Albistea

  • Irabazi handieneko enpresek kutsatzen dute gehien

    2008-07-04
    Partekatu - Compartelo

    berria 2008.07.05 Euskal Herriko enpresa kutsatzaileek asko kutsatzen jarraitzen dute: airea, lurra eta ura. Ia 200 enpresak gainditu zuten 2006. urtean Europako Batasunak ezarritako kutsaduraren muga, berriki argitaratu dituzten E-PRTR inbentarioko datuen arabera.

    contaminacioNO2chimeneas13

    Inbentario hori betetzera behartzen ditu estatu guztiak Europako Batasunak, herritarrei jakinarazteko zein diren kutsatzen duten enpresak, eta zenbatean gainditzen duten kutsaduraren muga. 2006ko datuetan Euskal Herriko enpresarik kutsatzailenak ageri dira, besteak beste, Muskizko Petronorreko findegia, Pasaiako zentral termikoa, Donostia eta Arrigorriagako porlan fabrikak, Castejongo zentral termikoak, paper fabrikak, enpresa kimikoak… Hots, irabazi handieneko enpresak.

    Europako kutsadura muga gainditu zuten 2006an Arabako 17 enpresak, Bizkaiko 62k, Nafarroako 67k, Gipuzkoako 40k eta Lapurdiko zortzik.

    Ekologistak Martxan erakundeak gogor kritikatu ditu enpresa kutsatzaileak eta administrazioa: «Behin eta berriro salatu duguna berretsi dute datuek: industria jatorriko kutsadurak etengabe handitzen jarraitzen du (bereziki airekoa), eta euskal enpresen zati handi batek ezarritako mugen gaindi kutsatzen du», esan du Carlos Alonso Ekologistak Martxaneko ordezkariak.

    Ekologisten irudiko, E-PRTR inbentarioak badakar aurrerapen bat: herritarren esku informazio gehiago jartzen dela kutsadurari buruz. Alabaina, inbentarioa osatzeko moduari buruz zalantza ere azaldu dute: «Datuen fidagarritasuna zalantzazkoa da, zeren datuak enpresek beraiek eman dituzte kasu gehienetan, administrazioaren kontrasterik gabe, eta are gutxiago, erakunde independente batek ikuskatu gabe».

    Ekologistak Martxan taldeak zorrotz hartu du administrazioa, eta leporatu dio legea betearaztek borondate politikorik ez izatea. «Larriena da enpresak ekonomikoki indartsuenek gainditzen dituztela gehien eta nabarmenen kutsadura mugak». Besteak beste, Zabalgarbi errauste plantaren eta Petronorren kasuak nabarmendu dute ekologistek: «Petronorren kasua azpimarratzekoa da. Urteak funtzionamendu sasi-klandestinoan eman ditu, inongo kontrolik gabe. Orain, ingurumen baimen bateratua eman diote planta zaharrentzat, eta koke planta berri bat egiteko, nahiz eta horrek bere kutsadura asko handituko duen».

    Ekologistak Martxanek Jaurlaritzari leporatu dio «ezer egin gabe egiten uztea». «Ez da txosten bakar bat ere zabaltzen arau-hausteengatik, eta ez da isunik jartzen inoiz. Eta, onartutako kutsadura mugak aise gainditzen diren bitartean, industria eredugarria dugula saltzen digute». Besteak beste, azken asteotan ingurumen baimen ugari eman izana salatu du Alonsok.

    «Asmoa ez da fiskalizatzea»

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko iturriek onartu dute airera eta uretara isurtzen den kutsadura ez dela nahi beste hobetu: «Lurzoruaren poluzioak hobera egin du. Urari, aireari, hondakinei eta CO2ko gasei dagokienez, ez da erraza joera zehaztea, batzuetan aurrerapenak atzerapausoekin nahasten direlako; eta, besteetan, behar baino aurrerapen txikiagoa gertatu delako». Nolanahi ere, Jaurlaritzaren ustez, «guztion ahaleginari esker -erakundeak, enpresak eta herritarrak- aurreratzen duguna, gure bizimoduarekin galtzen dugu».

    Hala ere, Ingurumen Sailak gogorarazi du E-PRTR inbentarioaren asmoa ez dela fiskalizatzea, «baizik eta herritarren esku ahalik eta informazio gehien jartzea, gardentasunaren printzipioan sakontzeko asmoz».

