Albistea

  • Jaurlaritzak berriro uko egin dio uraren saneamendu-lanetan dituen konpromisoak betetzeari

    2017-04-05
    Partekatu - Compartelo

     

    Gezurra badirudi ere, ur zikinak oraindik isurtzen dira Urdaibain. ARGAZKIA: Mikel Arrazaola/Irekia

    Gezurra badirudi ere, ur zikinak oraindik isurtzen dira Urdaibain. ARGAZKIA: Mikel Arrazaola/Irekia

    Eusko Jaurlaritzak aurten ere ez ditu beteko ur-saneamendu alorrean dituen konpromisoak. Izan ere, egunotan Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren aurrekontuetan, ur zikinak biltzeko eta arazteko 12,5 milioi baino ez ditu ipini, eta diru kopuru horrekin ezin zaie inolaz ere aurre egiten hasi egiteke dituen lanei.

    Urdaibaiko kasua

    Horra hor Urdaibaiko Biosfera Errerserbaren kasua. Europako Saneamendu Zuzentarauak ezarritako epeak aspaldi atzean geratu ziren arren, Busturialdeko 22 herrietako ur zikin asko oraindik zuzen-zuzenean itsasadarrera isurtzen dira. Arazo hori 2019rako behin betiko konpontzeko asmotan, Eusko Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak komenio bat izenpetu zuten. Komenio horren arabera, Jaurlaritzak 49 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu zuen honako egutegi honen arabera:

    urdaibai_eus

    Iazko aurrekontuetan, baina, Jaurlaritzak Urdaibaiko saneamendu-lanetarako 5.428.915 euro bideratu zituen. Aurtengoetan, berriz,  7.323.024. Konpromisoak eta errealitateak alderatu baino ez dira egin behar ondorioztatzeko gauzak asko, izugarri, aldatu ezean, Urdaibaiko saneamendua 2019rako ere ez dela bukatuko.

    Jaurlaritzak 50 milioi euroko zorra du Gipuzkoako saneamenduarekin

    Urdaibain, EAEko Biosfera Erreserba bakarrean, hori gertatzen bada, ez da zaila ondorioztatzea beste leku batzuetan Jaurlaritzaren konpromisoen betetze-maila berdintsu edo are okerragoa dela. Esaterako, Gipuzkoan, Jaurlaritzak saneamendu-lanetan aspalditik pilatuta daukan zorra 50 milioi eurokoa da.

    Zor hori 2007an Foru Aldundiarekin eta mankomunitateekin hainbat lan hidrauliko egiteko izenpetu zuen Hitzarmen Markoaren ondorio da. Hitzarmen haren bidez, Jaurlaritzak 2011 bitartean saneamendu-lan jakin batzuk egiteko konpromisoa hartu zuen. 2011 aspaldi pasatu zen, baina Jaurlaritzak konpromisoa bete gabe jarraitzen du. Iazko urtarrilean, berriz, BOEk Plan Hidrologiko berria argitaratu zuen. Plan horren Neurri Programan, egiteke dauden saneamendu-lanak aurrera eramateko epeak (1) modu nabarmenean laxatu ziren (2027ra arte). Hala ere, epe berriak beteko badira, Jaurlaritzak, 2021. urte bitartean, 18,9 milioi euro behintzat inbertitu beharko lituzke Gipuzkaoko saneamenduan. Hori kontuan hartuta, Urkullu lehendakariaren eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren gobernu berriaren lehen aurrekontuak ezin etsigarriagoak dira. Izan ere, aurrekontu horietan 612.000 euro baino ez dira bideratzen Gipuzkoako saneamendu-lanetara, zehatz-mehatz, 300.000 Villabonarako, 300.000 Mallabirako eta 12.000 Pasai Donibanerako (esan gabe doa 12.000 eurorekin gehienez ere proiektuaren idazketa ordaindu ahal izango dela, lan horiek, berez, 4 milioi euroko aurrekontua baitute). Aurrekontuan ez dago sosik ez Saturrarango hondartzan bertan isurtzen duen Mijoa errekarako, ez Andoiango Ziako errekarako, ez Antzuolarako, ez Elgetarako… (2).

     

    Iazko udako isuri bat Mijoa errekan.

    Iazko udako isuri bat Mijoa errekan.

    Bietako bat: edo Jaurlaritzaren partetik orain arte sumatu ez den aurrekontu-konpromiso sendoa dago edo Gipuzkoan 2011rako eginda egon behar zuten saneamendu-lanak 2021rako ere ez dira egongo. Are gehiago, aurtengo aurrekontuen inbertsio-maila mantenduko balitz, 2050ean ere egin gabe jarraituko dute.

     

    Legegintzaldia hasi berria da eta dagoeneko gobernu-akordioa alor horretan ez betetzeko arriskua dago

     

    EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: “Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraulikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera”. Baina plangintzak epeak ezartzen ditu, eta epe horiek sistematikoki urratzen ari dira, funtsean, Jaurlaritzak ez duelako behar beste inbertitzen. Legegintzaldiak hasi baino ez du egin, baina gauzak izugarri aldatu ezean, garbi dago EAJk eta PSEk gobernu-akordioan emandako hitza ez dutela beteko.

     

    EGUZKI, 2017ko apirila

     

    (1) Honako lotura honetan Gipuzkoan Jaurlaritzaren finantzazioaren zain jarraitzen duten saneamendu-lanei buruzko taula bat aurkituko duzu, Plan Hidrologiko berriaren Neurri Programak zehaztutako epe eta aurrekontuekin:

    http://eguzki.org/es/2016/12/28/ibaiak-saneatzeko-hainbat-proiektuk-atzerapena-pilatzen-jarraitzen-dute-jaurlaritzak-ez-duelako-horiek-finantzatzeko-konpromisorik-betetzen/

    Saneamendu-lan horiei buruzko informazio gehixeago, banaka-banaka, honako lotura honetan:

    http://eguzki.org/es/2017/01/11/gipuzkoako-ibaien-saneamendua-eta-jaurlaritzaren-zorrak/


    Partekatu - Compartelo