloratu ditu Eguzkik, oso atzerapen handiarekin datozen arren

Gaur egun Lea-Artibain hiri-hondakinak kudeatzen duen enpresarekiko kontratua amaitzearekin batera, Amankomunazgoak iragarri du udalerriek gaikako bilketa hobetzeko pausoak emango dituztela. Egia esan, eskualdeko udalerrietan ingurumenarekiko kontzientzia-maila, oro har, ona dela esan daiteke, baina orain alor honetan pausoak ematera badoaz ez da kontzientzia-maila ona dutelako, Legeak hala agintzeko duelako baizik. Zehatz-mehatz, Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lur kutsatuen gaineko 7/2022 Legeak, apirilaren 8koak, Europar Batasunaren 2018/851 Zuzentarauaren helburuak bere egiten dituelako. Bestela esanda, udalerriek Bruselatik datorren agindu bat bete egin behar dute.

Egia esan, Lea-Artibai berandu dabil, oso berandu, Legeak agindutakoa betetzeko. Gaikako bilketari dagokionez, Legeak agintzen du 2025erako, “gutxienez”, %55 izango dela; 2030erako %60, eta 2035rako %65. Gaur egun, baina, zenbat biltzen da gaika Mankomunitatean? Bada, %43,6 soilik (1). Alegia, 2025erako %55eko helburua ez da beteko.

Mankomunazgoak aurreratu duenaren arabera, hemendik aurrera errefusaren edukiontzia (2) astean zenbait egunetan soilik ireki ahal izango da, betiere txartelaz. Taberna eta dendetan, berriz, atez ateko bilketa egingo da.

Nahiz eta neurri hauek atzerapen handiarekin datozen, ikusi dugun bezala, ondo balortzen ditugu Eguzkikook. Hori bai:

– Lehenbailehen ezartzea espero dugu, %55eko helburua epean badakigu ezetz, baina ahal den azkarren lortzeko, behintzat. Neurriak lehenbailehen ezartzea bezain garrantzitsua iruditzen zaigu  gaikako bilketak aurrerantzean ere hazten jarraitu behar duela begi-bistatik ez galtzea. 2030erako %60ko helburuarekin ez dadila gerta 2025eko %55arekin gertatu dena (3).

– Sistema berria ezartzearekin batera, herritarrak informatzeko kanpaina zabala egin beharko litzateke. Ez bakarrik txartelaren funtzionamendua edo edukiontziak irekitzeko egunak eta orduak azaltzeko, baita hondakinak gaika biltzeak eta ez biltzeak dituzten ondorioak azaltzeko ere. Ingurumen-ondorioak, noski, baina baita ondorio ekonomikoak ere. Izan ere, hondakinak gaika biltzea edo ez biltzea orain arte gehienbat aurrekontu publikoetan islatu da, eta beharbada horregatik ez gara hainbeste fijatu. Baina gero eta gehiago islatuko da norberaren poltsikoan (4).

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, hondakinen gaikako bilketan, legez, gutxienezko batzuk bete egin behar dira, eta gutxienezko horiek betetzea ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen jasangarri eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoek ez dute sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2024ko urria

(1) %43,6ko datua 2023koa da, eskura dugun azkena, baina 2024koa antzekoa izango da, puntu bat gora edo behera. Beraz, esan bezala, 2025erako %55eko helburua urratutzat jo daiteke, ezbairik gabe. Eta Lea-Artibai ez da inolaz ere helburua urratuko duen bakarra; alderantziz, urratze orokorra izango da. Are gehiago, Hondakinen Behatokiaren 2023ko Txostenaren arabera, Lea-Artibai da Bizkaian gaikako bilketaren ratiorik onena duen eskualdea. Beraz, gainerakoekin alderatuta, Lea-Artibaik hobeto egiten du. Baina %43,6 eta %55 bitartean dagoen aldea ikusita, erreparatu urratze-maila oso-oso handia dela. Hau ez da “gutxiegi” justu-justu bat, ez da “suspentso altu bat”. Hau katedral baten neurriko supentsoa da. Beste batzuek ere suspenditzeak, are kalifikazio lotsagarriagoekin, ez luke kontsolamendua izan behar.

(2) Errefusaren edukiontzia deitzen zaio; izan ere, printzipioz, birziklagarriak ez direlako, gainerako edukiontzietan utzi ezin diren hondakinak bakarrik jaso beharko lituzke. Praktikan, ordean, errefusa ez ezik era guztietako hondakinak ere botatzen dira. Gehienak, berez, birziklagarriak dira, baina beste batzuekin nahasten direnean, praktikan, ez-birziklagarri bihurtzen dira.

(3) Amankomunazgoak gaikako bilketa edukiontzietan oinarritutako sistemaren bidez egitea erabaki du. Sistema honek, betiere behar bezala kudeatzen bada, emaitza onak eman ditzake. Gainera, Lea-Artibain hobetzeko tartea oso-oso handia denez, ez gara gu horren kontrako ezer esaten hasiko. Hala ere, gogorazi nahi dugu atez atekoa dela emaitza onenak ematen dituen sistema, eta hori ukaezina da. Ez gara tematuko, baina uste dugu Amankomunazgoak eta berau osatzen duten udalerriek ez lioketeela atea itxi behar horren ezarpena aztertzeari.

