Azken txanpa abian da: Legebiltzarra sinadurez beteko dugu!
2014-09-05
Partekatu - Compartelo
Iturria: Fracking Ez Araba
Bi aste baino ez dira falta. Azken ahalegina baino ez dugu egin behar. Bilatu behar ditugu, sinatu ez duten lagun horiek aurkitu behar ditugu Fracking Ez oihupean, frackinga etetea, debekatzea xede duen eskaera herrikoi eta zabalarekin bat egin dezaten. Irailaren 13an jaso ditugun sinadurak eramango ditugu Legebiltzarrera eta horretarako, noski, egunak merezi duen jai giroa sortuko dugu. Horren aurretik, baina, azken txanpako ahaleginari ekin behar diogu.
Bi aste hauetan hainbat lan egin behar ditugu. Lehenik eta behin, zuen etxean sinadura orriren bat baduzue, edota duen norbait ezagutzen baduzue, ekarri lokalera. Oso garrantzitsua da, guztiz beteta ez badago ere, sinadura bakarra badu ere. Horiek guztiek balio dute eta. Horretarako, ahalik eta azkarren pasatu zaitezte lokaletik (Cercas Bajas kalea, Badaiarekin egiten duen izkinan). Bertako ordutegia astelehenik ostiralera 10.00etatik 14.00ak arte eta 17.00etatik 20.00ak arte da eta larunbatetan 11.00etatik 14.00ak arte.
Bestalde, oraindik sinatu ez duten lagun horiek bilatu behar ditugu. Fracking Ez oihu herrikoiarekin bat egin nahi duen norbait ezagutuz gero, gogoraraziozu oraindik ere garaiz dabilela. Lagun horiek bilatzeko, Gasteiztik zeharreko hiru bizikleta irteera antolatu ditugu. Hurrengo ostegunean, irailaren 4ean, eta hurrengo asteko astearte, 9, eta ostegunean, 11. Egun horietan lokalean elkartuko gara 18.00ak inguru, bizikletekin Gasteizen zehar buelta batzuk emateko. ANIMATU ZAITEZ!
Hala ere, ez ezazue pentsa horrelako ahaleginak ez duela bere saria izango: Irailaren 13an ospakizunerako eguna helduko da eta zuok guztiok gonbidatuta zaudete. Goizeko 11.00etan lokalean elkartuko gara Legebiltzarrera arteko bidea kalejiran egiteko. Bertan, ditugun milaka eta milaka sinadurak utziko dizkiegu. Sinadura asko daude, hortaz, esku asko beharko ditugu bertaratzeko. 12.00ak inguru sinadurak eman ostean, Landatxora arte igoko gara berriz ere kalejiran jaiari hasiera emateko prest. Bertan zain izango ditugu arrakasta ospatzera lagunduko gaituzten pote eta pintxoak. 12.30tan Tik-Tararen kontzertua hasiko da, horrekin bat egun historiko bilakatuko denari soinu banda gehitzeko.