Noticia

  • Gipuzkoako ekologistak basogintza politikan aldaketak aldarrikatzen

    2012-03-13
    Partekatu - Compartelo

    Gipuzkoako erakunde ekologistak dagoeneko bi aldiz elkartu gara Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendaritza Nagusia gidatzen duten Bilduko arduradunekin…
    basogintzza

    Gipuzkoako erakunde ekologistak dagoeneko bi aldiz elkartu gara Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Inguruneko Zuzendaritza Nagusia gidatzen duten Bilduko arduradunekin: Julian Unanue zuzendariarekin (bietan) eta Jon Uriguen diputatuarekin behin.

    Naturaren kontserbazioarekiko utzikeriak, baso naturalen desagertzeak eta basabizitzaren egoera larriak, Gipuzkoako 14 erakunde ekologista eta naturzale elkartzea eragin du. Elkarrekin partekatutako hausnarketetatik Foru Aldundiarekin hitz egiteko beharra ikusi dugu. Bilera hauetan EAJren garaiko ekologismoarekiko eta natur kontserbazioarekiko bazterkeria alde batetara uzteko eskatu dugu.

    Pasa den ekainetik Aldundia arlo desberdinetako eragile askorekin (euskara, kultura, jendartea, enpresa, lana,…) bildu da, baina ekologistok guk geuk jarri behar izan dugu harremanetan sail horretako arduradunekin. Hasieratik natur kontserbazioa baztertzeko arriskua dagoela ikusi dugu, eta horregatik eskatu diogu Aldundiari gurekin ere maiztasun egoki batekin biltzen hasteko. Hasierako elkarrizketa hauetan, Aldundiaz gain, Gipuzkoako 14 taldeak eseri gara (9 natur talde, 2 ornitologia-talde, eta 3 talde ekologista).

    Besteak beste, ekologistok eta kontserbazionistok Aldundiari eskatu diogu hamarkadetan zehar bultzatu den mendien artifizializazioa, eta milaka hektareatan egurra eskuratzeko espezie exotikoen landaketak egitea bultzatu duen basogintza-politika baztertzeko, bide batez, lobby forestal pribatuek agindutako politika deseginez. Bereziki, pinu landaketak, horien ustiaketarako egiten diren matarrasak edota horiei bideratuta egiten diren fumigazioak diru publikoz ez laguntzea eskatu dugu. Aitzitik, bertako baso eta habitat naturalak (pagadiak, hariztiak, artadiak, estuarioak edo ibaiak) era masibo batetan berreskuratzen hasteko inbertsioak handitzea da eskatu duguna.

    Bestelako eskaerak ere luzatu ditugu; esaterako, basozale elkarteak eta ehiza federazioak jasotzen duten diru-laguntza birbideratzea, Udalen beren jabegoko baso naturalak berreskuratzeko laguntzak ezartzea etab. Horrela baino ez baita lortuko basoen eta biodibertsitatearen aldeko benetako politika egitea, eta behin betiko politika forestalista eta zinegetiko atzerakoiak eta suntsitzaileak baztertzea.

    Hizketaldi horietan erronka berriak ere izan ditugu aztergai: esaterako, biodibertsitatearen kontserbazioa, naturaren kontserbazio aktiboa edota partehartze publiko iraunkorra (Biodibertsitateko Lurralde-Kontseilua sortuz …) Aldundiaren kudeaketaren bizkar hezurra bilakatzea legealdi honetan.

    Elkarrizketa hauetako atal garrantzitsua izan da ere Mendi Publikoen, naturgune babestuen eta Natura 2000 Sarearen kudeaketa moderno eta eraginkorra sustatzea. Gipuzkoako Mendi Publikoa bezala izendatutako 88 eremu daude, Natura 2000 Sarean 19, 4 Parke Natural ditugu, Babestutako Biotopo 2, Korridore Ekologikoen Sarea osatzen ari omen dira. Baina, inork ba al daki Foru Aldundia zertan ari den Ulia-Jaizkibelen, Aizkorrin, Motondon, Leitzaranen, Ernio-Gatzumen, Arno, Izarraitz, Oria ibaian, Aralarren, Aiako Harrian, …? Guk ere ez dakigu zein den Foru Aldundiak babestuta edo babestear dauden eremu hauekiko duen ikuspegia, ez baitugu ezagutzen administrazio honek natur kontserbazioarekiko dituen asmoak.

    Biodibertsitatearen galera eteteko premiazkoa da irizpide tekniko eta zientifikoak zehaztea, orain arte honetan interes- eta kudeaketa-ahalmen zuzena izan duten aipatutako bi lobby pribatuen (forestala eta ehiztariena) jarduna mugatuz. Lobby horiez gain, biodibertsitatearen kontserbazioarekiko bestelako ikuspegia dugun ahotsak kontuan hartzea eskatzen diogu Aldundiari. Lobby horienak ez bezala, gure interesak kolektiboak dira, guztiona den ondare naturalaren defentsa baita gure helburua.

    Urte luzeetan baztertuak eta gutxietsiak izan gara, eta bada garaia egoera horrekin bukatzeko. Beraz, Bilduk esaten duena bete eta benetako partehartzea gauzatzeko eskatzera joan gara Aldundira. Ikusteko dago zein izango den erantzuna.

     

    Idatzi honen sinatzaileak dira:

     

    Arkamurka Natur Elkartea

    Zumaia Natur Taldea

    Zestoako Natur Taldea

    Erkaxo, Azpeitiako Natur Taldea

    Mutriku Natur Taldea

    Okil Beltza Natur Taldea

    Haritzalde Natur Taldea

    Osina Natur Taldea

    Landarlan Natur elkartea

    Herrio Natur Taldea

    Ugatza Ornitologia Elkartea

    Itsas Enara Ornitologia Elkartea

    Berdeak

    Ekologistak Martxan

    Eguzki, erakunde antinuklear eta ekologista

    Donostian, 2012ko martxoaren 8an


    Partekatu - Compartelo