Askapenak Internazionalista eguna antolatu du larunbaterako
2010-10-13
Partekatu - Compartelo
Gernika-Lumon egingo ditu ekitaldi gehienak, “Hego Amerikako herrien bigarren eta benetako independentzia baten alde”.
Erasoen aurrean internazionalismoa aurrera!”. Hori aldarrikatuz ospatuko du larunbat honetan Askapena erakundeak Internazionalista eguna Gernika-Lumon. Irailaren 28an Espainiako Auzitegi Nazionalak bere aurka agindutako polizia operazioa gogoan du eta, “atxilotuen askatasuna exijitzeaz gain, lan internazionalistan jarraitzeko kemena eta irmotasuna” agertu du gaur, Bilbon emandako prentsaurrekoan. Irailaren 30etik kartzelan dauzkate Walter Wendelin, Haritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez Askapenako kideak. Pablo Ruz epaileak Ruben Sanchezi hamar mila euroko bermea jarri zion eta Itsaso Lekuonari bost mila eurokoa. Atzo Frantziako Poliziak Uberka Bravo atzeman zuen Hendaian. Denei “ETAren nazioarteko frontea” osatzea leporatzen die epaileak. “Operazio horren izaera faxista nabarmendu nahi dugu. Herrion elkartasuna zanpatu nahi dute, Euskal Herriak bizi duen egungo egoera zapuztu. Herri mugimenduen aurkako erasoa da”, dio Askapenak. Hego Amerikako herriek independentzia lortu zuteneko 200. urteurrena dela-eta “bigarren eta benetako independentzia baten aldeko aldarria” egingo du erakunde internazionalistak larunbatean. “Itsasoaren bestaldeko herrientzat egiazko askatasun aldarria burutu nahi genuke, jatorrizko herrien zanpaketarik gabe, eta multinazional zein oligarkien mendekotasunik gabea, benetako independentziaren aldarria, burujabea eta askea”. Egitaraua – 11:00. Ziortza Bolibarren Simon Bolivarri omenaldia egingo dio Askapenak, eta ordu berean Gernikako merkatu plazan gune kulturala zabalduko du: haurrentzat jolasak, graffiti tailerrak, eragileen postuak – 14:00: Herri bazkaria azoka plazan. Ondoren, Hegoaize taldearekin kalejira kaleetan. – 19:00. Ekitaldi politikoa Gernikako pasealekuan. – 21:00. Kontzertuak Gernikako pasealekuan: Siroka, Zahil, Stupenda Jones eta Itziarren Semeak taldeak. Gaztetxean gune internazionalista eta DJ Bull.