Donostia-Lasarte bidegorria egiteko lanak hasi dira
2014-12-19
Partekatu - Compartelo
Donostia eta Lasarte lotuko dituen bidegorriko lanak hasi dira, urtea bukatu baino lehen hasi ere, hau da, agindu bezala. Beraz, dena ondo bidean, eta lanak bukatzeko epea sei hilabetekoa dela kontuan izanda, bidegorria Lasarteko sanpedrotan prest ez badago, Añorgako karmenetan egongo da, eta, nolanahi ere, udan.
Albiste bikaina da, ezbairik gabe. Izan ere, bidegorri honi esker, Lasartetik Errekaldera oinez edota bizikletaz joan ahal izango da, eta Errekaldetik barrena Donostiaraino. Eta alderantziz, jakina. Horrela esanda, ez dirudi munta handiko gauza, baina bada, zeren eta, ulertezina dirudien arren, gaur egun Donostia eta Lasarte bitartean ez baitago oinezko eta txirrindularientzako loturarik. Ulertezina diogu, ulertezina baita Lasartetik Errekaldeko tanatoriora joateko (2,5 kilometro) derrigorrez autoa, autobusa edo trena hartu behar izatea. Adibide bat baino ez da. Izan ere, Bigarren Ingurubideak, N-1ak eta kostako errepideak osatzen duten amarauna zeharkatzera ausartzen denak arrisku handia hartzen du, hainbat zirkulazio arau urratzeaz gain.
Bidegorriak inkomunikazio egoera anormal hau gainditzea ahalbidetuko du, eta horrexegatik pauso garrantzitsua dela aitortzen dugu. Dena dela, behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Eguzkiook uste dugu Lasarte eta Donostia arteko komunikazioa normalizatzeak bidegorri batetik haragoko neurriak eskatzen dituela. Zehatz-mehatz, Añorgako bulebarizazioa, printzipioz Lore Tokiko biribilgunera baino iritsiko ez dena, nola edo hala Lasarteraino luzatzeko aukera aztertu egin behar dela uste dugu. Halaber, Lasartek Donostiarekin ez ezik inguruko herri gehienekin ditu oinezko eta txirrindularientzako komunikazio arazoak, batez ere Andoain eta Usurbilekin. Gure ustez, arazo hauek nola konpundu ere aztertu egin behar da.
Informazio osagarria
Bidegorri berriak 1.230 metro luze eta lau zabal izango ditu, hauetatik bi txirrindularientzat eta beste bi oinezkoentzat.
Lore Tokiko biribilgunetik abiatuko da (kontuan izan gaur egun Donostiatik datorren bidegorria gutxi gorabehera hor bukatzen dela, Errekaldeko tren geltokian). Bidegorriak errepidetik beretik egingo ditu lehenengo metroak, karril bat okupatuz, baina berehala sartuko da trenbide zati zahar batetik (Eusko Trenek puntu honetan linea bikoiztu du eta zati zahar bat libre geratu da). Izan ere, bidegorriak trenbideko bi tunel zahar zeharkatu beharko ditu, 80 eta 160 metrokoak, hurrenez hurren. Añorga erreka ere zeharkatuko du. Horretarako, hamar metro luzeko zubitxo bat eraiki beharko da. Bidegorria bukatuko da Lasarte partean, Urbarteko parke aldean, Urbil hipermerkatutik oso gertu. Hain justu, horixe da bidaltzen dugun argazkian ikusten den partea (fondoan ikusten dena Urbil da).
Abuztuan, bidegorriko lanen lizitazioa egin zenean, aurrekontua 900.000 euro ingurukoa zen.
Egia esan, legealdi hau hasi baino lehen ere bazen bidegorri proiektu bat, baina askoz luzeagoa zen (Errekaldetik gora egiten zuen, Belartza aldera), aldapatsuagoa eta garestiagoa. Bidegorri proiektu berriak, berriz, orain dela gutxi libre geratu den trenbide zati zaharra aprobetxatzen du eta, horri esker, laburragoa da, zuzenagoa, erosoagoa (ia ez dago aldaparik) eta askoz merkeagoa. Laburbilduz: eragingarriagoa da, baita egingarriagoa ere.