(4) Lege berriak agintzen du udal-hondakinak biltzeko eta kudeatzeko zerbitzua ezin izango dela hemendik aurrera defizitarioa izan, orain arte bezala, eta %100ean zabor-tasen bidez finantzatu beharko dela. Horregatik zabor-tasak izugarri igotzen ari dira Estatuko ia herri guztietan. Legeak agintzen du, halaber, pixkanaka, “sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak” ezarriko direla. Hau da, zenbat eta hondakin gehiago sortu, gero eta gehiago ordaindu. Logikoa da; izan ere, antieolologikoa izateaz gain, ez da bidezkoa hondakinak txukun eta arduraz bereizten dituztenek beraien ahalegin eta diruaren bidez batere bereizten ez duten axolagabeei laguntzen jarraitzea, gaur egun gertatzen den bezala. Kontuan izan behar da, hondakinak etxean gaika bildu beharrean denak nahastuta biltzen badira, lehengaiak xahutzeaz eta gehiago kutsatzeaz gain, tratamendua nabarmen garestitzen dela. Hori orain arte aurrekontu publikoetan islatu da. Izan ere, zenbat eta gaika gutxiago bildu, orduan eta diru-sarrera gutxiago eskuratzen dituzte udalerriek berreskuratutako materialen truke. Hori, alde batetik, eta, bestetik, zenbat eta hondakin gehiago nahastuta bildu, gero eta tratamendu-kostu handiagoak. Adibide argi bat: udalerriek 90 euro ordaindu behar dituzte tonelada bakoitzeko, hondakinak nahastuta baldin badaude. 50 euro, berriz, bereizita bildutako tonelada organiko bakoitzeko. Gainkostu hauek orain arte denon artean ordaindu ditugu diru publikotik, eta horrela oharkabeagoan pasatu omen da. Baina hemendik aurrera, sortutako hondakinen araberako ordainketa-sistemak ezartzen diren neurrian, norberaren poltsikoan zuzen-zuzenean nabaritu beharko litzateke.

 

 

 

Eugiko MAGNA meatzea zabaltzearen aurkako errekurtsoa, garrantzi handiko eremu naturalei eragiten diena

Erdiz Bizirik plataformak eta Sustrai Erakuntza fundazioak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dute Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, Rafael Sur sektorean El Quinto 2895 meategia ustiatzeko proiektua zabaltzeko baimenaren aurka; zeina Magnesitas Navarra S.A. (MAGNA) enpresak sustatu duen.

MAGNA enpresak bi meatze proiektu aurkeztu ditu ustiapenerako. Lehenbizikoa 2022ko hasieran argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Esteribarko Rafael Sur sektorean El Quinto meategiaren ustiapena handitzean zetzan. Enpresa horrek gaur egun Eugin duen meategia handitzea da helburua. Handitze horren ondorioz, egungo zulo handia are gehiago sartuko da ingurumen balio handiko baso eremu batean, ES2200019 Alduide mendia KBE Kontserbazio Bereziko Eremuaren ertzean, eta IBA 85 “Orreaga – Irati -Abodi mendilerroa” Hegaztiendako Garrantzi Eremuaren barnean.

2024ko otsailean eman zuten bigarren proiektuaren berri: Artesiagako meategi proiektu UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Proiektu bezala izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. Modu horretan Baztango Udalaren bere udalerrian dituen eskumenen gainetik igarotzen den figura administratiboa erabili zuten. Proiektua izapidetzen ari da.

Bada, Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 22an argitaratu zuen Rafaeles meategiaren ustiapena handitzeko baimena. Bai Erdiz Bizirik plataformak, eta baita Sustrai Erakuntza fundazioak ere gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu behar izan dugu baimen horren ondorio larrien aurrean:

1/ Uste dugu proiektu honi lotutako dokumentazio ezak, nahiz aurkeztutako dokumentazio zaharkituak, eguneratu gabeak eta osatugabeak urratu egiten dutela parte hartze publikorako eta ingurumen informazio publikorako eskubidea.

Horrek kaltea eta babes falta eragin ditu, administrazio txosten osoa ezin izan delako eskuratu.

2/ Enpresaren onurak eta interes ekonomikoak izan dira lehentasuna, ingurumen irizpideen eta ondorioen gainetik, nahieran. Gabezia handiak hauteman ditugu honako arlo hauetan: “Alduide Mendia” Kontserbazio Bereziko  Eremu izendatutako espazioaren eraginen balorazioan; Argaren eta har ibaiadarren eraginean eta kontserbazio onean; eta okil gibelnabarra eta muturluze piriniotarra bezalako espezie babestuen habitataren kontserbazioan, zeinak arriskuan jartzen diren konpentsazio neurri ez eraginkorrak onartu direlako.

