Errausketarik gabeko politika partehartzaile eta anitzaren alde
2009-11-19
Partekatu - Compartelo
Eusko jaurlaritzaren eta Diputazioaren isiltasunaren aurrean guri datorkigu hitza eta ekintza, Gipuzkoako Errauzketaren kontrako plataforma deialdi hau luzatu nahi dizuegu. Manifestazioa azaroaren 28an 17etan Donostian, jarraian komunikatua
Sindikatu, alderdi politiko, talde ekologista eta herritarrek azaroaren 28an:
DEMOKRAZIA PARTEHARTZAILEAREN ALDE ETA
ERRAUSKETAREN AURKAKO MANIFESTAZIOA.
Euskal Autonomi Erkidegoko 35000 pertsonek sinatutako Lege Proposamenaren eztabaida ere ukatu izanak, erakusten du zer nolako balioa duen agintean dagoen klase politikoarentzat herritarron iritziak. Aspertuta gaude komunikabideetatik entzuten gizartearen partehartzea bultzatu beharra dagoela ?egun gutxi geroago partehartzeari buruz Arantza Quirogak, Legebiltzarreko Lehendakariak, egindako adierazpenak irainaren mugan daude? , eta gero ordubete baino gutxiagoko bilera batean PSOEk, PPk eta PNVk, eusko-demokraziaren jauntxoek, erabaki zuten 35000 pertsonek aurkezten genuen proposamenak ez zuela eztabaidarik ere merezi. Bitartean Europar Batasunetik, Udal eta beste instituzioetako Agenda 21-etik, beste hainbat foro politikotatik gizarte aktiboa izan behar dugula esaten zaigu; baina berehala errealitate gordinak gezurra agerian uzten du. Oraingoak ere erakusten du klase politikoaren parte handia hipokrita dela, esanahi bikoitzeko hizkera erabiltzen trebea, beti ere herritarrok engainatu nahian; partehartzea saltzen dute baina, ze proiektutan eskatu digute herritarroi iritzia?
Demokrazia hau gaixo kronikoa da. Iritzi desberdinak ezin direnean defendatu, alderdi handien aparatuek eta enpresa handiek erabakitzen dutenari amen esatea beste biderik uzten ez digutenean herritarroi, demokraziak ez ditu ezta itxurak ere zaintzen. Partehartze eskubidea babesten omen duten lege beraiek, partehartzea, erantzuteko aukera ere ukatzen duten mafia politiko-ekonomikoen interesen menpe uzten dutenean, demokrazia kontzeptua bera kakaztuta geratu dela esan nahi du. Gizarteari geratzen zaion irteera bakarra kalean gure amorrua adieraztea denean, eta hau ere muga handiekin, zera esan nahi du: hemen askatasun demokratikoak agintean daudenentzat edo hauekin ados daudenentzat direla soilik.
Esandako guztiagatik, azaroaren 28an Donostian egingo den manifestazioan, berriro eskatuko dugu Hondakinen Euskal Legea, existitzen ez dena, atea itxi diguten alderdietako batek ere beharrezkotzat jotzen duena. Lege hau ingurugiro- eta osasun-irizpideetan oinarrituko da, beraz errausketarik gabekoa izango da, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak defendatzen duten interes ekonomizista soilaren aurrean. Hondakinen kudeaketa osasungarria defendatzen jarraituko dugu, bilketa selektibo intentsiboa, materia organikoa barne, sustatuko duena (hau 2001ez geroztik derrigorrezkoa da, baina ez da betetzen); atez ateko bilketa defendatuko dugu, honen bidez hondakinen %80tik gora selektiboki biltzen baitira, beste edozein sistemen bidez %35era nekez iristen den bitartean.
Baina oraingoan kalera irtengo gara euskal herritarrok kudeaketa publikoan izan behar dugun partehartzea aldarrikatzera, multinazional politiko eta ekonomikoak ofizialki ezarritako bideetatik aldentzen diren aukera desberdinak defendatzeko dugun eskubidearen alde, demokrazia partehartzailea, anitza eta irekiaren alde, gaur egungo “aprobetxagiak” politikatik aldenduak izan daitezen. “Herritarrok, egunerokoa dugun zaborraren sortzearen eta honen trataeraren inguruan informatuta egoteko eta partehartzeko eskubide osoa dugu, beti ere etorkizun osasungarriago eta jasangarriagoa izateko helburuarekin.”
ERRAUSKETARIK GABEKO POLITIKA PARTEHARTZAILE ETA ANITZAREN ALDE.