    Izan ere, enpresa kutsatzaileak zigortzeko beste modu batzuk badaudela adierazi du Jaurlaritzak: ingurumen legedia, inbentariumak eta ingurumen baimen bateratuak, besteak beste. «Europako Batasunak ezarritako ziurtagiri hau oso baldintza eta muga zorrotzak ipintzen ditu. Eta lortu duten enpresa guztiek -ia 300 gurean- legearen baitan dihardute». Hala, iturri horien arabera, Administrazioaren betebeharra da enpresa horiek guztiek legea betetzen dutela bermatzea.

    Esaterako, orain emandako ingurumen baimen bateratuetan, hainbat enpresari aldaketa batzuk egitea eskatu diete, «gabeziak zuzendu», edota egungo teknologia berrietara egokitzeko: «Emandako epean egingo ez balituzte, berriz, neurriak hartuko lirateke».

    Izan ere, Jaurlaritzaren ustez, kutsatzen duenak ordaintzen du Europako filosofia aspaldi dago indarrean Euskal Herrian. «Esaterako, lurra kutsatzen duenak garbiketaren kostua bere bizkar hartu behar du. Eta, esan gabe doa, legedia hautsi izanagatik asko dira ezarritako isunak eta hartutako neurri administratibo eta judizialak». Hala ere, Jaurlaritzak harago jo nahi duela dio, enpresak jabe daitezen iraunkortasunarekiko konpromisoa «askoz ere errentagarriagoa» dela.

     Ez da txosten bakar bat zabaltzen kutsaduragatik, eta ez da isunik jartzen inoiz»

    CARLOS ALONSO

    Ekologistak Martxan taldeko kidea

    «Xedea da herritarren esku ahalik eta informazio gehien jartzea, ez fiskalizatzea»

    jaurlaritzaKO INGURUMEN SAILA

     Muskizko Petronor, Euskal Herriko CO2 isurlerik handiena

    Euskal Herrian airera CO2 gehien isurtzen duen enpresa Muskizko (Bizkaia) Petronorreko findegia da. 2006an 2.430 milioi tona CO2 isuri zituen findegiak airera, Eusko Jaurlaritzak isuriak kontrolatzen dizkionetik hartutako kopururik handiena, hain zuzen ere. 2001ean 2.060 milioi tona isuri zituen, 2003an 2.120 milioi tona, eta 2005ean 2.170 milioi tona. Europako Batasunak (EB) ezartzen duen legezko muga 100 milioikoa da. Hain zuzen ere, zentral hori polemika iturri izan da azken hilabeteotan, koke planta bat egiteko asmoa duelako, lehendik duenaz gain. CO2 klima aldaketa eta berotegi efektua eragiten duten gasetako bat da, munduko aireko kutsadurarik handiena eragiten duena.

     28,45

    CO2 isuriak. Hego Euskal Herriak 2005ean isuri zuen CO2 kopurua 28,45 milioi tonakoa izan zen. 1990an 19,25 milioi tona isuri zituzten. Sektoreka industriak eta energia sorkuntzak isurien erdiak baino gehiago eragin zituzten; garraioak, aldiz, isurien laurden inguru.

     Bizkaiak kutsatzen du gehien

    Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Bizkaia da airea gehien kutsatzen duen herrialdea. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko datuak hartuta, airera isuritako kutsadura osoaren %75 herrialde horretako enpresek eragin zuten; %19 Gipuzkoako industriak eragin zuen, eta %6 Arabakoak. Ur kutsadurari dagokionez, ordea, Gipuzkoa eta Bizkaia parez dira.

    Osagaien kontrola. Europako Batasunak enpresa kutsatzaileen kontrola egitera behartzen ditu estatuak, eta haien isurtze datuak E-PRTR inbentarioan herritarrei ezagutarazteko. 2001etik 2005era 50 ziren neurtzen zituzten. 2006ko datuetan, ordea, 91 neurtu dira.

    Ingurumen baimen bateratuak

    Europako Batasunak ezartzen duen tramite berria da. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak berriki eman dituzte dozenaka ingurumen baimen, horien artean Euskal Herriko enpresarik kutsatzaileenei… Esaterako, Jaurlaritzari 281 enpresak eskatu zioten ingurumen baimena, eta ia denei eman die.

     


    Partekatu - Compartelo