Baimen hori, gertatu den moduan, oso kezkagarria da, eta Erdiz eremuan gerta daitekeenaren berri ematen du. Eremu horretan dago Artesiagako proiektua, ingurumen balio handiko eremua da, eta Alduide mendiko KBEak babesten du. Erdiz eremuan, halaber, Eugiko egungo meategiaren inguruan dauden natura balio berak biltzen dira, eta, batez ere, meategia Rafaeles aldera zabaltzean. Bi espazioetan, erraterako, muturluze piriniotarra eta okil gibelnabarra ikusi dira. Horregatik uste dugu MAGNA enpresa arriskuan jartzen ari dela Nafarroako mendialdeko biodibertsitatea.

MAGNA enpresak gaur egun Eugin duen meategiaren inguruan abian jarri nahi dituen praktiken adibide bat bertzerik ez da galzorian dagoen okil gibelnabarrak gaur egungo habitata utz dezala lortzea, meategia handitzeko arazorik izan ez dezan. Teknika horren bidez okil gibelnabarra inguruko bertze mendi batzuetara “lekualdatu” nahi da, beren asmo industrializatzaileek eraginen ez dieten eremu batera. Eremu berri horretan egoera onean dauden zuhaitzak “eraztuntzea” proposatzen da, modu artifizialean hil daitezen, eta, horrela, okil gibelnabarraren beharretara egokitutako habitat egoki bat sortzeko. Horrela, enpresa saiatuko da meategia handitu nahi duten eremuan gaur egun bizi diren espezieak leku berri horretara lekualdatzen, beren asmo suntsitzaileetarako lekua utziz.

Neurri horien eraginkortasuna egiaztatzeko urteak behar dira, eta ez da bateragarria meategiaren ustiapenarekin. Hori egiteak kalte esanguratsuak edo itzulezinak eragin ditzake espezie horren kontserbazioan. Basakeria horren aurrean, zeinak, gainera, Nafarroako Gobernuaren oniritzia duen, ezin gara isilik geratu. Beharrezkoa da ahotsa goratzea biodibertsitatearen kontrako eraso honen aurrean.

Dudarik gabe, Nafarroako Gobernuak baimena eman du Rafaelesen ustiapena handitzeko: gardentasunik gabe eta multinazional baten interes ekonomikoak lehentasun dituela. Horrek mehatxu eta atzerakada handia dakar Nafarroako ingurumenaren defentsan.

Nafarroan, 2024eko urriaren 28a.

Erdiz Bizirik plataforma eta Sustrai Erakuntza fundazioa.

Larunbat honetan, hilak 27, manifestazioa Gasteizen, Araba eta bere ingurune naturala defendatzeko.

Beste behin ere, manifestazio bat deitu beharrean gaude Araba mehatxatzen duten makroproiektuen aurka gaudela adierazteko. Proiektu berriak sortu ahala, inolako ordenarik eta zentzurik gabe, proiektu horien eragin larria jasaten duten herri, mendi eta lurraldeetan, astakeria zentzugabe horren aurrean herriaren erantzun sendo eta azkarra sortu da.

Azken hilabeteetan makina bat makroproiektu aurkeztu dira Araban, eta azken urteotan aurkeztu diren proiektuekin batera, plastiko, plaka, eoliko eta hormigoizko itsaso bihurtu nahi dute gure lurraldea, “korporazio handiek gure lurraldearen kontura negozioa egiteko aitzakia gisa”. Ez diegu utziko gure lurrak eta lurraldea lapurtzen.

Horrek ez du esan nahi berriztagarrien aurka gaudenik; baina horiek ezartzeko irizpide, plangintza eta aurreikuspen bat egon behar da. Berriztagarriak bai, baina HORRELA EZ!

Biodibertsitatearen suntsiketa geldiezina abiadura hartzen ari da, bai eta laborantza-lurren, baso-lurren eta larreen galera ere. Landa-bizitzaren aldeko apustua egin zuten pertsonak lurraldetik ateratzen ari dira eta landa-garapen iraunkorraren aldeko proiektuak suntsitzen ari dira; azken batean, pertsona horiek beren etxea, herria eta lurra uztera behartuak izan daitezen aldeko apustua dago abian.

Makroproiektu horiei bide librea eman zaie, gizartearen parte-hartzerik eta inplikaziorik gabe, eta zuzenean eragina jasango duten pertsonekiko beharrezko gardentasun, informazio eta errespeturik gabe.

Herriaren aldarri honen aurrean, herritarren mugimendua babestu eta ordezkatzen duten lurraldea defendatu beharrean, Arabako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik gobernatzen gaituzten pertsonen jarrera makroenpresa energetikoekin lerrokatzea da, horiei bidea erraztuz eta Arabaren espoliazioa ahalbidetuz. Esparru juridiko bat eta legeria bat sortzen ari dira, landa-inguruneko biztanleekin ingurumen, gizarte eta ekonomia gatazkak sortzen, horrek gizarte osoari eragiten diolarik.

Makroproiektu horiek guztiak berehala gelditzea EXIJITZEN DUGU.

Norabide aldaketa EXIJITZEN DIEGU Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari, lurraren eta gure lurraldearen defentsan; Araban bizitzen jarraitu nahi dugu.

