Aramaion eta Eskoriatzan AHTren lanak isilpean hasi direla salatu dute
2008-07-16
Partekatu - Compartelo
berria. Abiadura handiko trenaren (AHT) lanak hasi dituzte Debagoienako eskualdean, Eskoriatzan (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba), hain justu. Atzo agerraldia egin zuten Debagoienako AHTren aurkako 60 bat lagunek, eta salatu zuten lanak «uda garaia dela aprobetxatuz, jendea lasaiago edo oporretan dagoen ustearekin» hasi dituztela. Hala ere, AHTk duen oposizioa «gero eta handiagoa eta geldiezina» dela nabarmendu zuten.
Burdinbidearen lanak egiteko diru «publiko guztia xahutzea» kritikatu zuten AHTren aurkako kideek. Deba haranean proiektu horrek jarrera «ezkorra» sortzen duela eta, hori kontuan izan gabe, lanak hasi izana gaitzetsi dute, eta AHTk dakarren gizarte eredua «jasangaitza» dela adierazi dute.
Deba haraneko AHTren aurkako kideek elkarretaratzera deitu dute ostiral honetarako, Arrasaten (Gipuzkoa). Obrak gelditu. AHTrik ez! lelopean egingo da protesta ekitaldia, Herriko Plazan, 19:00etan.
LABen protesta ekintza
Elkarretaratzea egin dute LAB sindikatuko ordezkariek Beasain eta Ordizia (Gipuzkoa) artean, inguru horretan AHTren lanak hasi direla salatzeko. LABeko Tolosaldeako eta Goierriko ordezkariek gogor gaitzetsi dituzte Mariaratz aldean hasi diren lanak. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari erantzun diote «gutxi batzuek pentsatutako proiektua» dela AHT, «gutxi batzuen erabilerarako eta guztion artean ordaindu behar duguna».
AHTk ez duela ez komunikazio arazoekin ez garraio arazoekin amaituko adierazi dute sindikatuko ordezkariek. Herritarren eskura egongo den, energia gutxiago gastatuko duen eta ekologikoa izango den trenaren alde egin dute.
Proiektuari buruz eztabaidatzea, herritarrek «demokratikoki» erabaki ahal izatea, eta erabaki hori errespetatzea eskatu du LABek, eta AHTren kontra uztailaren 26an Ordizian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.