Albistea

  • Manifestazio deitu dute AHT egitasmoaren aurka Hendaian

    2010-01-01
    Partekatu - Compartelo

    Cade elkarteak eta AHT Gelditu! Elkarlanak euskal jendarteari dei egin diote «AHTren kontra, pentsa dezan eta mobiliza dadin». Horretarako, aukera «ezin hobea dagoela» esan dute urtarrilaren 23rako deitu duten manifestazioan.

    AHT LOGO MARGENES

    Kazeta.info agerkariak azaldu duenez, Cade elkarteak eta AHT Gelditu! Elkarlanak Hendaia eta Irun lotuko duen manifestazioa deitu dute urtarrilaren 23rako AHT egitasmoaren aurka.

    AHT Gelditu! Elkarlanak urteak daramatza Euskal Herrian inoiz egin nahi izan den azpiegitura «handi eta xahutzaileena» gelditu nahian eta garraio eta gizarte ereduari buruzko herri eztabaida ireki eta erreala eskatzen, prentsa oharrean azaldu duenez. «Urte hauetan, argi utzi dugu azpiegitura honi ezetz esatea azaleko arrazoietan baino, argudio sendoetan oinarritzen dela, nahiz eta AHTren bultzatzaileek beren makinaria guztia erabili duten ezezko hutsean dihardugun irudikeria sortzeko», gaineratu du.

    Estatu espainoleko aurrekontu orokorretan gainerako sailetan murrizketak izan arren, azpiegituretarako gastu publikoa «gero eta handiagoa» dela adierazi du. «Azpiegiturek gastu publikoa handitua ikusi dute beraz, AHTren aurreikuspenak batere aldatu gabe». Lakuako Gobernuak eta ADIFek, datorren urtean, «468 milioi xahutzea» aurreikusi dute.

    Bestalde, Iruñeko Gobernuak, «obraren txostenak idazteko 5 milioi baino gehiago gastatzen dituen bitartean», Estatu espainolari aurrekontu orokorretan diru kantitate bat aurreratzeko eskatu diola jakinarazi du, 2011rako «Nafar Korridorea» martxan jartzeko.

    Ipar Euskal Herrian, Cade elkarteak irudikatzen du AHT berriaren aurkako borroka. Azken hamar urtetan proiektua beharrezkoa ez zela, eta diru xahutze eta hondamendia baizik ez zituela ekarriko zuela oharrarazi du. Denbora pasa ahala, herritarren sostengua handitu da.

    Horren adierazle, taldeak antolatu dituen herri galdeketak dira. Heldu den martxoan izanen diren eskualde bozetan “AHT berria sostengatzen duten hautagaitzak” boikoteatzeko deitu du elkarteak. Hortaz gain, erreferendum berriak antolatuko dituzte.


    Partekatu - Compartelo