Albistea

  • Tren garraioak nabarmen behera egin duela jakinarazi du CADE-k

    2014-10-17
    Partekatu - Compartelo

    AHT BaionaIturria: Kazeta.eus

    CADE-k agerraldia egin du Baionan Tren Trafikoen Behatokian Frantziako Trenbide Sareak (RFF frantsesez) aurkeztu dituen datuak faltsuak direla agerrarazteko. Abiadura Handiko Trenbidearen eraikuntzaren beharra zehazteko sortu zen Behatokian eman diren datuen kontra, 2006tik 2012ra merkantzietan trafikoaren %50ra beheitutu dela eta orokorrean trenen kopuruak ere behera egin duela jakinarazi dute AHTaren kontrako elkarteek. Datu guztiak Mugerren ostiralean eginen den bilkura publikoan aurkeztuko dituztela ere jakinarazi dute.

    Idoia ERASO
    Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak (CADE frantsesez) azken urteetan egon den tren trafikoaren beherapenaren datuak eman ditu. Prentsaren aitzinean egin duen agerraldiarekin Frantziako Trenbide Sareak (RFF frantsesez) Behatokian eman zituen datuak gezurtatzea da. “Inportantea da aurkeztea emaitza ofizialak gure zentzuan joaten direla, hau da AHTaren beharrik ez dela” azaldu du Pantxoa Teillerrek, kolektiboko kidea den Urdazuri-Bidasoa elkarteko bozeramaileak.

    Zentzu horretan 2006 eta 2012 urteen artean Estatu frantsesean eta Estatu espainiarrean merkantzia garraioa behetitu dela nabarmendu dute CADEko kideek. %50eko jeitsiera izan dela azaldu dute. Lapurditik iragaten den trenen kopuruan ere behera egin duela jakinarazi dute CADEko kideek.

    “Bereziki AHTen kopurua Hendaia eta Baiona artean beheititu egin da, eta aldiz tokiko trenena pixka bat emendatu egin da” baieztatu du Teillerrek.

    Datu ekonomikoei ere so egin diete, Barne Produkto Gordinak ere behera egin duela erakutsiz: “BPGa ez du batere hastapenean eman zituzten datuekin bat egiten”. Zentzu horretan “Rentabilizaziorik ez dagoela erakusten dugu ere”, gaineratu du.

    Datu guzti hauekin trafikoaren beheititzea “ez dela gaurko gauza” erakutsi nahi dutela nabarmendu du Teillerrek, hori dela eta hartu beharreko erabakia argia dela adierazi du: “Deliberoak hartu beharko dira, proiektua geldiarazi beharko da eta badakigu hori erabaki politikoak direla, politikari bakoitzak nahi du bere herrian AHT bat izan”.

    Bilkura publikoa
    Mugerren ostiralean, urriaren 17an, eginen den bilkura publikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Abiadura Handiko Trenbidearen proiektua ez dela bertan behera utzia izan nabarmendu dute eta, horregatik borrokarekin jarraitzea inportantea dela nabarmenduz.

    Haitz Ondoan gelan 20:30etan eginen den bilkura publikoan “trafikoaren datuak publikoki aurkeztuak izanen dira” azaldu du Teillerrek.

    Bordeletik Okzitaniako Tolosara eta Akizera joango lirateken bi trenbideetako inkesta publikoak urriaren 8an abiatu dira eta abenduaren 8ra arte luzatuko dira. Honek AHTaren egitasmoak aurrera darraiela argi uzten duela adierazi dute trenbide berriaren kontrako elkarteetako kideek. “Hasiak dira inkestak, eta Abiadura Handiko Trenbidea Akizeraino etortzen baldin bada Hendaiaraino helduko dela segur da” erran du Urdazuri-Bidasoako kideak.


    Partekatu - Compartelo