Albistea

  • Manifestazioa: Fukushima gehiagorik ez, Garoña itxi orain!

    2012-03-06
    Partekatu - Compartelo

    EGUZKI TALDE EKOLOGISTA ETA ANTINUKLEARRAK Garoñako Zentral Nuklearraren itxiera eskatzeko Euskal Herriko hiriburu desberdinetan asteburu honetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi zaituzte.

    “Garoña, itxi orain!”

    GAROÑA-KO ZENTRAL NUKLEARRA IXTEAREN ALDEKO ADIERAZPENA

     

     

    Hainbat elkarte eta erakunde ekologista, sindikal eta politikok Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatzeko, martxoaren 10ean Bilbon antolatu dugun manifestazioan parte hartzeko deialdia egin nahi dugu.

    kartela_bilbo_mani_fukushima_w

     

    Fukushimako istripuaren urteurrena dela eta, alderdi popularraren gobernuari, Garoñako zentral nuklearra berehala ixteko eskatzen diogu eta arrisku nuklearra salatzeko euskal herritarrak mobilizatzera deitzen ditugu.

     

    Igande honetan, martxoak 11, Japoniako Fukushima-Daiichi-ko lau erreaktore atomiko hondatu zituen istripu larria gertatu zenetik urte bat beteko da. Erreaktore nuklear horiek, hilabetetan zehar isuritako erradiaktibitate kopuru handiek, gizakion osasunean eta ingurugiroan, eragindako kalteak oraindik ere ez dira ondo ezagutzen. Askatutako erradioaktibitatea gutxienez, Txernobil-en askatutakoaren %20a dela egiaztatu dute, eta jakina denez, Txernobilen milaka hildako eta milaka milioi eurotako kalte materialak egon ziren.

     

    Egunotan, Alderdi Popularraren industria ministro berriak, bere alderdiak hartutako erabaki politiko eta sozialekin bat eginez, Garoñako zentral nuklearraren bizitza 2019raino luzatzeko asmoa azaldu du, 2013rako aurreikusita zegoen itxiera bertan behera utziz.

    Gobernu berriak Energia Nuklearraren Kontseiluari, CSNari, zentralaren inguruko txosten bat egiteko agindu zion eta txosten honek Garoñaren bizitza luzatzeko arazorik ez dagoela esaten du, guk txosten honen balioa zalantzatan jartzen dugu kontseilu honen objektibotasun ezagatik. Honekin batera gogorazi nahi dizuegu, 2009ko dekretutik hona egin beharreko berrikuntzen %25a baino gutxiago egin dituztela eta honengatik, gure salaketa bikoitza da; alde batetik, azkenengo hiru urteetan CSNak zentralaren gainean izan duen kontrol eza, eta beste aldetik, zentralaren egoera onargarritzat hartzea, Garoñan akats eta anomalia ugari eman eta ematen ari direnean. Gainera, ez dugu ahaztu behar Europako Batzordeak zentralari egindako estres frogen emaitzak, oraindik aztertzen ari dituela. Hau guztiagatik, CSNari egindako txostena zuzentzeko eskatzen diogu eta bide batez, ebaluazio berri bat egitea eskatzen dugu, oraingo honetan zorrotza eta sakona.

    Beste aldetik, Aznar-ek zuzendutako FAES erakundeak, energiaren alorrean emandako irizpideak jarraituz, eta Iberdrola eta Endesa bezalako enpresa elektriko handien interesak babestu nahian, Soria industria ministroak, hemendik aurrera, energia berriztagarrien aldeko diru laguntzak eteteko agindua eman du. Honek, ingurugiroan ondorio larriak izango ditu eta gainera, energia berriztagarrien sektore ekonomikorako kolpe latza izango da, hurrengo urteetan milaka lanpostu galduko dira eta.

     

    Santa Maria de Garoña zentral nuklearra Burgosen dago, Tobalinako haranean, Euskal Herritik kilometro gutxitara, eta 1971an Francok zabaldu zuen. Garoña, Espainiako zentral nuklear zaharrena da eta lehenengo belaunaldiko zentral nuklearren

    artean, bera da martxan jarraitzen duen bakarra; Vandellós I 1990ean itxi zuten istripu baten ondorioz eta gobernuak Zorita 2006an itxi zuen.

