Aurreko hamarkadako planen arabera, aurki hiru errauste plantak behar zuten martxan, baina Nafarroak eta Gipuzkoak bertan behera utzi dituzte egitasmoak.
Errealitateak esan digu 2010eko proposamena gainditua dagoela». Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilari Jose Javier Esparzak hitz horiekin baztertu du errausketaren tratamendua Nafarroako hiri hondakinentzat. Errauste planta batek, funtzionatzeko, urtean gutxienez 128.000 tona hondakin behar dituela esan, eta Nafarroan gaur kopuru hori ezin dela bermatu azaldu du. Aurreko hamarkadan diseinatu zituzten hiri hondakinen kudeaketa planen arabera, hiru errauste plantak martxan egon behar zuketen, aurki, Euskal Herrian —Nafarroan batek, Gipuzkoan besteak, Bizkaian hirugarrenak—. Baina, Gipuzkoako Diputazioak Zubietako errauste planta bertan behera utzita, eta Nafarroako Gobernuak teknika hori baztertuta, Zabalgarbi izango da urte batzuetan martxan arituko den errauste planta bakarra; soilik Bizkaiko hiri hondakinak erraustuko dira.
Nafarroan, oposizioaren babesa du gobernuaren erabakiak. Orain, ikusteko dago zer azpiegitura egingo dituzten, eta horren inguruan adostasunik josiko den. Gipuzkoan, Denis Itxaso PSE-EEko Ingurumen buruak onartu du «denborak eta krisiak» erakutsi dutela Gipuzkoako aurreko hondakinen plana eguneratu behar zela. Noticias de Gipuzkoa kazetak elkarrizketaturik, irail hasieran, onartu zuen «gehiegizko tamaina» zutela Gipuzkoarako pentsaturiko «azpiegitura batzuek» eta, gainera, «oso zaila» iruditzen zaiola beste errauste planta bat eraikitzeko bidea egitea, nahiz eta 2015ean diputazioko gobernua aldatu: «Agintaldi honetan diru gehiegi gastatu dugu kalte-ordainetan, orain kapritxo hutsez eta ikerketarik gabe errauste planta bat eraikitzea posible ote den planteatzeko». Ikusteko dago EAJk hurrengo agintaldirako zer proposamen egingo duen, baina PSEk Itxasori jarraituz gero, zail izango da errauste planta zaharraren egitasmoari bere horretan behintzat eustea; berritik hasi beharko litzateke.
Gipuzkoan obra hasi eta gero gelditu zuten errauste planta, baina Nafarroan arinago egin dute atzera: proiekturik ere ez dute egin. Hondakinen kudeaketa plana 2010erako diseinatu zuten, ondorio horrekin: beharrezko izango zela hondakinak erraustea eta horretarako planta bat eraikitzea. Baina 2012ko martxoan Roberto Jimenezek —PSNko kidea gobernuko presidenteordea zen garai hartan— iragarri zuen errauste planta ez zela eraikiko. Adierazpen lausoa izan zen, alternatibarik aurkeztu gabe utzi zuen, eta gerora gobernu akordioa hautsi zuten PSNk eta UPNk. Gerora, 2013ko urtarrilean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen, gainera, hondakinen planak ez zuela baliorik, ez zutelako zehaztu errauste planta non kokatuko zen. Puntu hori zehazteko edo, bestela, plana berregiteko agindu zion gobernuari.
Harrezkero oposizioko alderdiek behin baino gehiagotan galdetu diote UPNren gobernuari, zer egin asmo duen hondakinekin. Joan den astean, Nafarroako Parlamenuko Ingurumen Batzordean baieztatu zuen Jose Javier Esparza Ingurumen kontseilariak: bilketa selektiboa handitu eta hondakinen sorrera gutxitu da; Europako Batasunak birziklatzeari begira zehazturiko helburuak ere hor dira, eta ezin da ziurtatu errauste planta batek funtzionatzeko adina hondakin sortuko direla. Esparzak zehaztu zuen badirela errauste plantak baino teknologia merkeagoak, aurreratuagoak, eta gobernuak horien alde egingo duela, «ahalik eta adostasun handiena bilatuz», zabortegiak ixtea derrigorrezkoa delako. Esparzak ez zuen zehaztu gobernuak nolako azpiegituren alde egingo duen, baina aipatu zituen «plasma, gasifikazioa, biometanizazioa eta konpostajea».
Lapurdin ere eduki zuten errauste planta bat —Bachefores, 2005ean itxi zuten—. Bizkaian (Bermeon eta Aulestin) eta Gipuzkoan (Arrasaten) ere erraustu izan dituzte hondakinak, baina ahalmen oso txikia zuten, eta itxi zituzten planta haiek ere. Zabalgarbi da, beraz, orain hiri hondakinak errausten dituen planta bakarra —aurtengo apirilean hamar urte bete ditu lanean—. Baina Zabalgarbi ez da errauste planta hutsa. Izatez, gasa erretzen duen ziklo konbinatuko zentral bat da Zabalgarbi, Bizkaiko hiri hondakinak ere errausten dituena, elektrizitatea sortuz. Ekologistak Martxan taldearen kalkuluen arabera, gasa errez sortzen du energia, batez ere: Zabalgarbik sorturiko elektrizitatearen %85ek gasa du jatorri; %15 baizik ez dute sortzen hondakinek.
Ekologistak Martxan taldeak salatua du, bestalde, Zabalgarbi ez dela errentagarria: 2012an 19,75 milioi euro jaso zituen «energia berriztagarria» sortzeagatik —araudiak hala irizten dio hondakinak erraustuz sortutako energiari—, eta diru sari berezi hori gabe plantak galerak leuzkakeela salatu du taldeak. Aurten 17,3 milioi jasotzekoak ditu. Ohartarazi dute plantak ez duela efizientzia energetikorik, eta airera baimendutakoa baino isuri handiagoak egin zituela iaz lau egunetan. Aldiz, plantaren jarduera defenditu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak berriki.
Salaketak salaketa, Bizkaiko Diputazioak eta Bilduk ez beste alderdiek babesten dute Zabalgarbi. Ezustekorik ezean martxan jarraituko du, beraz. Mikel Huizi plantako zuzendariak esana du gaur egun hondakin gehiago hartzeko lekurik ez duela plantak, baina zehaztuz baduela baimena planta handitzeko. Iosu Madariaga Diputazioko Ingurumen diputatuak 2013ko martxoan BERRIAri esan zion Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat, «agian», nahikoa dela errauste planta bakarra. Denis Itxasok orain esan du, zehaztu gabe, Gipuzkoa baino «lur eremu zabalago batean» bilatu behar direla konponbideak, ondoko probintziekin aukerak aztertuz. Ikusteko dago etorkizunean beste herrialdeetako hondakinak Zabalgarbira eramango dituzten.
Aholkularitza berarekin
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hondakinen kudeaketa planak 2000ko hamarkadan diseinatu zituzten. ISR Instituto para la Sostenibilidad de los Recursos Madrilgo erakundearen aholkularitzarekin, hiru planetan ondorioztatu zuten errauste planta bana beharko zutela herrialde horiek. Hamarkada joanda, jaitsi egin da hondakinen sorrera, eta bilketa selektiboaren datuak zerbait hobetu dira. Europako Batzordea araudia zorrotzen ari da, gainera: agindu du 2030erako hiri hondakinen %70 birziklatzeko, eta birziklagarriak diren gaiak ez errausteko eta zabortegietara ez botatzeko. Faktore horiek baldintzatuko dituzte alderdi politikoen proposamenak orain berregiten ari diren edo berregin beharko dituzten hondakinen kudeaketa planetan.