Eguzkik Donostialdean bi urtetan bidegorri segurua egin daitekeela adierazi du
2008-03-26
Partekatu - Compartelo
Gara.Borondate politikoarekin eta errepideetarako erabiltzen dena baino anitzez diru gutxiagorekin Donostialdean bidegorri sare segurua egin daiteke bi urtetan, Eguzki talde ekologistak ziurtatu duenez.
Bizikleta herritarren ohiko garraiobide izan dadin dauden zailtasunen azterketa egina du Eguzkik, eta ikerketa horren datuen berri eman zuen atzo Juan Mari Beldarrain talde ekologistako kideak.
Donostiako Gipuzkoa Plaza eta Hernaniko, Errenteriako eta Lasarteko udaletxeak lotzen dituzten bidegorrietan hainbat puntu beltz aurkitu dituzte. Hernaniko norabidean, Martutenen, kuartelen zubitik Pilarrera bizikletaz joatea arriskutsua da euren iritziz, baita Ergobia-Astigarragatik Martutenerako bidea egitea ere. Errenterian, Mirakruzeko gainean «dentsitate eta kutsadura handia» dagoela adierazi zuen Beldarrainek, eta Herrera eta Pasaia arteko tartean kontuz ibili beharra dagoela erran zuen, Añorga Txikitik Lasarterako bidean bezala. Azken honetan, txirrindulariek N-1 errepidean sartu eta Rezola zementu fabrikako bihurgunea pasatu behar dute, edo osterantzean 634 errepidean Bilboko norabidea hartu eta Lasartera jaitsi.
Beste bultzada bat ematea xede
«Nazkatuta» dago Eguzki bidegorrien erabilera sustatzeko plan horiekin guztiekin. Ez dute hemendik bost edo hamar urterako egitasmorik nahi, ziur baitaude borondate politikoarekin eta dagoen diruarekin bi urtetan Donostialdeko herriak hiriburuarekin komunikatzeko bidegorri sare seguru bat lor daitekeela.
Beldarrainek salatu zuenez, hainbeste errepide eraikitzeko diru publikoa baldin badago -adibidez, Urumeako autobidea, Hernaniko ingurabidea, Aritzetako lotunea eta A-8ko hirugarren bidea-, bidegorrietarako ere badago, baina erakundeek motordun ibilgailuentzako azpiegiturak egiteko erabiltzen dute. Eguzkiren arabera, bizikleta ez da motordun garraioen alternatibatzat hartzen eta, hori dela-eta talde ekologistak bertze bultzada bat eman nahi dio garraiobide honi.
Juan Mari Beldarrainek jakinarazi zuenez, Donostiako Gipuzkoa Plaza eta Hernani, Errenteria eta Lasarteko udaletxeak lotzen dituzten bidegorriak batuta 30.840 metro egiten dituzte, eta distantzia horretan hainbat puntu beltz daude. Hiriburutik herri horietara joateko ibilbideen %46,6 soilik egin ditzakete txirrindulariek «gutxi gorabehera modu seguruan». Ibilbideen %53,4tan ibilgailu asko izaten da eta arriskutsua da oso.