Albistea

  • Ez dira Gabon sari bat ematen ari, aspaldiko zor bat kitatzen baizik (Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak biltzeko kolektore bat eraikiko dute)

    2007-12-29
    Partekatu - Compartelo

    Cristina Narbona Ingurugiro ministroak orain dela gutxi (abenduaren 22an) iragarri duenaren arabera, 2008an Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak biltzeko kolektore bat eraikiko dute.
    Colector Donostialdea, 2008Cristina Narbona Ingurugiro ministroak orain dela gutxi (abenduaren 22an) iragarri duenaren arabera, 2008an Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak biltzeko kolektore bat eraikiko dute. Kolektore horrek, 27 milioi euroko aurrekontua duenak, ur zikin horiek Loiolako araztegira eramatea ahalbidetuko du.

    Albistea pozik hartu dugu Eguzkikook eta Lasarte-Oriak eta Usurbilek, Oriara egiten dituzten isuri kutsakorren bukaera gertuago ikusten dugulako. Alabaina, epeak beteko ote dituzten duda egiten dugu. Izan ere, Gipuzkoako ur zikinen saneamendu planek eperik ez betetzea dute ezaugarri nagusietako bat (beste bat, berriz, akats larriak izatea da).

    Horren adibidea da Oriako ur zikinen egoera tamalgarria. Alegiatik behera (Tolosa, Ibarra, Villabona, Andoain…) ur zikin guztiak zuzen-zuzenean ibaira botatzen dituzte, inolako tratamendurik gabe. Adunan araztegi bat eraikitzeko asmoa dute, baina 2012a arte ez omen da martxan hasiko, betiere atzerapen berririk ez badago, jakina.

    Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak, berriz, kolektore batean bildu eta Loiolako araztegira bidaltzeko asmoa dute. Hain justu, kolektore horren eraikuntza da Narbonak 2008rako iragarri berri duena. Beraz, kolektore horri esker, Europako araudiaren arabera beranduenez 2001erako tratatu behar zituzten bi herriotako ur zikinak 2010etik aurrera tratatu ahal izango dituzte Loiolako araztegian. Tratatu ahal izango dituztela esan dugu, baina tratatu ahal izango dituzte… edo ez, Loiolako araztegia behar bezala ez dabilelako. Izan ere, inauguratu zutenetik bi urte pasatu diren arren, akatsak direla-eta oraindik urruti dago Urumea bailarako ur zikin guztiak tratatzetik. Zehatz-mehatz, Martutenekoak, Astigarragakoak, Hernanikoak eta Urnietakoak zuzen-zuzenean itsasora doaz, depuratu gabe.

    Hau da, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ur zikinak bilduko dituen kolektorea behingoz eraikitzen hasiko direlako, pozik gaude, baina garbi gera bedi: Narbonak iragarri dituen 27 milioi euroko inbertsio hori ez da Gabon sari edo Gabon opari gisa ulertu behar, Gipuzkoako saneamenduarekin aspalditik duten zorra kitatzeko bidean urrats txiki gisa baizik.

    Juan Mari Beldarrain. Eguzkiko kidea


    Partekatu - Compartelo