Udalak bere baliabideekin biltzen dituen lau frakzioak pisatuta, %70a baino gehiago birziklatzen ari dira Pasaian. Horixe da Pasaiako Udalak atez ateko sistema barruti osora hedatu eta hilabetera ezagutzera eman duen datua.
2012ko maiatzean, Pasaiako Udalbatzak birziklatze tasa %32tik %70era igaro behar zela adostu zuen gehiengo osoz, eta honenbestez, udalak betetzat eman du bere buruari ezarritako helburua, «erraz» gainditu dela nabarmenduz.
Urriaren 2tik ari da udala herri osoko hondakinen lau frakzio sailkatuta jasotzen: organikoa, ontzi arinak, papera eta kartoia eta errefusa. Horiek pisatuta jakin dute %70 baino gehiago birziklatzen ari direla.
Kopuru horri birziklagarri izanda udalak jasotzen ez dituen frakzioen kopuruak gehituta,– beira, olioa, arropa erabilia, edota pilak kasu– birziklatze tasa Pasaian are handiagoa izango dela nabarmendu dute.
109.360 kilo organiko Urrian, Pasaiak 109.360 kilo hondakin organiko bildu dituela jakinarazi du udalak, eta datua aintzat hartzeko modukoa dela esan dute. Izan ere, udalaren iritziz, «ekologikoki bezala ekonomikoki ere errentagarria da errefusa zena organiko bihurtzea». Errefusaren tratamenduak tonako 144 euroko kostua duela jakinarazi du udalak; organikoaren tratamenduak, berriz, erdia balio du, hau da, 72 euro tonako. «Urrian bakarrik, hondakin organikoa bereizi eta birziklatzera eramateagatik udalak ia 7.800 euro aurreztu» dituzela nabarmendu dute.
Zailtasunak aitortu
Azken hilabetean San Pedroko eta Trintxerpeko bilketan akatsak izan direla aitortu du udalak, eta «arazoak konpondu eta sistema hobetzeko lanean tinko» ari direla jakinarazi dute. Zentzu horretan, herritarrei «ulermena» eskatu diete, eta bide batez, sistema berrira ondo moldatu diren herritarrak zoriondu dituzte.
Aitzitik, «nahita gaizki egiten ari diren herritarrei» jarrera aldatzeko eskatu diete. «Poltsak lurrean utzita haiek atez ateko sistemari leporatzen dizkioten akatsak eta kalteak ari dira erreproduzitzen; kaleak zikintzen dituzte eta itsura zatarra ematen diote herriari», kexu da udala.
Edonola ere, datuak eskuan, jarrera hori hartu duten herritarrak «gutxiengoa» direla argi dutela diote. Udalaren arabera, zakar poltsak lurrean utzita, «herrikideak dira kaltetuak», udalak birziklatuz aurreztu dezakeen dirua galdu ez ezik, ohiko bilketaz kanpo egin beharreko lanek, beste hainbat zereginetan atzerapena eragiten dutelako.