Horregatik guztiagatik:

Araba eta bere ingurune naturala defendatzeko Deialdi honekin bat egiteko eskatzen dizuegu.

Datorren urriaren 26an ikusiko dugu elkar, Gasteizen, erokeria hau salatzeko.

GURE LURRALDEA DEFENDATUKO DUGU!!!

MAKRO PROIEKTURIK EZ!

ARABA BIZIRIK !

NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana

Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa jendaurrean jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke honek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure gizartearen jasangarritasunerako duten garrantzia kontuan hartuta.

Prozesu parte-hartzailea ia konturatu gabean igarotzen ari da. Honek sortzen duen interesaren adibide gisa, Industria eta Trantsizio Ekologikorako Departamentuak ordutik argitaratu dituen berrien errepasoa egin daiteke. Irujo sailburuak energia plana aipatu eta pare bat aldiz eguneratu besterik ez du egin.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar energia ekoizteak eta kontsumitzeak berebiziko eragina duela gai erabakigarrietan, hala nola klima-aldaketanekosistemen eta fauna eta flora espezieen galeranbaliabide materialen urritasun progresiboan… Badirudi mundu osoko gobernuek “inplikatuta” daudela “trantsizio energetikoa” deiturikoarekin, baina honen bilakaerari buruzko datu zientifikoek eta teknikoek ez dirudite oso pozgarriak.

Adibidez, Nafarroako Energia Planaren bertsio berriaren dokumentazioa aztertuta, egiazta daiteke duela 10 urte baino gehiagotik hona Nafarroako energia-kontsumoa gorantz doala, erregai fosilena barne, Nafarroan kontsumitzen den lehen mailako energia guztiaren % 79,31 dena, Planaren arabera. Gauza bera gertatzen da Berotegi Efektuko Gasen isurketekin, 2021an 6,9 milioi Tn CO2-eq-eraino igo baitira, 2005ean lortutako maximotik oso gertu (7,1 milioi). Bilakaera kezkagarria da, trantsizio energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen bidez lortu nahi denaren kontrakoa; hain zuzen ere, emisioak murrizten eta larrialdi klimatikoari aurre egiten saiatu behar zutenak.

Ez da harritzekoa, kontuan hartzen badugu Nafarroako elektrizitate kontsumoa ere ez dela aurrera joaten, eta beherakako joeran jarraitzen duela 2008tik hona. Eta kontuan izan behar dugu ia energia berriztagarri guztiak elektrizitate moduan ekoizten direla. Nola nahi dugu berriztagarriak handitzea eta mendekotasun fosila gutxitzea, elektrizitatearen kontsumoa handitzen ez bada?

Bi egoera horiek, kontsumo fosilaren igoera eta elektrizitatearen gutxitzea, Nafarroan gertatzen dira, hain zuzen ere Espainiako Estatu osoko instalazio berriztagarrien zentrotzat hartzen dena, eta energia berriztagarrien arloan eredu gisa aurkezten den erkidegoetako bat izanik. Esan daiteke hori dela “trantsizio energetikoa” deritzona funtzionatzen ari ez delako sintoma ugarietako bat. Gainera, energia berriztagarrien ekoizpenaren hazkundea energia fosilen hazkundeari gehitzen ari zaio. Eta hori are nabarmenagoa da mundua mailan, izan ere, maila honetan ebaluatu behar baitira alderdi horiek, erasotzen ari garen biosfera bakarra baita eta Lur planeta osoa hartzen du barnean.

Beraz, baiezta daiteke ustezko “trantsizio energetikoa” ez dela gure ekoizpen eta kontsumo ereduetan aldaketa kualitatiborik ematen ari. Eta are larriagoa dena, litekeena da energia berriztagarria lortzeko behar diren azpiegiturak sortzeko prozesuek arazo hau areagotzen laguntzea. Izan ere, lehengaien meatzaritzak asko zabaldu behar dela litioakobrea, lur arraroak eta trantsizio horren oinarri diren beste hainbat material lortzeko.

Gertakari horiek ez daude jasota Nafarroako Gobernuak egin duen Energia Planaren bertsio berrian, eta gure buruari galdetzen diogu ea merezi duen eztabaidan parte hartzea. Aurkeztutako testuek ez dutelako arazo horien aipamenik egiten. Eta hau guztia, nahiz eta horren kausak, kontsumoen hazkundea oro har, Planaren testuetan jasota dauden.

Honezkero, argi dugu Nafarroan gauden lehen mundu global honetako gizarteetan gertatu behar den energia eta materialen kontsumoa murriztu gabe, ezinezkoa dela aurre egin beharreko arazoei aurre egitea. Argi dago beharrezkoa dela Desazkunde ordenatu eta planifikatu bat, eta kontzeptu hau ez da agertu ere egiten Industria eta Trantsizio Ekologikorako Departamendutik aurkeztu diguten Energia Planean.

Horregatik, uste dugu Nafarroako Energia Planaren benetako eztabaida NEE/TENen 3. jardunaldien barruan gertatuko dela: “Desazkundean hazi, inork kontatu ez dizuna”. Bertan, autore askok, gehienak mundu akademikokoak eta konpromiso sozialaren mundukoak, egoera energetikoaren egungo errealitatea aztertuko dute, benetako trantsiziorako proposamenekin, baita Nafarroarako ere.

