Zaborraren bilketa nahiz kudeaketa osasuntsuago eta justuago bat posible delako
Eguzki talde ekologistak mahai inguru bat antolatu du otsailaren 3rako Andoaingo Urigain Kultur Etxean zaborraren bilketa eta kudeaketaren inguruan, 19:30etan.
Azken urte hauetan ikusi dugu nola zabor bilketa, urtero KPI edo IPC baino askoz gehiago igotzen den eta aldiz bilketan edo kudeaketan ez dugu inongo onura edo/eta hobekuntzarik antzeman.
Bestalde, urteak daramatzagu entzunez errauskailu bat eraiki nahi dutela zaborrak erretzeko gure etxe ondoan (Andoaingo herrigunetik 2,5-3 kmra eta udalerriko mugatik 1km baino gutxiagora) eta hainbat informazio zabaldu dugu errauskailu horrek sortu ditzakeen eragin eta kalteei buruz.
Oraingoan pauso bat aurrera eman nahi dugu eta praktikara jo nahi dugu, zaborrarekin zer egin daiteken, nola kudeatu daiteken azalduaz, kudeaketa justuago baten alde, ingurumenari nahiz osasunari kalte gutxiago egingo diona. Horretarako adibideak etxe ondoan dauzkagu eta mahai ingurura bi hizlari gonbidatu ditugu:
Bata Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea eta bertan erabiltzen ari diren atez ateko zabor bilketa sistemaren berri emango digu.
Bestea, O Zabor plataformako kide bat izango da. Plataforma honen helburua zaborretara botatzen dugun hondakin orori berrerabilpen bat ematea da, bide horretatik zabortegiak, errauskailuak e. a. saihestuz.
Beraz, jarduera praktiko bat eta ikuspegi teoriko-praktiko bat ezagutarazi nahi ditugu, bai gure udalak eta baita guk, herritar garen neurrian, ezagutu dezagun zein pauso eman behar ditugun zaborraren eragina txikiagoa izan dadin gure bizitzan, gure patrikan hala nola ingurumenean.