Albistea

  • Donostia: 2016 desokupatu: Inkesta Hiritarra eta datozen ekintzak

    2014-11-12
    Partekatu - Compartelo

    donostia ez dago salgai“DONOSTIA EZ DAGO SALGAI! 2016 DESOKUPATU” lelopean Donostian antolaturiko jardunaldiak aurrera doaz, hain zuzen ere 2016ko Europako Kultur Hiriburutzari buruz eta gertakari horrekin indartzen den hiri-ereduari buruz herritarren artean eztabaida eta erantzuna bultzatzeko asmoz. Helburu hori aurrean, datozen egunetan honako kale ekintza, mahainguru eta proiekzio-eztabaidak egingo dira:

     Azaroak 15 Larunbata:

    11’30etan: “2016: INKESTA HIRITARRA”ren aurkezpen ekitaldia,  Bretxako Plazan.

    Egiazki DSS2016EU fundazioak  eginiko inkesta baten parodia izanik, humorezkoa izango da horren aurkezpen ekitaldia. 10 bat minututan erantzun daitezkeen 12 galdera egiten dira, errealitate gordinaren zenbait alderdi plazaratuz. Inkestak bere sarreran azaltzen duenez: “Jakin badakigu, azken hileotan, itxuraz kontraesankorrak eta zapuzgarriak  izan daitezkeen gertaera batzuk haizatu direla 2016ko ospakizunen kudeaketa korapilotsuaren inguruan,  hiritarren artean ulertu ezina eta nahasmena sortu delarik nabarmenki, baita patrozinatzaileen eta kulturaren mezenas eskuzabalen artean ere. Hori dela eta, 2016 Inkesta Hiritar honek zalantzarik gabeko ariketa demoktratiko eta partehartzailea izan nahi du, eta zintzotasun osoarekin erantzuteko dei egiten diegu hiritar guztiei”…  

     

    Azaroak 25 Asteartea:

    19’30etan, Egiako Kultur Etxean: DESMARCAR BARCELONA Marina Garcés-en konferentziaren proiekzioa eta eztabaida:

    Marina Garcésen arabera, turismoa leku bateko baliabide komunak agortu arte ustiatzen dituen “extractivismoa”ren paradigma ekonomikoarekin pareka daiteke. Kontzeptu hori herrialde emergenteetan ezartzen ari den hazkunde-eredu kapitalista aztertzeko eta  salatzeko erabili ohi da, eredu hori beren lurraldeko baliabide energetiko eta naturalen ustiaketa mugagabean oinarritzen delako. Orain, hemengo extractibismoa turismoa balitz? Zein dira turismo masiboak gaurregun planteatzen dituen erronkak?…

    Abenduak 1 Astelehena:

    19’00etan: Mahaingurua Koldo Mitxelena Kulturgunean: “INDUSTRIA TURISTIKOAREN ONDORIOAK EZTABAIDAGAI”. Partehartzaileak: Peio Etxeberri-Aintxart (Iparralde), Mikel Alonso (arkitektoa, Donostia), Xabier Arberas (Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea), Felix Soto (Uliako auzo elkartea).

    Zalantzarik gabe, Donostian eta Euskal herrian turismoa aeagotzea da DSS2016EUren lehentasunezko helburuetako bat. Egin kontu: Donostian turisten kopurua biztanle bakoitzeko Bartzelonakoaren %57koa da dagoeneko… Zein dira, baina, turismo hazkor hori eragiten ari den ondorio sozialak eta ekonomikoak?

    Hortaz, zuen inguruan deialdi honen berri ematea eskatzen dizuegu, eta, bidez batez, 2016ko Europako Kultur Hiriburutzari eta gertakari horrekin indartzen den hiri-ereduari kritika eraikitzeko behar-beharrezkoa den ideien borroka sustazeko, jardunaldietan zuen parte hartzea espero dugu.

    Informazio gehiago: 2016desokupatu.wordpress.com

    Harremanetarako: 2016desokupatu@gmail.com


    Partekatu - Compartelo