Urriaren 21etik 24ra Iruñean, Civivox Condestablen izango ditugu Ivanka Puigdueta, nekazaritzako elikagaien zientzietan doktorea, Julen Rekondo, Ingurumeneko Sari Nazionala, Luis González Reyes, zientzia kimikoetan doktorea eta June San Millán, zuzenbidean lizentziatua. Hizlariek kontsumoen beherakadaren beharra aztertuko dute hainbat alderdi metodologikotatik. Eta Sustrai Erakuntza fundaziotik “Zer egin Desazkundearen aurrean? Datozen hamarkadetako Nafarroako gizartearentzako proposamen koadernoa“ eztabaida-dokumentuan egin genituen proposamenetan sakontzen saiatuko gara Plazara! Gizarte Zentroan tailer parte-hartzaile baten bidez.

Hor benetan parte hartu ahal izango dugu Nafarroaren etorkizunaren definizioan eta energiaren kudeaketan bide eta esperientzia alternatiboak planteatu ahal izango ditugu. Gobernuko Energia Planak, ikusi dugunez, ez die aurre egiten aurrean ditugun erronkei. NEE/TENen Desazkundeari buruzko jardunaldietan itxarongo zaitugu!!

Jule Goñi eta Martin Zelaia, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.

Nafarroan, 2024ko urriaren 17a.

Ezkiotik edo Gasteiztik, txikizioa aukeran

Abiadura“Handiko”Trenaren lanak duela hemezortzi urte hasi ziren. Ezkeroztik  mendi andana zulatu,  lur mugimendu itzelak egin, errekak desbideratu eta akuiferoak desagertarazi dituzte ,  besteak beste. Euskal Herrian. Bailara batzuk hondakindegiak bihurtu eta beste batzuk    porlanez estali dituzte.  Lur emankorra basamortu bilakatu dute. Eta…non dago iragarritako trena? Non?   Obrak eta txikizioa  besterik ez daude. Lanak bukatu dituztela dioten zatietan azpiegitura besterik ez dago egina. Beste zatietan ezta hori ere. Gainegitura, elektrifikazioa eta katenaria falta dira.. Bilbo, Gasteiz eta Donostia edota Iruñako  geltokiak ez daude eginak. Bergarako lotunea edota Campanas Y-gerkoaren tarteak  egitasmoa da oraindik etabar.  Duela hamarkada bat bukatu zituzten tunelak eta zubibideak   zaharkitzen ari dira. Hau al da abiadura handia?   Zer gehiago gaude onartzeko prest aurrerapenaren izenean tamainako  gezurra sinestarazi nahi digutenen partetik?

4.000 milioi euro baino gehiago xahutu dituzte jadanik hemezortzi urte hauetan. Bitartean,  etxebizitzak gero eta garestiago daudenez, zailagoa da etxebizitza duin izateko eskubidea bermatzea. Bizitzeko ezinbestekoak diren elikagaiak,  gero eta garestiago. Lanpostu gehienak prekarietateak igurtzen ditu.    Kalean bizi den jendearen kopurua gero eta handiagoa da. Hobetu al du aipatu diru kopuruak  gehiengoen bizi kalitatea edo alderantziz?  Osasunan eta hezkuntzan egin diren murrizketak AHTan orain arte sartu den diru kopuruaren baliokideak dira. Beraz, non dago hobekuntza? Behin eta berriro esan digute AHTak etorkizun hobeago bat ekarriko digula.   Baina, gure  oraina izorratzen ari baldin badira,  zergatik sinestu etorkizuna hobea izango dela AHTa behin amaituta?

Hasteko, ez dakigu inoiz bukatuko duten. Orain emandako epeak ez dituzte bete (2011, 2014, 2017…) Nola jakin 2030koa egiazkoa den? Eta bukatuko balute zer geldituko litzaieke datozen belaunaldiei? Lurra txikituta eta izugarrizko zorra.  Ederra ondarea! Ezin dugu ahaztu langileok gure zergekin ordaintzen ari garela handimandien nahikariazko trenaren kostoaren  zati bat. Gainontzekoak zorpetzen gaitu gu eta ondorengoak. Gainera krisi ekosozial larrian gaude murgilduta eta AHTaz gain hainbat garraio, mehatze eta energia egitasmoak ere, (batzuk berdez mozorrotuta)  mehatxatzen dute gure lurra. Eta lurraldea txikituta badago, nola garatu zezaketen gezteek bizitza duina bermatuko dien egitasmorik?

Azken aste hauetan, Ezkio ala Gasteiz sasi eztabaidak  izugarrizko oihartzuna lortu du komunikabideetan.  Hona hemen bi aukera: zulatuko dugu Aralar edo josiko dugu Sakana zubibideez eta tunelez?   Baina eliteen arteko “liskar” honekin zera ezkutatu nahi dute: herri honek ez diola inoiz onespenik eman AHTari. Kaltetutako udalherriek kontsultak burutu zituzten eta jendeak EZ esan zuen. Erresistentzia handia egon zen egitasmoaren aurka, eta azkenean indarrez inposatu ziguten . Oraingo lanak inposaketa horren jarraipena besterik ez dira. Zer da bada Ezkiotik edo Gasteiztik igaro behar duena txikizio besterik ez badago?

