Albistea

  • Jaurlaritzak Ingurumen Planaren emaitzak desitxuratu egin dituela salatu du Eguzkik

    2007-05-09
    Partekatu - Compartelo

    Kyotoko Protokoloa betetzeko asko falta izateaz gain ingurumena «larri» dagoela esan du Eguzkik. Gainera, talde ekologistak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak datuak «desitxuratu» nahi izan dituela, 2002-2006 EAEko Ingurumeneko Esparru Programaren interpretazio positiboa zabaltzeko.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Esther Larrañagak iragan astean emaniko datuak jaso eta berriz aztertu ditu Eguzkik. Atzo azterketa horren ondorioak jendaurrean aurkeztu zituen. Taldeko bozeramaile Alberto Friasek adierazi zuenez, ingurumenari lotutako gai ororekin «alegiazko errealitatea» osatzen ari da Jaurlaritza, eta irudi horrek benetako datuekin eta eguneroko jarduerarekin ez duela bat egiten ohartarazi zuen.

    KONTRAESANAK ATZEMAN DITUZTE. Izan ere, Alberto Friasen aburuz, «zeharo kontrajarriak» dira 2002-2006 Ingurumeneko Esparru Programaren datuak eta sailburuak horien inguruan eginiko balorazioa. Ingurumenaren kalitatea hobetu egin dela adierazi zuen Esther Larrañaga Ingurumen Sailburuak iragan astean Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian, eta ekonomiaren hazkundeak ez dituela handitu ingurumenari eginiko kalteak.

    Aldiz, Friasen hitzetan, ingurumenaren eta baliabide naturalen adierazle nagusi guztiak negatiboak dira; alegia, uraren, energiaren eta baliabide materialen kontsumoa eta lurraren artifizializazioa. Hortaz, Eguzkiko kidearen esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «herrialde zikinak, xahutzaileak eta zaratatsuak» dira. Eusko Jaurlaritzak planean zehaztutako helburu bakar bat ere ez duela bete zehaztu zuen.

    Hala, hiri hondakinen kopurua urtetik urtera handitu egin dela nabarmendu zuen Friasek, eta 1998. urtean herritar bakoitzeko 491 kilo hondakin sortzen zirela eta 2005. urtean, berriz, 560 kilo. Industriak eragindako hondakin arriskutsuen kopurua ere igo egin dela adierazi zuen Eguzkiko kideak. Nekazaritza eremuan, berriz, nekazaritza ekologikoari zuzentzen zaion lur eremua Espainiako beste erkidegoetan baina askoz txikiagoa dela esan zuen.

    Energiaren arloan, Friasek azpimarratu zuen energiaren kontsumoa %39 igo dela azken urteotan, eta energia berriztagarrien ekarpena %86 igo bada ere, kontsumo osoaren %4,4 bakarrik dela. Halaber, biztanle bakoitzak duen baliabide materialen beharra 79 tonatik 96 tonara igaro da 1990. urtetik 2004. urtera.

    ADIERAZLE LARRIENAK. Nolanahi ere, Eguzki taldearen irudiko, ingurugiroaren egoera larriaren erakusle nagusiak berotegi efektua eragiten duten gasen emisioak handitzea eta lurraldearen artifizializazioa dira. Izan ere, 1990 eta 2005 urteen bitartean, gas isurtzea %24 igo zen. Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan berotegi efektua duten CO2 gasen isurtzea 12,2 tonakoa da biztanle bakoitzeko. Ordea, Espainiako bataz bestekoa 10 tonakoa da, eta Europako Batasunekoa 11 tonakoa. Bestetik, Eguzkik egin azalpenaren arabera, etxebizitzak egiteko lurzoruaren okupazioa %33,5 igo da 1994. urtetik, jarduera ekonomikoek okupatutako lurzorua %51,2 igo da, eta garraio azpiegiturei zuzendutakoa %9,5.

    «Eusko Jaurlaritzak planean zehaztutako helburu bat ere ez du bete, eta ingurumena egoera larrian dago» «Gaur egun, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa herrialde zikinak, xahutzaileak eta zaratatsuak dira» Alberto Frias Eguzkiko bozeramailea.


    Partekatu - Compartelo