Garoña 2013an ixtea agintzen duen ministerio aginduari babesa ematen dion Audientzia Nazionalaren sententziaren aurrean, Egukik zera dio: Garoña itxi orain!
2011-07-15
Partekatu - Compartelo
Espainiako Audientzia Nazionalak gaur ezagutzera eman duen sententziak Garoña 2013an ixteko aginduaren alde egiten du, eta Espainiako Gobernuak
duela 7 urte egindako hauteskunde promesa hau betetzeko izan litzakeen traba legalak gainditzen ditu.
Notizia ona dela uste badugu ere (itxierarako pauso bat gehiago dela iruditzen baitzaigu), Eguzkikooi ez zaigu nahikoa iruditzen zentral nuklearra 2013an ixtea, arrazoi hauengatik:
– Batetik, erabakia 2013ra atzeratuta, erabakia beste legegintzaldi baterako uzten da, eta horrela ez du ziurtatzen Garoña itxiko denik. Beraz, Zapaterok ez du bere hauteskunde promesa beteko.
– Garoñaren itxiera dekretatzen duen Ministerio Agindua, maila berdineko edota handiagoko beste batek – lege batek, adibidez – atzera bota lezake. Eta Raxoik argitu du bera botera heltzen bada nuklearrek martxan jarraituko dutela.
– Gainera, 40 urtetik gorako zentral batek ez digu ondo funtzionatuko duen ziurtasunik ematen. Zentralak hamaika akats dauzka hozte sisteman, suteen aurreikuste sisteman, kontrol gelaren bakartzean (azken biak CSNk ere onartu dituen akatsak). Garoña itxi egin behar da zaharra delako.
– Azkenik, zera galdetzen dugu: Zer egingo dute Garoñaren estres testarekin? Egiten ez bada, izango da eurek ere badakitelako ez dutela gaindituko. Eta gainditzen badute, Garoñaren neurrira egindako test bat delako izango da. Gogora dezagun estres testak EBtik proposatu direla, zentralek segurtasun estandar teknikoak betetzen dituzten ziurtatzeko, eta, esan dugun bezala, Garoñak ez ditu betetzen, CSNk aitortzen duen modura.
Beste arrazoi bat ere gehitu nahiko genuke: Espainiako estatuko biztanleak energia nuklearraren kontra daude. Horrela erakutsi du maiatzean CISek egin duen neurketak. Energia nuklearrari buruz galdetuta, eta aurretik egindako beste iritzi inkesta batzuetan bezala, nuklearren aurkako iritzia sendo mantentzen da eta gehiengoaren babesa dauka. Galdetutakoen %60ak antinuklearra dela dio, eta %61ak ez du nahi zentral berririk eraikitzerik. Gainera, gehienek uste dute nuklearren onurek ez dituztela konpentsatzen hauen arriskuak.
Beraz, eskatzen dugu Garoña oraintxe ixteko, 2013ko ustezko itxieraren zain egon barik. Erabaki hau hartzeko arrazoi asko daude: zaharra delako, arriskutsua delako, ekonomikoki amortizatuta dagoelako, herritarren gehiengoak eskatzen duelako eta hauteskunde promesa bat delako. Zapatero, bete ezazu zeure hitza