Ezkio ala Gasteiz hautatzeko txosten “tekniko” aren zai omen daude, planifikazio arduratsu eta eraginkorraren itxurak eginez, AHTaren eraikuntzaren atzean  dagoen erabaki politiko interesatua ezkutatu nahian. Orain arte, AHTari buruz egin diren azterketa eta ebaluazioek (EHU, Espainako eta Europako Kontu Auzitegiak, Airef) AHTa ez eraikitzeko aholkatu  dute, besteak beste, ingurugiroari zein alor sozio ekonomikoari  dakarzkien   kalte sakonak agerian utziz. Baina agintariek muzin egin diete eta aurrera egin dute, gu guztiak amildegira bideratzen. Ez dute hobeto jadanik eginda dauden  txosten teknikoak behingoz betetzea eta lanak bertan behera uztea?

AHTaren km batek balio duenarekin, adibidez, urte batez 750 irakasle kontratatu, 42.721 ikasleri otorduak eman, 7.377 pentsio duin ordaindu edo egoitzetako 1.600 langile kontratatu ahalko lirateke.  Ze beste datu beharko genuke aurrera jarraitzea erokeria dela ohartzeko?

Ez gaitezen engaina: AHTa ez da iritsi eta agian ez da inoiz iritsiko. Baina txikizioak eta diru xahuketak bere horretan darraite. Noiz arte? Ez al da garaia hondeamakinak geldiarazteko gure mendiak zulatzeari utz diezaioten?  Guk ozenki esaten dugu: ez Ezkiotik ez Gasteiztik!  AHTaren lanak berehala bertan behera gelditu behar dituzte. Dugun etorkizun bakarra lurra delako.  Eztabaida faltsuei entzungor eginez, entzun dezagun lurraren taupada eta bat egin dezagun berarekin!

AHT: Adarra jotzeari analisi serioa esaten diote

Irailaren 23an, astelehenarekin, UPNren Parlamentuko bozeramaileak aspalditik dakiguna adierazi zuen. Esparza jauna kexu zenEspainiako Estatuko gobernu guztiek AHTari buruz Nafarroari adarra jo izan diotelako, kosta ahala kosta AHTa eraiki nahi duen Nafarroa elitista eta neoliberal horri. Eta berak esan ez bazuen ere, zera gaineratuko genuke: gobernu guztiak, Esparza eta bere alderdia barne, etengabe ari direla nafarren aurkako iseka eta mespretxua areagotzen, hain zuzen ere kalitatezko tren-zerbitzu publikoak, jadanik existitzen diren azpiegiturak aprobetxatuz eta gehiengo sozialaren mesedetan defendatzen ditugunon nafarren aurka.

Adarra jotzen digutela diogu eta dirua lapurtzen digutela, izan ere, AHTaren defendatzaile horiek ez dute txosten ekonomiko bakar bat ere aurkeztu, ez eta zerbitzuei buruzkoa ere, pertsonen eta salgaien garraioaren egungo eta etorkizuneko benetako beharrei erantzuteko. Dena da “aurrerabidea”, “minutuak murriztea”, “estandar europarrak” eta gainerako hitz hutsak, propaganda hutsa eta eduki eta informaziorik gabeko publizitate-kontsigna hutsak.

Gerora, pasa den larunbatean, irailaren 28an, Manu Ayerdik “150 urterako konexioa” izeneko artikulua sinatu zuen Nafarroako Gobernuko kide ohi gisa. Abiadura Handiko Trenaren ordez Prestazio Altuko Trena ezarri zuena orain AHTaren eredura itzuli da 150 urterako konexioa eskatzeko. Artikulu honetan, Iruñetik aterako litzatekeen trazaketa (oraindik ikusteke dago eraikiko den edo ez) Euskal Y Grekoarekin lotzeko Ezkioko alternatiba defendatzen zuen, Gasteizkoa alde batera utzita. Ezer berririk ez, hauxe bera defendatzen baitu bere alderdiaren parte batek Gipuzkoan eta Geroa Baik Nafarroan.

Bere idazkian, Ayerdi jaunak dio ez duela eztabaida teknikoetan sartu nahi, baina egia ez diren argudio batzuk erabiltzen ditu. Banan bana joanen gara.

Lehenik eta behin, egungo Castejón-Altsasu trazaketan bide bakar baterako plataforma bat diseinatu zela dio. Hau ez da egia. Egungo trazatuan eta plataforman beste bide paralelo bat egin daiteke ia ibilbide osoan, Oskia inguruan izan ezik. Espazio hori duela 150 urte baino gehiago erreserbatu zen trenbidea eraiki zenean. Deigarria da orain arte inork ez ikusi izana zein agerikoa, zein erabilgarria eta zein merkea izango litzatekeen aukera honen aprobetxamendua. Denbora izan dute, AHTaren aldeko azterlan teknikoetan milioika euro gastatu beharrean.

