Albistea

  • Iruñeko zuhaiztien aldeko Manifestua

    2010-04-10
    Partekatu - Compartelo

    Iruñeak zuhaitza behar du, Bizia bera bermatzeko osagaia baita. Zuhaitza bere osotasunean garatu beharko litzateke, hark ematen digun guztia bere potentzialtasun osoan baliatuta; eta horretarako, jakina, behar bezalako espazioa eta behar bezalako baldintzak izan beharko lituzke eskura.

    Gure hiriko Zuhaizti-sistema oinarrizko sistema bat da, eta gure hiriko kudeatzaileek halaxe aintzat hartu, planifikatu eta kudeatu beharko lukete; ez da halakorik gertatzen, ordea. Hiriko Zuhaitza lagungarria zaigu Kultura sustraitzeko eta auzokideon bizigarritasun-baldintzak hobetzeko; eta bai kultura bai bizigarritasuna Bizi Kalitatearen berme dira. Era berean, lagungarria zaigu besteak beste CO2 isurpenak murrizteko, berotegi-efektua eragiten baitute. Zoritxarrez, Iruñeko Udalak behin eta berriz kalte egiten die zuhaiztiei eta kalte ere zuhaiztien habitatei. Hori horrela, hirian gauzatzen den proiektu eta jarduketa orok, txiki-txikia izanda ere, ehunka zuhaitz heldu eta osasuntsu desagerrarazten ditu. Jarduketa basation ondorioz, gainera, desagertu egin dira ia betirako Argaren ibaiertzean oraindik ere gelditzen ziren natur ingurune batzuk. Manifestu hau sinatu dugunok gure kezka agertzeaz gain, Iruñeko Udalari exijitu nahi diogu errotik alda dezala hiriko landaretza-eremuen gainean darabilen jokamolde kaltegarria. Horrenbestez, hauxe eskatzen dugu: 1.- Gure hirian dauzkagun habitat natural gutxi horiek errespetatzea. 2.- Hiriko zuhaiztiak eta landaretza-eremuak errespetatzea, bai eta halako eremuak kalitatez eta kantitatez handitzea ere; izan ere, gure hiriak, 2008an, 1.137.711 tona CO2 sortu zituen, eta hori orekatzeko, 126 milioi zuhaitz behar ditugu. 3.- Hiriko zuhaiztiak babesteko Udal Ordenantza bat eskatzen dugu, zuhaiztiak izatea bermatzeko, zuhaitzak haztea ziurtatzeko eta, era berean, inausteak eta bestelako jarduketa kaltegarriak mugatzeko. Zuhaiztiak ez baitira hiriko ekipamendu gisa hartu behar. 4.- Frantziako Portaletik ? Zamargileak – Larrainako aldapa bitarteko Harresi-ezpondetan moztutako guztia ahal den neurrian leheneratzea. 5.- Hiriko zuhaiztien gaineko jarduketa orotan Udalaren Lorategi Departamentuaren Aholkularitza aintzat hartzea; ez baita halakorik egiten. 6.- Hiriko Kontserbazio alorreko zinegotzi Ignacio Polok kargua uztea edo, bestela, huraxe kargugabetzea, Harresietako ezpondetako zuhaitz-mozketa basatiak agindu izanagatik eta, era berean, moztutako zuhaitz kopuruari buruz eta zuhaitzon osasun egoerari buruz herritarrei gezurra esateagatik. 7.- Gure hirian zuhaitzak moztea dakarren proiektu ororen gaineko moratoria ezartzea, azken urteotan eragin zaizkion kalteetatik ahal den neurrian senda dadin.


    Partekatu - Compartelo