Bide-sarietan, hiru edo hiru pertsona baino gehiago garraiatzen dituzten autoentzako deskontuak proposatu ditu Eguzkik
2012-02-13
Partekatu - Compartelo
Gipuzkoako errepideak finantziatzeko modurik egokiena zein den aztertzeko Batzar Nagusiek eratu duten lan-taldea herritarron parte hartzeari ireki zaiola aprobetxatuz, bertako presidente Lore Suarez
PSEko batzarkideari gutuna bidali dio Eguzkik, zera proposatuz:
Azkenean hautatutako sistema bide-sari, biñeta edo beste edozein dela ere, hiru edo hiru pertsona baino gehiago garraiatzen dituzten autoentzako deskontu edo hobariak kontuan izatea.
Neurri honen bidez, eta modu apalean besterik ez bada ere, auto pribatuen erabilera arduratsua sarituko litzateke, lanera joateko autoa konpartitzea eta antzeko praktikak bultzatuz.
Gipuzkoa ez litzateke alor honetan aitzindaria izango. Izan ere, beste lekuetan horrelako deskontuak egiten dituzte dagoeneko, esaterako, Bartzelona inguruko autopistetan.
Eguzkikook badakigu lan-talde horrek diru gehiago nola bildu aztertzea baino ez duela helburu.
Izan ere, Gipuzkoan azken hamarkadotan egin den errepide politika ez da iraunkorra izan, ez ingurumenari dagokionez, ezta finantziazioari dagokionez ere, eta azken hori are nabarmenago geratzen ari da orain, krisi garaian. Foru Aldundiak Bidegiren 900 milioi euroko zorrari aurre egin behar dio; atera kontuak. Eta, esan bezala, Batzar Nagusietan eratu den talde horrek ez du beste helbururik.
Dena dela, eta hori horrela izanda ere, Eguzkikoon ustez, aukera aprobetxatu egin behar da autoen erabilpen arduratsuan eragiteko, modu apalean bada ere, guk proposatutako bidetik.