New Yorkeko estatuak haustura hidraulikoa galaraziko du bere lurraldean, Andrew Cuomo gobernadoreak iragarri duenez. Hidrokarburoak erauzteko teknika hori osasunerako arriskutsua izan daitekeela dioen txosten batean oinarrituta hartu dute erabakia estatuko agintariek.
“Dauzkagun datu apurrez fidatzen bagara, frackinga ez debekatzea arduragabekeria litzateke”, adierazi du Howard Zucker Osasun sailburuak neurria iragartzeko emandako prentsaurrekoan.
New Yorkek moratoria ezarri zion frackinga erabiltzeari 2008an; orduko hartan argudiatu zuten ikerketa gehiago behar zela teknikaren ondorioez. Azkenean, debekua etorri da. Howard Zuckerrek adierazi du bera ez litzatekeela biziko frackinga baimentzen duen leku batean. “Ez nuke nahi nire umeak horrelako leku batean jolasean aritzea”.
Halaber, Zuckerrek kritikatu du frackingari atea zabaldu dioten estatuetan osasun arloko arduradunek ez dutela erabakitze prozesuan parte hartu.
Prentsaurreko berean, Ingurumen sailburuak, Joseph Martensek, adierazi du frackingaren ondorio kaltegarri potentzialak oso zabalduta daudela, eta onurak, aldiz, zalantzazkoak direla. “Etekin ekonomikoa hasiera batean iragarritakoa baino askoz txikiagoa da”.
New York da haustura hidraulikoa debekatzen duen AEBetako bigarren estatua. Orain arte Vermont zen urrats hori egina zuen bakarra, 2012an.