Albistea

  • Haize Energiaren Lurralde Sektore Planeko egitasmoak gelditzeko eskatu du Eguzkik

    2007-11-14
    Partekatu - Compartelo

    Plana berrikusi behar dela dio Alberto Friasek eta hori gertatu bitartean proiektu berriak gelditu behar direla.

    Arkamuko, Perriaingo, Iturrietako mendietako, Kolometako eta Gazumeko haize parkeak gelditzeko eskatu dio Eguzkik Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari. EAEko Haize Energiaren Lurralde Sektore Planak aurreikusi zituen haize zentral berri horien lanak esleitzeko epea abenduan hasiko dela jakinarazi du talde ekologistak, eta hori atzeratzeko eskatu du. Plana «zaharkituta» dagoela esan du Eguzkik. Horren aurrean egitasmo horiek gelditzeko beharra azaldu du, plana berrikusten den bitartean.

    Industria Sailak esleitu nahi dituen bost haize zentralen kokapenaren aurkako arrazoiak hiru modutan arrazoitu zituen Alberto Frias Eguzkiko bozeramaileak, betiere EAEko haize energiaren ereduaren kontra dagoela agerian utziz, ez haize energiaren kontra. Arkamun, Perriainen, Kolometan eta Iturrietako mendietan egin nahi dituzten haize parkeak Natura 2000 Europako sare ekologikoaren barrenean daude, eta gune horiek babestuta daude. «Badirudi saiatzen ari direla esku batek egindakoaren berri ez izatea beste eskuak». EAEko azaleraren %20 Natura 2000 sarearen barrenean dagoela gogoratu zuen Friasek, eta haize parkeak gainerako %80an egiteko eskatu zuen. Gazumeko haize parkea oso txikia denez, besteen ondoan «garrantzigabea» dela esan zuen Friasek.

    Horretaz gain, Arkamun, Perriainen eta Iturrietako mendietan haize errotak jarri nahi dituzten mendien erabilera kontzejuei dagokie. Arabako Foru Aldundiak onartu duen Mendietako Arauaren babesa dute ere mendi horiek, eta erabilera publikoko izendapena dutela gogoratu du Friasek. Hori dela eta, Industria Sailak «beste legedi arazo baten aurrean» dagoela nabarmendu zuen.

    ORDUNTE, GOGOAN. Haize zentralak jarri aurretik dituzten oztopoez gain Ordunteko egitasmoarekin gertatutakoa gogora ekarri zuen Friasek, egitasmo berriekin gertatu daitekeena baldintza dezakelako. Planaren barruan egin zituzten lehen haize zentralen artean zegoen, baina atzera bota zuten ingurumen eraginari buruzko azterketa ezkorra izan ostean. Haize energiaren planak berak Arkamuko, Perriaingo eta Iturrietako mendietako haize parkeek Orduntekoa baino ingurumen eragin gehiago izango duela dio Friasek. Hori dela eta, Industria Sailak hartutako erabakia «ausarkeria» dela nabarmendu zuen.

    Haize Energiaren Lurralde Sektore plana aurreko EAEko Energia Planaren «zorduna» dela deritzo Friasek. Orain dela hainbat urte haize parke «erraldoiak» egiteko joera zegoen, baina, gaur egun, gogoratu zuen aukera horrek ez duela zertan egokiena izan. Hori dela eta, uste du derrigorrezkoa dela Arabako eta Bizkaiko batzar nagusiek eskatu zuten planaren berrikuspena egitea. «Energia kontsumoaren hazkundea gure mendien industrializazioak ekarriko lukeena baino handiagoa da», jakinarazi zuen.

    Haize parke berriek kaltetuko dituzten mendi eta herrietako bizilagun batzuek haien iritzia eman zuten atzo. «Mendi horiek erabil ditzakegu gure arbasoek zaindu zituztelako, eta haize parkeak etorkizuna hipotekatuko dute», adierazi zuen Erroetako bizilagun batek. Perriainen arrano gorria babesteko plana dagoela gogoratu zuen beste bizilagun batek. Hori dela eta, egitasmo berriak gelditu eta egin nahi dutenaren inguruko «gogoeta» egiteko eskatu zien Industria Saileko arduradunei.

     

    «Industria Sailak hartutako erabakia ausarkeria da, parke berrien ingurumen eragina oso handia da eta»
    alberto frias
    EGUZKIKO BOZERAMAILEA


    Partekatu - Compartelo