     

    Garoña zabaldu zutenetik, 41 urte pasa dira eta denbora tarte honetan istripu ugari gertatu dira, larrienak hauexek dira: 1975ean isurketa atmosferara, hodei erradiaktiboa sortuz; ur erradioaktiboaren isurketa, 2.880 litro, 1981ean; txatarra erradiaktiboa birziklatzeko biltegi batera eraman zuten 2004ean; erregaian hausturak gertatu ziren eta lehenengo zirkuituan erradioaktibitatea askatu zen 2007an. Honi gehitu behar zaio Ebroko uraren gehiegizkoa beroketa. Azkenik, erreaktorearen ontzia eta lehenengo zirkuitua, kaltetu dituen korrosio prozesuak hainbat pitzadura sortu ditu, arazo hau, 1981ean antzeman zuten lehenengo aldiz eta oraindik ez dute konpondu.

     

    Garoñak, zentral nuklear guztiak bezala, hondakin erradioaktiboak sortzen ditu, eta milaka eta milaka urtetan zehar oso arriskutsuak izaten jarraitzen duten hondakin hauentzako, ez dago konponbide teknikorik. Garoñako hondakinak (haien artean plutonioa, 250.000 urtetako bizitza erradioaktiboa duena) Ingalaterrara eraman izan dira, baina, azken urteetan zentralaren ur-biltegietan gordetzen ari dira.

     

    Gobernu popular berriak, Cuencan, “hilerri nuklear” bat eraikitzeko erabakia hartu berri du, Aldi Baterako Biltegi Bateratua izenaz ezagutzen dena, Estatu Espainiarreko zentral nuklear guztien aktibitate handiko hondakinak bilduko dituena.

     

    Garoñak, bizitza ekonomikoa edo amortizazio garaia orain dela hamabost urte bete zuen eta hori dela eta, oso errentagarria bihurtu da, gaur egungo kostuak soilik, erregai erradioaktiboa, langileen soldatak eta konponketa lan eskasak baitira.

     

    Garoña ez da beharrezkoa, honek sistema elektrikora egiten duen ekarpena, ohiko energiak eta energia berriztagarriak ordezkatzeko gai dira. Bere potentzia, estatu espainiarreko sistema elektrikoaren potentziaren %0.6a baino ez da eta bere ekoizpena, ekoizten den, elektrizitate guztiaren %1.5a baino gutxiago da.

     

    Garoña, Euskal Herritik kilometro gutxitara dago, Gasteizetik 45 Kilometrotara eta Bilbotik 80 kilometrotara. Burgoseko Larrialdi Nuklearretarako Planak, 30 Kilometroko erradioan neurriak hartzea aurreikusten du. Estatu Batuek, 1979eko Harrisburg-eko istripua gertatu eta gero 90 Kilometro hartzen dituzten planak eskatzen dituzte eta Fukushima-ko istripuan 40 Kilometroko erradioa erabili zuten.

    Fukushima-ko lehenengo erreaktorea, Garoñako zentralaren bikia da, teknologia berbera du (BWM, “ura irakitenekoa” bezala ezagutzen dena), antzeko potentzia dauka (460 Mw) eta urte berean zabaldu zuten (1971-an). Nuclenor enpresak, Garoña, Fukushimako zentralaren ahizpa bezala aurkeztu izan du behin baino gehiagotan, eta 2010eko ekainean Fukushimako teknikoak Garoñara etorri zirenean, Nuclenor-ek bisita hori Garoñako zentralaren segurtasunaren frogatzat hartu zuen.

    Fukushimako istripua eta gero, Alemaniak, bere 7 zentral zaharrenak itxi zituen eta hemendik 2021era, 10 zentral gehiago ixteko plana aurkeztu du eta honekin batera, energia berriztagarrien aldeko apustu garbia egin du. Espainiak ordea, Fukushima-ko istriputik ikasi beharrean, zentral nuklearren bizitza berrogei urtetatik gora luzatzeko erabakia hartu du, Garoñaren kasuan 2019ra arte.

     

    Euskal gizarteak eta bere instituzioek (udalak, aldundiak, Eusko Legebiltzarrak), Garoñako zentral nuklearra ixtearen aldeko jarrera azaldu dute behin baino gehiagotan.

     

    Garoña zaharkitutako zentral nuklearra da, ez da beharrezkoa, arriskutsua da eta aspalditik amortizatuta dago.

     

    Hau guztiagatik, Bizkaiko herritar guztiak martxoaren 10ean, larunbata, Garoñaren itxiera eskatzeko manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditugu.

     

    Bilbon, 2012ko martxoa 6ean


    Partekatu - Compartelo