Halaber, Nafarroan urte asko daramatzagula dio saturazio-arazoak pairatzen. Hori ere ez da egia. Egungo trazadura gutxiegi erabiltzen da pertsonak eta salgaiak garraiatzeko. Gaur egun tren gutxiago dago trenbide bakar hau zeharkatzen dutenak 70eko eta 80ko hamarkadetan baino, esaterako.

Azken 13 urteetan Nafarroan AHTaren obretan gastatu diren ehunka milioiekin, dagoeneko amaituta egon liteke Castejon eta Iruñea arteko egungo trazaduraren gaineko bide bikoitza, gutxienez.

Bigarrenik, egungo kurben eta zuzenen “diseinua” aipatzen du, 450 metrotik gorako trenak sartzea eragozten dutenak. Eztabaida teknikoetan sartu nahi ez izateko eta Europako estandarrei buruz hitz egin behar ez izateko… Austria edo Suitza bezalako hain herri “lauetara” jo dezake, merkantziak trenbidez garraiatzen diren herrialdeetara.

Hirugarrenik, iberiar zabalera aipatzen du muga gisa, baina ez dakigu zeren muga. Duela 60 urte baino gehiagotik, Talgoek Bartzelona eta Madril Parisekin lotu izan dituzte, mugan trenez aldatu gabe eta trenbide-trazadura berriak egin gabe. Beste zehaztasun falta bat, gure aldetik eskuzabalak izanik bere argudioaren kalifikazioan.

Abiadura handiko trazadura jadanik existitzen den trenaren trazadurarekin paraleloan egitea, toki berberetara joateko edo, hobeki esanda, toki gutxiagora joateko, hiriburuen artean ia geltokirik izango ez lukeelako, azken hamarkadetako aurrekontuetan legeztatutako hutsegite handienetako bat da. Ezkio alferrikako eta porrot egindako obren zerrendara gehitzen ikusiko dugu, Guadalajara, Burgos eta Tarragonako geltokiak bezala edota Castelló, Teruel eta Lleidako aireportuak bezalaxe… Errepasa dezagun beharrezkoak ez ziren edo erabiltzen ez diren azpiegituretan gastatutako dirua eta konpara dezagun egin izan diren inbertsio publikoekin.

Nafarroan AHTrako trazadura/plataforma berri bat egiteak ez du inolako justifikazio arrazionalik, ez baitu konpontzen lurraldeetako garraio publikoaren arazoa pertsonentzat zein salgaientzat.

Utzi adarra jotzeari defendaezina dena defendatuz. Esparza eta Ayerdi jaunek, PSNk bezala, dokumentuak dituzte eskura, besteak beste, Sustraik egindakoak eta duela urte zenbait parlamentuan aurkeztutakoak. Hauetan frogatzen da ez bakarrik AHTa ez dela beharrezkoa, baizik eta bideraezina dela. AHTa eta bere bertsio guztien joko hau oso garesti ateratzen ari zaigu nafarroi ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Tren sozial eta publikoa, orain!

Mikel Saralegi Otsakar eta Nerea Martiarena Vallero sinatutako iritzi artikulua, Sustrai Erakuntza fundazioaren kideak.

Nafarroan, 2024ko urriaren 7a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa

 

Aulesti eta Markina arteko Lekoitz harrobiko isurketek jarraitzen dute

Zoritxarrez, ohikoegia da harrobien gaia ingurumen-delituen gaiarekin lotuta ikustea.
Oraingoan, EGUZKI talde ekologistatik beste behin salatu nahi ditugu AMENABAR taldeko Marnemarreko Aulesti eta Markina artean Lekoitz harrobian maiz gertatzen diren isurketak.
Azken isurketa irailaren 13an gertatu zen.
URA Agentziako langileek beste batzuetan egindako laginketen ondorioz, Ubero izeneko errekastoak hartu ohi duen kolore zurixka, Agentzia honen iritziz, dekantazio-putzuak bete izanaren ondorio izan ohi da.
Nazkatuta gaude horrelako gertaerak zigorgabetasun osoz gertatzen jarraitzeaz, eta dei egiten dugu behingoz inplikatutako erakundeek gaiari buruz hitz egin dezaten.
Ez da nahikoa akuiferoak izorratzea gainazalean dauden urek ere kutsa gaitzaten?
     

Lortu dugu! S.O.S. KURKUDI Leioan

Lortu dugu!

Bihar osteguna, hilaren 26an, Leioako Udalak amore emango du auzian, atzera egin beharko du 2023ko erabakian eta Sos Kurkudi Plataformaren tesiak onartu beharko ditu:

Ez da Makrogimnasiorik egongo, eta lurzorua berriz ere urbanizaezina izango da eta bere balio natural eta paisajistikoagatik babestua izango da.

Emaitza honekin zoriontsu sentitzen gara eta zuekin partekatu nahi dugu.

Gure eskerrik beroenak ere bidaltzen dizkizuegu 5 urteko borroka honetan behar besteko adorea eta irmotasuna mantentzen lagundu diguzuelako.

