Noticia

  • Ondarroako ur araztegia: desastre baten kronika

    2010-02-20
    Partekatu - Compartelo

    Ondarroarrek urteak zeramatzaten euren ibaiko urak garbitzeko ur depuradora bat eskatzen. Zain egondako denbora luzea izan bada ere, azkenean herriak badauka araztegia.

    ONDARRU URA 20100219

    Baina ez dakigu pozik egon behar garen, ala kezkaturik, araztegi hau egiteko prozesua desastre ekologiko hutsa izan baita. Arazoak konpontzeko zen obra batek problema gehiago sortu ditu, eta euretariko batzuk konpontzeko daude edota konponezinak dira.

    Obra honen lehenengo desastrea bere kokapena izan zen. Jada urbanizatua zegoen espazio bat erabili ordez (Ondarroako portua, adibidez) eraikin berria kostako bideko haitzetan eraiki zen, Kosten Legeak eraikin bat egiteko ezartzen dituen itsasoarekiko distantziak errespetatu gabe eta herrian dugun ingurunerik ederrenetariko bat desitsuratuz.

    Eraikin zentralaz gain, ur zikinak garraiatzeko eraiki diren ponpatzeko estazio eta hoditegiek ere ondorio latzak laga dituzte. Ponpatzeko estazioak Alleriko paduran eraiki dira, uren igoera maila edota paduraren babesa kontuan hartu gabe. Hoditegiak, ostera, mendi azpiko tuneletatik sartu dira, eta ondorioz akuifero handi bat hustu dute, milaka litro ur galdu eta inguruko baserri asko debaldeko ur hornidura naturalik gabe lagata. Ur hori laster berreskuratuko zela esan zuten obraren arduradunek, baina gaur da eguna oraindik tantarik ere ez dagoena.

    Hori dena nahikoa ez balitz, depuradorak hilabeteak daramatza ur zikina itsasora botatzen. Kostaldetik pasiatzen ibili den edonork ikusi ahal izan du itsasoa zikinduta. Zergatik ari da gertatzen hau? Depuradora egiteko egin diren sakrifizio guztien ondoren, zergatik jarraitzen du ur zikina itsasora botatzen?

    Ur errekurtso naturalak desagertuta, padura eta kostaldea urbanizatuta, ur zikina itsasora zuzenean botatzen… Udalean, Diputazioan edota Uren Partzuergoan norbaitek honen guzti honen inguruko azalpen bat eman beharko luke, eta egindako kalteak ordaintzen hasi.

    Horretaz gain, salatzekoa da depuradora berria aitzakiatzat hartuta udalak uraren kudeaketa Uren Partzuergoari eman izana. Orain, herriko ondasun publikoa dena (ura) kanpoko enpresa batek jestionatuko du, eta prezioak igoko dituzte negozioa egin ahal izateko.


    Partekatu - Compartelo