Albistea

  • Gladys del Estali omenaldia, hil zuteneko 30. urtemugan

    2011-06-01
    Partekatu - Compartelo

    Ostiralean, ekainak 3, José Martínez Salas goardia zibilak, Tuteran, Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuela 32 urte beteko dira. Urtero bezala, EGUZKIk ez du inolaz ere urtemuga

    GLA-3-2011

    oharkabean pasatzen uzteko asmorik. Horregatik, ohiko omenaldia antolatu du:

     

    larunbatean, ekainaren 4an, arratsaldeko 6etan, Gladys Enea parkean.

     

    32 urte geroago, zergatik gogoratu Gladysen heriotza edo, hobeto esan, bizitza?

     

    Gure alaba, gure laguna, gure burkidea izan zelako eta, ondorioz, ez dugulako ez hogeita hamabi urte geroago ez inoiz ahaztuko; nola hil zuten ere ahaztuko ez dugun bezala. Baina baita Gladysek arrazoi zuela gaur eta hemen gogoratzea guztiz beharrezkoa iruditzen zaigulako ere. Edo, beste modu batean esanda, 1979ko ekainaren 3 zorigaiztoko hartan Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiak bizi-bizi daudelako.

    Egun hartan, nuklearizazioaren kontrako ekintzak egiteko deialdi bat zegoen, mundu mailakoa. Euskal Herriko antinuklearrek deialdi horri erantzun zioten Tuteran hainbat ekintza antolatzen. Izan ere, Tuterakoa zen une hartan Euskal Herria mehatxatzen zuten lau zentral proiektuetatik bat. Beste hirurak Debakoa, Ispasterkoa eta Lemoizkoa ziren.

    Asko dira, eta era askotakoak, nuklearizazioari aurre egiteko arrazoiak, baina bada oinarri-oinarrizko bat: pertsonentzat zein ingurugiroarentzat neurriz gaineko arriskua da eta, ondorioz, onartezina. Izan ere, Gladys egun hartan Tuterara eraman zuen mundu mailako deialdi hura Three Mile Islandeko zentral iparraperikarrean urte hartan bertan izandako istripua salatzeko egin zen. Zoritxarrez, Fukushiman gertatutakoak agerian utzi du zein puntutaraino zuen Gladysek arrazoi, Txernobilek lehen ere agerian utzi zuen bezalaxe. Gogora dezagun, bide batez, Txernobilgo istripuaren 25. urtemuga bete berri dela-eta, hainbat informazio zabaldu direla eta, horien arabera, Ukraniako zentral hartan, eta haren inguru zabalean, egoerak penagarria ez ezik oso arriskutsua ere izaten jarraitzen duela.

    Fukushiman eta Txernobilen zer geratatu den ikusita, Euskal Herriko nuklearizazioa sutsuki defendatu zuten asko (baita proiektu haiek egin ezean azak jan beharko genituzkeela esaten zutenetako asko ere) poztu dira, disimuluan, baina, zentral haiek aurrera atera ez zirelako. Eta ez ziren aurrera atera Gladysi eta Gladys bezalako beste hainbati esker.

    Hogeita hamabi urte geroago, egoera bitxia da: herri borrokari esker, Euskal Herriak energia nuklearrari atea itxi zion; alabaina, energia hori leihotik sartzen zaigu. Horra Garoñako zentrala. Burgosen dago, bai, baina Arabatik sei bat kilometrora. Estatu espainolean martxan den zentralik zaharrena da. PSOEko Gobernuak ixteko konpromisoa hartu zuen eta itxiko duela ere esan du. Ixte data, ordea, legealdia bukatu ondoren ezarri du. Horrek, alde batetik, zentralaren hustiapen-baimena de facto luzatzea ekarri du eta, bestetik, legealdia bukatu ondoren zentrala benetan itxiko den zalantza hauspotu du. Beraz, gogor lan egin beharra dago Garoñako zentrala ixteko erabakia atzeraezina izan dadin. Fukushima edo Txernobil berriei bidea itxi egin behar zaie.

    Ikusten duzuenez, guk ez dugu Gladys gurtzen santu bat balitz bezala. Hori bai, guk, hogeita hamabi urte geroago ere, haren memoriari eusten diogu, haren borroka ez delako iraganeko kontua, oraingo kontua baizik.

     

    EGUZKI

                                     2011ko ekainean

    TF 688 68 13 67       688 66 25 32

    http://eguzkidonostia.blogspot.com


    Partekatu - Compartelo