Eskerrik asko!!

Adi biharko Udalbatzari!!

S.O.S. KURKUDI

Ez dago su-etenik, ez oporretan, gure lurraren defentsan

EGUZKIn jarraitzen dugu ikusten gure lurraren, uraren eta airearen aurkako erasoak etengabeak direla, eta oporraldian ere ez direla errespetatzen.

Beste edozein abuztutan bezala, denetarik izan dugu: isuriak ibaietara, portuetara, hondartzetara, zaborrak eta hondakinak nonahi…

Gainera, eta ohi bezala, gaitasuna dugun tokietako jaietan presentzia izaten saiatu gara. Mobilizazioetan, salaketa- eta kontzientziazio-idazkietan eta abarretan parte hartu du.

Enpresa eta erakunde batzuek ere beren aletxoa aurkezten dute, beren proiektuei alegazioak aurkezteko epea abuztuan bertan irekitzeko ohiturarekin. Langileak oporretan lasai daudenez, oharkabean igarotzeko eta oposizioa txikiagoa izateko asmo gaiztoarekin.

Ez dira konturatzen guretzat, beste talde batzuentzat bezala, gure lurraren, uraren eta airearen defentsan ez dagoela oporrik. Denok gara borondatez ari garenak, eta denetara iristen ez bagara ere, gure poza da jakitea zuzen jokatzen ari garela.

Hemendik, gurekin kolaboratzen duten pertsona guztiak aintzakotzat hartu nahi ditugu, horiek gabe gure lana askoz zailagoa izango litzatekeelako.

GURE LURRA DEFENDA DEZAGUN !

Un buitre hallado por un colaborador de Eguzki al pie de un poste de una línea eléctrica.

Suhiltzaileak Indumetalen, sua itzali ostean.

Iruñetik deituriko ”Euskal Y” Ezkiotik edo Gasteizetik lotura, ez galgorik ez podenkorik.

Aste batzuk daramatzagu AHTaren “udako sugearekin” eta Iruñetik deituriko ”Euskal Y” Ezkiotik edo Gasteizetik lotura.

Etsigarria da ikustea gure Herriak, proiektu hau defendatzen jarraitzen duten galgo eta podenkoengatik, erabaki interesatuen eta argumentatu gabeen mende jarraitzen duela. Erabaki hauek baliabide publikoak xahutzen dituzte, ekozidak dira eta lurraldeak suntsitzen dituzte. Gainera, Espainiako Erresumako beste lurralde batzuetan AHTa inposatu zenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro ondoren, izaera publikoko eta sozialeko trenbide-zerbitzuak egoera penagarrian daude autonomia erkidego guztietan.

Nafarroak, bertako biztanleek eta enpresek, ez dute AHTrik behar pertsonak eta salgaiak trenbidez kalitate ezin hobearekin garraiatzeko. Sustrai Erakuntza Fundaziotik hauxe frogatu genuen argitaratutako txosten bietan orain dela urte batzuk.

AHTrako partidak dituzten aurrekontuak babesten dituzten alderdiak egoteak eta erakunde autonomikoek eta estatu zein erkidego mailako erakundeetatik proiektu honen kontrako jarrera ez erakusteak argi eta garbi uzten du AHTaren aurka dauden herri mugimenduaren eta udalen esku baino ez dagoela obrak gelditzeko, eta dagoeneko eginda daudenak iraultzeko, borroka zintzo eta eraginkorra.

Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten alderdi guztiek onartu dute ez dela Iruñea eta Ezkio arteko lotura eraikiko Aralar zeharkatuz. Ministerio arduradunak hauxe bera argi dauka Mariano Rajoyren azken gobernutik: “galgoek” galdu egin dute. Orain, “podenkoek” AHTa Iruñea eta Gasteiz artean ez dela eraiki behar onartzea behar dute.

Bi ibilbide hauek errepresentatzen duten trenbide-eredua berbera da. Kontua da AHTak eragiten duen xahutze ekonomikoa, ustelkeria, lurraldearen eta biodibertsitatearen txikizioa onartzea, eta onartzea ez bakarrik oker jokatu dutela horren alde apustu egin duten alderdiek, sindikatuek, propaganda-bideek eta abarrek, baizik eta, honela enpresa eraikitzaileen, ingeniarien, bankuen eta politikari ustelen onura pribatuei lagundu egin dietela.

Ez da geltoki berririk behar ez Tuteran, ez Iruñean. Orain arte eraikitakoa Nafarroan AHTaren obrak hasi aurretik zegoen egoerara itzuli behar da.

Sustraitik defendatzen dugun alternatiba Tren Publiko eta Soziala da, eta beste kolektibo batzuek ere horren alde egiten dute. Dauden trazadurak aprobetxatuz, geltokiak eta geralekuak berriro irekiz, tren egokiak martxan jarriz eta jabetza eta kudeaketa publikotik baliabideak, materiala eta langileak berreskuratzeko inbertituz.

Nafarroan, 2024ko abuztuaren 21a.

Sustrai Erakuntza Fundazioa