Albistea

  • Zigor handiak ezarri eta atxiloketak agindu ditu Auzitegiak 18/98 auzian

    2007-12-01
    Partekatu - Compartelo

    Espainiako Auzitegi Nazionalak 46 laguni 527 urteko kartzela ezarriko diela iragarri dute agentziek.

    Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auzian epaitutako 52 lagunetatik 46 atxilotzeko agindua eman zuen atzo, eta atzo eguerdian bertan hasi ziren Espainiako poliziak eta guardia zibilak agindua betetzen. Edizio hau ixterako orduan, gutxienez 27 auzipetu atxilo eramanak zituzten. Horietako 16 Soto del Realen espetxeratu dituzte. Beste hiru, Iker Beristain, Ana Lizarralde eta Imanol Iparragirre, preso dituzte lehendik. Epaia kaleratu aurretik agindu ditu atxiloketak Auzitegi Nazionalak. Berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, abenduaren 10ean egingo da publiko sententzia. Hala ere, atzo bertan hasi ziren filtrazioak. 46 auzipetu horientzat 527 urte eta 6 hileko espetxe zigorra ezarriko dela jakinarazi zuten. Iturri horien arabera, auzipetuetako 14ri ETAko buruzagi izatea egotzi eta 196 urte eta 6 hileko zigorra ezarri diete guztira; 17ri erakunde armatuko kide izatea leporatu eta 196 urteko zigorra jarri diete; 13ri ETAri laguntza ematea egotzita 127 urtekoa; biri, beste launa urteko zigorra gehitu diete, delitu ekonomikoak egin dituztela argudiatuta. Epaia kaleratu gabe egon arren, badaezpadako neurri gisa agindu du auzitegiak akusatuak aurrez atxilotzea, sententzia, «laister» kaleratuko dela eta auzipetuek ihes egiteko «arrisku handia» dagoela argudiatuta.

    Auzitegiak ez du epaitu guztiak atxilotzeko agindua eman. 52 lagunetik sei ez dituela atxilotuko jakinarazi du: Maite Mendiburu, Oiakue Azpiri, Marta Perez, David Soto, Jaime Iribarren eta Jose Ramon Antxia aske utziko dituzte, oraingoz. Berri agentziek auzitegiko iturriak aipatuz ohartarazi dutenez, halere, horrek ez du esan nahi absolbitu egingo dituztenik.

    Gainontzekoentzat, «zigor handiak» egongo direla iragarri zuen eguerdian Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak: «Kolaborazioagatik eta erakunde armatuko kide izateagatik zigor handiak ezarriko dira».

     

    18 URTE ALEGRIA ETA ELKORORENTZAT. Berri agentziek filtratu dituzte auzitegiak ezarriko dituen zigorrak. Eta aipagarria da, fiskalak eskatu baino zigor handiagoak ezarri dituela. Epaiak ia ehun urtean gainditzen du fiskalaren zigor eskaera. Xabier Alegriari eta Iñigo Elkorori ezarritakoak dira zigorrik gogorrenak. 18 urteko kartzelatzea agindu du epaimahaiak bakoitzarentzat. «Erakunde terroristako buruzagi» izatea egotzita 14 urteko zigorra jarri dio Xabier Alegriari, eta beste 4koa, bahitutako ondasunak saltzeagatik. Fiskalak 13 urteko zigorra eskatua zuen harentzat. Elkorori, 12 urteko zigorra ezarri dio erakunde armatuko kide izatea egotzita, eta beste seikoa Gizarte Segurantzaren aurkako delituak egitea leporatuta.

    Carlos Trenor eta Jose Antonio Etxeberria 17na urtez kartzelan sartzeko agindu du epaimahaiak. 13 urteko zigorra ETAko kide izatea egotzita jarri die, eta beste launakoa delitu ekonomikoak leporatuta.

    Zigorrik txikienak bederatzi urtekoak dira. Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak dira zigor horiek jaso dituzten gehienak, eta ETAri laguntza ematea egotzi die epaimahaiak. ETAko kide izatea akusatuta zigortu dituzten gehienei, 11na urteko zigorra jarri die Angela Murillo buru duen epaimahaiak.

    Teresa Todak, atxiloketen ez-ohiko izaera salatu zuen atzo, atxilotua izan aurretik eta auzitegiak ezarri dion hamar urteko zigorra oraindik ezagutzen ez zuenean. «Operazio mediatikotzat» jo zituen atxiloketak, eta ihes egiteko arriskua argudiatu izana aitzakiatzat jo zuen. «Argi dago ez dagoela ihes egiteko arriskurik, 16 hilabeteetan eskatu diguten guztietan egon garelako Madrilen». Epaiketak iraun dituen 16 hilabeteez ari zen. Halaber, auzipetuek mobilizaziorako deia egina dutela gogorarazi zuen, eta «aske daudenei» manifestatzeko eta ordubeteko lanuztea egiteko eskatu zien.

