Eguzkiren iritzia supersurra martxan jartzearen inguruan
2011-09-08
Partekatu - Compartelo
Asteartean, hilak 6, Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen lehenengo fasearen, Bilboko Larraskitu eta Peñascal auzoak eta Trapagaran lotzen dituena, inaugurazio ofiziala izan zen.
Bertara gerturatu ziren agintari publikoek, Itziar Garmendia Lan eta Garraio diputatua buru zutela, proiektu honen ustezko onurak gogoratu zizkiguten. Izan ere, errepide honek A-8an Bilboaldean egunero ematen diren auto pilaketak arinduko omen ditu. Sail honek egin duen aurreikuspenaren arabera, egunero A-8a erabiltzen duten 100.000 ibilgailuetako 23.700 hartuko baitu saihesbideak: 9.400 kamioi eta 14.300 auto.
Baina, ez dakigu benetan, aurreikuspen hau egiterako orduan eta proiektua goraipatzerako orduan honek dituen alderdi negatiboak kontuan hartu dituzten, esate baterako:
1. Supersur-rak ibilbide luzeko zirkulazioa hartzea du helburu baina, A-8ko erabiltzaileen %94ak errepide hau udalerri batetik bestera mugitzeko edota Metropoli-area abiapuntua eta amaiera duten desplazamenduetarako erabiltzen du. Beraz, autobide honek ibilgailuen mugimenduan izango duen eragina oso txikia izango da.
2. A-8aren arazoak hiriguneetako sarbideetan ematen dira. Beraz, errepide berri hau hartuta aurreztu dezakegun denbora hirietan sartzerakoan galduko dugu.
3. Bidesaria. Erabiltzaileek errepide hau erabiltzeko ordaindu beharko dute. Lanegunetan, ibilgailu arinek 1,08 euro ordaindu beharko dituzte tarte osoa (17.8 Km) egiteagatik.
4. Ibilgailu astunak. ibilgailu astunek eta salgai arriskutsuek ezingo dute A-8a erabili Bilbo inguruan: Kadaguako korridorearekiko lotunetik Larraskituko lotunera doan tartean eragingo du debekuak. Beraz, kamioiek bi aukera izango dituzte: Supersurra erabili, bidesaria ordainduz noski ala Txorierriko korridorea hartu hainbat kilometro gehiago eginez. Honek azken finean zer esan nahi du, kamioak saihesbide honetatik mugitzera behartuko dituztela, lanegun batetan 6,74 euroko gastua ekarriko diena.
Baina…garraiolariek kostu berri honi aurre egin ahal izango dute? Bidesari desberdinak, erregaiaren prezioaren etengabeko igoera eta errepideen erabileraren ondorioz sortutako bestelako zergak kontuan hartuta.
Neurri honek gainera, garraio-kostua igotzea eragingo du eta hau salgaiek helmugan izango duten prezioen igoeran islatuko da. Hau da, honek hiritarren poltsikoetan eragin zuzena izango du.
5. Inpaktuak ingurune fisikoan
Zonalde honek erliebe malkartsua du eta ondorioz, tarte hau egiteak ikaragarrizko kalteak sortu ditu ingurune naturalean. Tarte honen 17,8 Km-etan 6 zubibide eta 5 tunel daude.
Proiektu honek natura-balio handiko zonaldeetan kalteak eragin ditu, adibidez: Barakaldoko Errekatxo auzoa, 200 metroko luzera eta bere punturik garaienean 32 metroko altuera daukan zubibidea zeharkatzen du, landa-ingurune hau erabat kaltetuz.
Goragoko maila batetan, egungo Euskal Herriko garraio politikak ingurumen-inpaktu handiak eragiten ari ditu. Izan ere, 1990-2002 tartean berotegi-efektua sortzen duten gasen isurpena %77 igo da, Kioto-ko Protokoloak gure lurralderako onartzen duena baino %500 gehiago.
Alderdi negatibo hauez gain, saihesbideak eta bidesaridun errepideak ezartzea porrota izan denaren adibide batzuk aipatzekoak dira:
Artzandako Tunelak: gaur egungo erabilera maila agintariek egindako aurreikuspenaren %50-a baino txikiagoa da.
Madril: Lehenengo M30 eraiki zuten ondoren, M40, M45, M50 eta gaur egun M60-a egitearen proiektua dago, hau dena hogei urte baino gutxiagoko denbora tartean, eta pilaketak oraindik ematen dira.
Orain arte azaldutako oinarritzat hartuta, ondorengo galderak egiten dizkiogu geure buruari:
Proiektua bukatu ezkero (Osora 32 Km), bidesariaren prezioaren igoera emango da?
Nondik lortuko dute errepide hau egiteko, momentuz 900 miloi euro izan dira, eta mantentzeko beharrezkoa den dirua?
Agintariek kontuan hartu dute Supersur-rari eta A-8-ari paraleloki joango den Hegoaldeko Tren Saihesbidea?
Instituzio desberdinetako estatistikoek azaldu dezatela, zeintzuk dira maneiatzen dituzten datuak eta jarraitzen dituzten irizpideak helburu berbera (A-8-a bere Bizkaiko tartean arintzea) duten 3 obra paralelo egiteko.
Benetan badago mugikortasuneko lurralde plana ala obra hau, diru publikoaren xahutzea interes pribatuen alde eta baliabide naturalen suntsiketan oinarrituta dagoen politika ekonomikoaren beste adibide bat baino ez da?
Orain, behin sarraskia egina dagoela, instituzioek zonalde hau berriro kaltetuko duen AHT-a eraikitzea benetan beharrezkoa dela uste dute?
Honengatik guztiagatik, Eguzkik errepide honen hurrengo fasearen obrak gelditzea eta jadanik egindakoa doakoa izatea eskatzen du.