Galindo ibaiaren ertzean, Sestaotik gertuen dagoen zonaldean, Galindoko Araztegiaren parean hain zuzen ere, iragarkiak jartzeko hainbat panel daude.
Langile talde bat iragarkiak aldetzeaz arduratzen da. Arazoa zera da, kartelak aldatzerakoan, zaharrak han bertan, ibaiertzean, uzteko joera daukatela zonaldea bai paisaia eta baita ingurumenaren aldetik erabat kaltetuz.
Paper zati hauek, izugarrizko begi-inpaktua sortzen dute eta zonaldea ahaztuta dagoela ematen du. Baina honetaz gain, kartelek tinta daukate, hau oso kutsakorra da hidrokarburoak, esterrak, erretxinak etab. bezalako konposatuak ditu eta. Kutsatzaile hauek bi bidetik uretara erraz asko hel daitezke: zuzen zuzenean, kartelak ibaira jauzi ezkero eta zeharka, euria egiterakoan, uretan disolbatuta.
EGUZKIk honako galdera hauek egiten dizkio bere buruari:
1. Gauza bera gertatuko litzateke erdialdeko auzo batetan?
2. Gure ibaia edozein motatako hondakinen biltokia al da?
3. Udaletxeek benetan ba al dakite nola kudeatzen diren gure udalerrien sarreretan kokatuta dauden iragarki-panelak?
4. Ez al dira konturatzen honen moduko erasoek gure fauna eta flora kaltetu dezaketela?
EGUZKI Talde Ekologistak langileen jarrera ezkor hau jakitera eman nahi du eta instituzio publikoei eta zonaldearen arduradunak diren udaletxeei (Barakaldo eta Sestao) arazo honetaz arduratzeko eskatzen dio. Kasu honetan, helburua bikoitza da; instituzioek langileei kudeaketa ez-egokia egiten ari direla esan behar die eta lana modu egokian nola egin behar duten azaldu, bide batez ibaiertzean oraindik ere egon daitezkeen paper zatiak kentzeko eskatuz.