    ATXILOKETA SORTA. Alberto Frias izan zen atxilotu zuten lehenetarikoa. Gasteizen atxilotu zuten, eguerdiko ordubiak baino lehen, kide den Eguzki elkarte ekologistaren egoitzan. Ordu bertsuan atxilotu zuten Elena Beloki Espainiako Poliziek Hernanin, Urbieta kalean. Jexuxmari Zalakain ere, atxilotu zuten lehenetarikoa izan zen.

    Soto del Real espetxean neska-laguna bisitatu ondoren atxilotu zuten Txema Matanzas, eguerdi aldean. Berri agentziek zabaldu zutenez, 18:00ak inguruan sartu zuten espetxe berean.

    Xabier Balanzategi 15:00ak aldera detenitu zuten, Bilbon, lan egiten duen abokatuen bulegoan. Kalekoz jantzitako zortzi bat polizia bulegora joanda eraman zuten.

    Ordu bertsuan detenitu zuten Mikel Korta Ordizian, etxean. Zortzi guardia zibil inguru etxera joan, atera arazi, auto batean sartu, eta emazteari esan ziotenez, Intxaurrondora eraman zuten. Hain juxtu, adin gabeko semeari egoera azaltzen ari zitzaion Korta, guardia zibilek atea jo zutenean.

    Joxe Mari Olarra Villabonan atxilotu zuten 15:10ean, etxean. Guardia zibilek detenitu zuten. Esposatu, eta autoan sartuta eraman zuten. «Gora Euskal Herria askatuta!» oihu eginda agurtu zituen bertan zirenak.

    Nekane Txapartegiren bila ere joan ziren Villabonako etxera guardia zibilak. Baina lanean Bilbon zenez, ez zuten etxean aurkitu. Arratsaldean, Villabonan bertan atxilotu zuten Mikel Egibar. Lagunekin herriko plazan zegoela detenitu zuten, eta tentsio uneak sortu ziren.

    Olatz Egiguren, Joxe Garcia Mijangos eta Patxi Gundin Bilboko Santutxu auzoan detenitu zituzten. 15:45ean hartu zuten Egiguren. Gurasoen etxean zegoen eta guardia zibilak zain zituen atarian. Atea jo, eta Egigurenentzat abisua zutela esan zuten guardia zibilek. Etxean zirenak atarira jeitsi ziren eta atxilotu egin zuten auzipetua. Salveko kuartelera eraman zuten.

    Gurasoen etxeko atarian atxilotu zuten Garcia Mijangos ere Espainiako poliziek. Zain zituen poliziak, eta gurasoak agurtzeko aukera izan zuen auzipetuak. Indautxura eraman zuten atxilotuta. Neska lagunari, arropa polizia etxera eramateko aukera eman zioten, eta Soto del Realeko kartzelara eramango dutela jakinarazi.

    Gundinen senideei ere, Soto del Realera eramango dutela esan zieten. Santutxuko Zabalbide kalean detenitu zuten, etxeko atari ondoan. Aurrez, poliziak gurasoen etxera joanak ziren, bai eta lan egiten duen eskolara ere. Baina lanetik aterea zen ordurako, eta etxe ondoan detenitu zuten.

    Ruben Nieto, 16:00ak inguruan detenitu zuten Bilbon, neska-lagunak lan egiten duen LABen egoitzatik atera zenean. Kalekoz jantzitako poliziek atzeman zuten, eta esposatu gabe sartu zuten autora. Juan Pablo Diegez ere Bilbon atxilotu zuten.

    Iñaki OShea etxean atxilotu zuten, Barakaldon. Baita Iker Casanova ere. Pablo Gorostiaga eta Isidro Murga Laudion detenitu zituzten. Guardia Zibilak etxean atxilotu zituen Mario Zubiaga, Juan Mari Mendizabal eta Manu Intxauspe. Durangon lehena, Elgoibarren bigarrena eta Oiartzunen hirugarrena.

     

    ALEGRIA, LEZOKO ELKARTEAN. Natale Landa Arrasatetik eraman zuten, Joxean Etxeberria Errenteriatik, Xabi Otero Aoizetik. Xabier Alegriaren bila Lezoko elkarte batetara joan ziren 17:00ak aldera kalekoz jantzitako guardia zibilak. Bertatik atera arazi, eta bere gauzen bila joaten utzi zioten gero. Autora sartzera zihoanean maleteroaren kontra jo zuen istripuz, eta zauria egin sudurrean.

    Gara-ren Donostiako erredakzioan atxilotu zuten Sabino Ormazabal 18:30ak jotzear zirela. Kalekoz jantzitako poliziak egoitzan sartu eta eraman egin zuten, lankide eta senideen agurren artean.

    Bestalde, Javier Salutregi eta Elena Beloki, Espainiako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzara eraman zituzten arratsaldean. Handik atera zituzten 17:45ean polizien autoetan.

