Albistea

  • G8koen jarrera «patetikoa» gaitzetsi dute

    2008-07-10
    Partekatu - Compartelo

    Ehunka manifestarik protesta egin dute G8ko kideen eta Poliziaren jardunaren aurka Hokkaidon

    «Patetikoa» izan da G8koek izandako jarrera. WWF Naturarentzako Mundu Funtsaren ustez, munduko zortzi herrialde aberatsenek «erantzukizun historikoa» dute berotegi efektuari aurre egiteko. Hokkaidon (Japonia) egindako hiru eguneko bileran gai horri heldu ez izana leporatu die, horregatik, G8koei. «Atmosferan pilatutako CO2 guztitik %68 beraiek sortu dute; horregatik, klima aldaketaren errudun nagusi dira». Kin Carstensen WWFko kidearen ustez, G8koen esku dago berotegi efektuari aurre egitea: «G8koek adarra jo nahi digute klima aldaketaren gainean lortutako akordioa aurrerapauso moduan saltzen digutelarik».

    Bestalde, Greenpeaceren ustez, gas isurketak murrizteko epe laburreko konpromisoak hartzeari uko egin diote Hokkaidon. «Irtenbide bakarra, hori guztia ikusita, Europak bere aldetik ekonomia emergenteei gas isurketak murrizten laguntzea da», azaldu du Daniel Mittler Greenpeaceko kideak.

    Protestak

    Munduko herrialde aberatsenetako buruzagiek atzo arte ostatu hartu zuten hotelaren inguruan egin zuten atzo protesta ehunka manifestarik, Hokkaidon. Toya aintziratik hasi eta hotelera artean egindako martxa baketsua poliziaz inguratuta egin zuten. G8koen eta Poliziak izandako jarreraren aurka manifestatu ziren 400tik gora lagun. «Aukeratu ez ditugun zortzi buruzagik munduan gertatzen denaz erabakiak hartzearen aurka gaude», azaldu du manifestari batek.

    Toyatik hasitako martxan hainbat liskar izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean.


    Partekatu - Compartelo