    19:15ean atxilotu zuten Fernando Olalde, Joxemi Zumalabe Fundazioaren egoitzan. Carlos Trenor, Olatz Altuna eta Mikel Aznar auzipetuak ere bertan ziren, baina poliziek ez zituzten atxilotu. Poliziek ez zuten Olalde atxilotzeko agindu judizialik, eta Joxe Mari Elosua abokatuarekin eztabaida luzea izan ondoren, abokatuari atxilotuarekin polizien furgonetan joaten utzi zioten. Aurrez, manifestazioa egin zuten fundazioak egoitza duen Donostiako Egia auzoan, atxiloketak salatzeko.

    Bilbon, iluntzean auzia salatzeko manifestazioan egon zen Miriam Campos auzipetua ere. Ez ziren, oraindik, hura atxilotzera joan.

     

     

     

    manIFesTazIoa

    Bilbo. 18/98ko auzipetuek manifestazio nazionalerako deia egin dute. Bilbon izango da manifestazioa bihar, 12:00etan, Euskal Herriaren eskubideen alde, egitasmo politiko guztiei aukera demokratikoa lelopean. «Erasoaren» aurrean «herri gisa» erantzuteko deia egin dute.

     

     

     

    Kepa Landa: «Ez dugu arrazoizko epairik espero»

    Kepa Landa 18/98 auziko akusatuen abokatuetako batek argi dauka Auzitegi Nazionalaren epaiak ez duela justiziarekin zerikusirik. «Ez dugu espero epaia arrazoizkoa izatea, ezta arrazoitua ere», adierazi zuen atzo arratsaldean Kepa Landa abokatuak Radio Euskadiko Graffiti irratsaioan. Kepa Landaren ustez, epaimahaiak ez ohizko bidea erabili du atxiloketak agindu dituelako epaia jakinarazi baino lehenago. «Esan ziguten auzipetuei data bat jakinaraziko zietela Auzitegi Nazionalera joan zitezen».

    Kepa Landaren ustez, «Auzitegi Nazionala eskandalu publiko bat eragiten ari da atxiloketa hauen bitartez».

     

     

     

    aTxILoKeTaK

    “18/98 auziko” 46 lagun atxilotzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Izenen alboan, beltzez, fiskalak egindako zigor eskaera dago. Eta letra gorrian Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra.

     

    Enpresak

    • Juan Pablo Dieguez: 7* 11
    • Bixente Askasibar: 9 13
    • Bigarren Ibarra: 9 13
    • Iker Beristain: 7** 12
    • Joxe Garcia Mijangos: 9* 11
    • Inma Berriozabal: 7 12
    • Joxean Diaz Urrutia: 7 11
    • Joxean Etxeberria: 13* 17,5

     

    JOXEMI ZUMALABE

    • Mikel Aznar: 7 9
    • Iñaki OShea: 7* 10
    • Sabino Ormazabal: 7* 9
    • Mikel Zuluaga: 7 9
    • Olatz Altuna: 7 9
    • Fernando Olalde: 7* 10
    • Alberto Frias: 7* 9
    • Mario Zubiaga: 7* 9

    EKIN

    • Imanol Iparragirre: 9** 11
    • Patxi Gundin: 9* 11
    • Txema Matanzas: 9* 14
    • Ruben Nieto: 9* 14
    • Ana Lizarralde: 9** 11
    • Olatz Egiguren: 9* 13
    • Paul Asensio: 9 11
    • Juan Mari Mendizabal: 9* 13
    • Xabier Balanzategi: 9* 11
    • Natale Landa: 9* 11
    • Xabier Arregi: 9 11
    • Iker Casanova: 9* 11

     

    XAKI

    • Mikel Egibar: 9* 13
    • Nekane Txapartegi: 9 11
    • Mikel Korta: 9* 11
    • Joxe Mari Olarra: 9* 13
    • Elena Beloki: 9* 13
    • Miriam Campos: 9 11

     

    ORAIN

    • Carlos Trenor: 11 17
    • Xabier Alegria: 13* 18
    • Manuel Intxauspe: 11* 13
    • Isidro Murga: 19* 10
    • Patxi Murga: 19 10
    • Xabi Otero: 4* 4
    • Javier Salutregi: 7* 12
    • Teresa Toda: 7 10
    • Jose Luis Elkoro: 19 18
    • Iñaki Zapiain: 4 4
    • Jexuxmari Zalakain: 19* 9
    • Pablo Gorostiaga: 11* 13

     

    ez dago atxilotze agindurik

    EKIN

    • Oiakue Azpiri: 7 ?
    • Marta Perez: 7 ?
    • Jaime Iribarren: 9 ?
    • David Soto: 9 ?

     

    XAKI

    • Jose Ramon Antxia: 9 ?

     

    ORAIN

    • Maite Mendiburu: 11 ?

     

    * Atxilotu dute

    **Espetxean dago beste auzi batengatik


    Partekatu - Compartelo